Boleibolean hondartzan


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 27 2006/03 »  Boleibolean hondartzan

Erreportajea

Hondartzan ere, boleibolean

Zurriolako hondartzan aritzen dira gaztetxoak, udan, hondartza-boleibolean.


Areto barruko boleibolaz gain, azken urteotan gero eta indar handiagoa hartzen ari da hondartzako boleibola. Geure artean ere, udan gazte asko ikus daiteke hondarretan kirol hau egiten.

Batez ere udan zale asko erakartzen ari den kirola bihurtu da hondartzako boleibola. Neska-mutil asko ikus ditzakegu hondarretan boleibolean jokatzen garai horretan. Gipuzkoako Boleibol Federazioak ere Donostian urtero antolatzen ditu modalitate honen ikastaroak, eta partaidetzari dagokienez, erantzun ezin hobea dute gazteen aldetik. Kirol honen jatorria finkatzea zaila bada ere, askok diote Kaliforniako hondartzetan sortu zela 1920ko hamarkadan, hondartzako beste hainbat kirol bezala. Beste batzuek Brasilen edota Frantzian ere jaio zela diote.
Espainian, 1980ko hamarkadaren amaieran hasi ziren lehen txapelketa garrantzitsuak antolatzen, eta egun, hainbat lekutan jokatzen da. Hondartzan ez ezik, harezko jokaleku artifizialetan egiten dira partidak; bikoteka egiten dira neurketak, eta ez dago ordezko jokalaririk. Halakoak dira txapelketa ofizialak, baina herrietako lehiaketa askotan lau lagunek beste lauren kontra jokatzen dute maiz.

1970eko hamarkadan, babesleak sartzen hasi ziren hondartzako boleibolean. Lehen diru-sariak ematen hasi ziren txapelketetan, eta pixkanaka profesionalizatzeko bide hartu zuen. 1986an, Boleiboleko Nazioarteko Federazioaren barruan sartu zen, eta 1996. urtetik aurrera, kirol olinpikoa da.

Eseritako boleibola

Boleibolaren beste aldaera bat da eseritako boleibola, baina kasu honetan gutxitu fisikoei zuzendutako modalitatea da. Jokoaren egitura boleibolaren antzekoa da, baina aldaketa handiena jokalarien mugikortasunean datza. Hala, jokalariei, ezintasun grado minimo batzuk eskatzen zaizkie; eserita egon behar dute pelbisarekin lurra ukituz betiere, eta baloia jokatzeko orduan pelbisak gora egiten badu, falta adierazten zaio jokalari horri. Modalitate honetan, kantxa 10 metro luze da eta 6 metroko zabalera du; sarea, berriz, 1,15 metroko altueran dago gizonezkoen kasuan eta 1,05 metrotan, emakumezkoetan.