Sagrado Corazón - Mundaiz ikastetxea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 27 2006/03 »  Sagrado Corazón - Mundaiz ikastetxea

Ikastetxez ikastetxe

Sagrado Corazón-Mundaiz ikastetxea

Neskak eta mutilak, biak nahastuta, ikastetxeko instalazioetan saskibaloian jokatzen. Sara Santos
Patin-hockeyan aritzeko, ezin aproposagoa
Patin-hockeya lantzen duen Donostiako ikastetxe bakarra da Sagrado Corazón-Mundaiz. Ikaslearen heziketa onarentzat kirola ezinbestekotzat jotzen dute bertan.
720 ikasle daude Sagrado Corazón-Mundaiz ikastetxean, Carlos Maleta da bertako kirol-koordinatzailea, eta berak aipatu digunez, «kopuru horretatik gero eta gehiagok du interesa kirolen batean. Kirola eurentzat zein onuragarria den ikusarazten diegu».

Horren harira, ikasleek kirolarekiko duten inplikazio maila «igotzen» ari dela onartu du. «Dena den, oraindik bidea egiteke dute, baina bai ikasleek bai gurasoek ere. Talde batean gaudela transmititu nahi diegu, konpromiso bat dutela eta hori ere errespetatzen jakin behar dutela». Neska eta mutilen artean bereizketa dagoela nabaritu du Maletak. «Nesken inplikazio maila askoz txikiagoa da, nahiago dituzte bakarkako kirolak, eta alde horretatik, guk ere lan handia egin behar dugu pixkanaka hori aldatzeko».

Bi frontoi estali; hondarrezko futbol-zelai bat; areto-futboleko kantxa bat; saskibaloiko bi kantxa txiki; saskibaloiko kantxa bat eta patin-hockeyko beste bi. Horiek osatzen dituzte Sagrado Corazóneko kirol-instalazioak. «Horrekin batera, piraguan ibiltzeko ontziralekua ere badugu. Ondo samar hornituta gaudela esango nuke, baina hori bai, kiroldegi propio bat izango bagenu... hobe».

30 urteko tradizioa Futbola, eskubaloia, saskibaloia.... Kirol ezagunak lantzen dituzte ikastetxean, baina horrez gain, patin-hockeyak batez ere arrakasta handia du. Maletak dioenez, «Gipuzkoan kirol hori lantzen duen ikastetxe bakarra da geurea; duela 30 bat urte hasi ginen horretan, eta ordutik, asko dira honetan dihardutenak. Beheko mailatan neska-mutilen taldeak daude, baina gehienak, hala ere, mutilak dira». 80 bat lagun aritzen dira honetan, eta txapelketetan lehiatzeko federatutako kluba ere badago. «Heziketa ona emateko –dio Maletak–, kirola tresna egokia da. Talde espirituarekin lantzen saiatzen gara hori, eta barne-harremanak finkatzeko aproposa da». Benjamin, alebin mailatan joko bat bezala planteatzen dute kirola, «eta gure xedea ez da espiritu lehiakorra bultzatzea, laguntasun giroa baizik».

Udako Campusa Eskola orduetatik at, ekitaldi ezberdinetan ere parte hartzen dute. Urtean zehar bizikletan irteerak antolatzen dituzte, eta herri-kirolak sustatzeko ere saiakera egiten dute. «Batzorde bat dugu horretarako», dio Maletak. Gainera, ikasturtea amaitu eta gero ere, uztailean, Udako Campusa antolatzen dute ikasleentzat. «Ohiko kirolak egiteko aukeraz gain, geure ikasleei piraguan ibiltzeko aukera ematen diegu». Urtero, berriz, Corazonistas Espainiako ikastetxe guztien arteko `Joko Olinpikoetan´ aritzen dira ikasleak. «Aurten, Madrilen; 2003an, Donostian egin ziren».

Kirolari aipagarririk ere ez da falta Mundaizen. 17 urteko Aintzane Encinas, esaterako, Realeko futbol taldean dabil, eta Espainiako selekzioarekin dihardu. Laura Arroyo 14 urteko Easo San Luis taldeko saskibaloilaria ere, Espainiako selekzioarekin makina bat aldiz jokatutakoa da.



Duela hiru urte Mundaizen antolatu ziren `Joko Olinpikoak´.