Emakumeen boleibola


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 27 2006/03 »  Emakumeen boleibola

Erreportajea

Sara Santos

Emakumeen Boleibola Susperraldiaren Zain
Gipuzkoako boleibolaren egoera kezkagarria da. Hernaniko taldea besterik ez dago nagusien mailan, gizonezkoei dagokienez; emakumezkoetan, berriz, Andoaingo Leitzaran eta Donostiako Fortuna Kirol Aukera.

Nerea Souto Fortuna taldeko kapitain eta Gipuzkoako Boleibol Federazioko idazkariak aitortu duenez, «Donostian eta baita Gipuzkoan ere, gutxiengo baten kirola da boleibola; ikusi besterik ez dago nagusietan zenbat talde dauden. Duela urte batzuk osasun ona zuen, baina azken laupabost urteetan gutxi gorabehera, behera egin du nabarmen. Garai batean, indar handia zuen boleibolak gure lurraldean, baina egun Bizkaiak, Bilbok hartu dio lekukoa».

Fortuna eta Leitzaran Emakumezkoetan, Fortuna eta Leitzaran taldeak dira euskal ligan eta Espainia mailako txapelketetan diharduten talde bakarrak. Atlético Sán Sebastián ere aritzen zen garai batean, baina duela hiru bat urte desagertu egin zen talde hau. Izan ere, Soutok dioenez, «jende askok ez du nahi txapelketa seriotan jokatu; horregatik, absolutua izeneko beste maila bat sortu genuen, exijentzia handirik gabe jendeak boleibolen joka zezan; hala, aurten, Fortunak absolutuen bigarren talde bat sortzea lortu du».

Fortuna Kirol Aukera da Donostiako emakumezkoen talde garrantzitsuena, eta Soutok adierazi digunez, «toki askotako jokalariak daude bertako nagusien mailan. Aurten, bi irundar, argentinar bat, italiar bat, gasteiztar bat eta hiruzpalau donostiar gaude. Iaz, berriz, kubatarrek eta errusiarrek ere jokatu zuten taldean». Ez pentsa, ordea, atzerritar horiek profesionalak direnik. «Bai zera! Donostialdean bizi diren kanpotarrak dira, eta boleibolen jokatzera animatu direnak», azpimarratu du Soutok.

Helburua, igoera fasea Euskadiko Lehen Mailan jokatzen du Fortunak, eta urtero igoera faserako sailkapena lortzea du helburu. Iaz ia lortu zuten igoera, eta aurten, zoritxarrez ezin izan dira sailkatu. Andoaingo Leitzaranek ere ez du lortu sailkapena, eta hortaz, Nerea Soutok aipatu duenez, «orain, ligan gure taldea andoaindarraren aurretik sailkatzea da gure helburu nagusia».

Guztira, boleiboleko zazpi talde ditu Fortuna Kirol Aukerak maila ezberdinetan, eta kapitainak nabarmendu duenez, «ikastetxeetan ikasleen aldetik erantzun ona jasotzen dugu, baina ez hainbeste, bertako kirol-koordinatzaileen aldetik. Boleiboleko ikastaroak ematera joaten gara ikastetxeetara, ikasleen interesa pizten dugu, baina eskola horiek amaitzen direnean, koodinatzaile horiek ezer gutxi egiten dute ikasleen interes hori bultzatzeko; ez dute inolako ahaleginik egiten boleiboleko talde bat osatzeko, esate baterako. Eta horrela, oso zaila da kirol hau suspertzen joatea».

Beheko mailatan, hobe Edonola ere, dena ez da txarra eta «aurten –dio Soutok–, alebinetan eta jubenil mailan talde berriak osatzea lortu dugu. Ea zorte pixka batekin horiek aurrera jarraitzen duten». Federazioko idazkariak argi du, «emakumeen boleibola eta oro har kirol hau Gipuzkoan berpiztu nahi bada, diruaz gain, kirol hau goratzeko norbait jarri behar dela. Horri ordaindu egin beharko litzaioke, baina gutxiengo baten kirola denez, nork ordaindu? Ikastetxeetako kirol-koordinatzaileen inplikazio maila eta hedabideen interesa areagotzea ere ezinbestekoa da».