Esther Lopez boleibol jokalaria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 27 2006/03 »  Esther Lopez boleibol jokalaria

Erreportajea

Esther Lopez Tenerife Marichal Boleiboleko Superligako Jokalari Gipuzkoarra


«Azken bi denboraldietan ez genuen Ligako partidu bat galdu»
Europako jokalari onena izendatua izan da zenbait aldiz Esther Lopez hernaniarra. Superligako Marichal Tenerife talde ahaltsuan jokatzen du.
– Oker ez banago, aurreko denboraldian ez zenuten partida ofizial bakar bat ere galdu. Hala al da?

– Bat bera ere ez, eta horrez gain, azken bi denboraldietan ez genuen partida bakar bat ere galdu Superligan.

– Zuek bai zaretela jokalari galaktikoak eta ez Real Madridekoak!

– Bai, bai, eta gu ez gara inondik ere futbolariak bezainbeste kexatzen; oso gaizki egon behar dugu entrenatzera ez joateko. Emakumeak gizonezkoak baino askoz gogorragoak gara, oro har.

– Eta zer egiten du hernaniar batek Tenerifen, boleibolen jokatzen?

– Hernanin hasi nintzen boleibolen jokatzen 14 urterekin, eta handik pare bat urtera Venta de Bañosera jo genuen lagunarteko txapelketa bat jokatzera. Han, Toledoko talde batek eskaintza egin zidan eurekin jokatzeko, eta bertan geratu nintzen. Ondoren, klub ezberdinetan aritu izan naiz, nire kirol helburuak lortzen saiatu naiz, eta hala, Tenerifera heldu nintzen. Han hasi naiz tituluak lortzen.

– Zu elitean, eta boleibola, Gipuzkoan, hondoa jota. Tamalgarria.

– Pena handia ematen dit. Lehen, maila handia zegoen Gipuzkoan, boleibolak zale asko zituen, baina orain jendea ez da konprometitzen. Umeek ez dute ia aukerarik kirol hau ezagutzeko ere! Boleibolen hasi nintzenean, kadetetan, jubeniletan eta nagusietan genituen taldeak Hernanin; alebineko bi talde entrenatzen nituen... Zaletasun handia zegoen.

– Europako libero onena izendatu zaituzte behin baino gehiagotan. Pentsatzen dut talde askoren eskaintzak jasoko zenituela, ezta?

– Ez da hainbesterako! Harro nago lortu dudan guztiarekin, ez nuen halakorik espero, baina sakrifizio handiarekin lortu dut hori guztia. Lan handia egiteaz gain, zure adiskideak eta senideak urrun uzten dituzu...

– Izan ere, leku askotan jardun duzu boleibolean jokatzen.

– Gasteizen, Toledon, Burgosen, Benidormen, Avilan, Ciudad Realen... eta orain, Tenerifen. Espainiako geografia osoa ezagutzeko gutxi falta zait! (kar, kar)

– Hango klimara ondo ohitu zara ala faltan botatzen duzu Gipuzkoako eguraldi fresko eta euritsua?

– Ez pentsa, hilabete hauetan euri dezente egiten ari da Tenerifen! Baina bai, lau urte daramatzat hemen, eta ohitu naiz jada Tenerifeko klima epelera. Eguberrietan Hernanira bueltatzen naizenean, hotz handia pasatzen dut. Beroa betidanik hotza baino gehaigo gustatu izan zait.

– Zeure burua Tenerifen ikusten duzu boleibola uzten duzunean?

– Penintsula gehiago gustatzen zait; Tenerife oso polita da, baina oporretara joateko bada, hobe.


NOR DA?

Izena: Esther Lopez.
Sorlekua: Hernani.
Edad: 31 urte.
Equipo: Spar Tenerife Marichal.
Postua: liberoa.
Internazionala: 70 bat aldiz.
Palmaresa: azken bi denboralditako Ligako partidu guztiak irabazi zituen bere taldearekin. Tituluak:11 Erregina Kopa; 9 Liga; Europako Kopa (2004).