Kartinga: bat formula txikiak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 27 2006/03 »  Kartinga: bat formula txikiak

Egin ezazu saioa

KARTINGA
Bat Formula txikiak
Txikitatik praktika daitekeen kirola da kartinga. Abiadura sentsazio handia bizi da kart baten barruan, eta horrez gain, automobilismoko pilotua izateko, eskola ezin hobea da.
Berogailu bateko hodiak, hegazkineko gurpilak, belarra mozteko makinako motorra eta hegazkin zahar bateko bolantea. Elementua horiek hartuta egin omen zen lehenbiziko kart-a. Oinarrizko-oinarrizko ibilgailuak ziren hasieran, 50 km/h-ko abiadura juxtu samarrean hartzen zutenak. Ordutik, kart-en bilakaera ikaragarria izan da, eta egun 150 km/h-ko abiadura hartzen dutenak ere badira.

Kartinga ez da kirol zaila, funtsean kart-ak gidatzeak ez duelako inolako sekreturik. Azeleragailua eta balazta bakarrik erabiltzen dira, eta gehienek ez dute aldagailurik. Umeek ere gida dezakete, eta hala, Olaberriako zirkuitu iraunkorrean (Gipuzkoako bakarra), sei urtetik aurrera kart-etan ibiltzeko aukera dago.

Kartingaren erakargarritasun handienetakoa da abiadura sentsazio handia ematen duela. Hain behean gidatzen denez, abiadura sentsazio hori handia da benetan, bihurguneetan batez ere. Kart-ek ez dute esekidurarik eta diferentzialik, eta horrek atzeko bi gurpilak une berean biratzea dakar; horrenbestez, bihurgune bakoitzean –gutxiago edo gehiago– derrapatzea ziurtatuta dago. Kart-en altuera txikia ere ibilgailu hauen beste ezaugarrietako bat da (60 cm, gehienez ere).

Aditu guztiek diote kartingean ibiltzea ezinbestekoa dela automobilismoan aritu nahi dutenentzat. Hori bai, kirol honi buru-belarri heldu nahi dionak argi izan behar du hori, izan ere kirol garestia da. Modelo eta prezio ezberdinetako kart-ak daude; bat erostea eta hori baldintza honetan izatea diru dezente kostatzen da. Kirol hau ezagutu nahi duenak Olaberriako zirkuitura jotzea besterik ez du (Tel.: 943 160862, www.vilarinomotor.com).
Bat Formulako pilotuen haztegia

1950eko hamarkadatik aurrera, kartinga onarpen handia jasotzen hasi zen kirol gisa, eta gidatzeko eskola paregabea zela konturatu ziren asko. Gaur egungo automobilismoaren oinarri garrantzitsuena da kartinga, eta Bat Formulako pilotu asko aritu dira urtetan kartingeko txapelketa garrantzitsuetan: Ayrton Sennna Bat Formulako txapeldun brasildar handia, esaterako, Kartingeko Munduko txapeldunordea izan zen 1979an eta 1980an. Prost, Schumacher, Hakkinen, Barrichello eta Alonso Bat Formulako oraingo txapelduna bera ere kartingean zaildutako auto gidariak izan dira.