Inkesta: kirola eta ikasketak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 28 2006/04 »  Inkesta: kirola eta ikasketak

Ikastetxez ikastetxe

INKESTA
1- Nola moldatzen zara kirola eta ingeniaritzako ikasketak, biak batera egiteko?

2- Inoiz pentsatu al duzu kirola uztea ikasketekin batera ezin duzulako egin?


Dorleta Oregui

Kirola: saskibaloia
Taldea: UPV-Atlétiko SS

1- Astean hirutan entrenatzen dut, 20:30etik 22:00etara; eta asteburuan,partidua. Ordu horietan ikastea ezinezkoa zait, eta entrenatzen egongo ez banintz, telebista ikusten, adiskideekin edo beste edozer egiten ariko nintzateke, ez ikasten. Hortaz, kirolak ez dit ikasteko denbora gehiegi kentzen. Egia da zenbaitetan lan bat bukatzeko larri samar nabilenean, entrenamendura ez joatea nahiago nukeela, baina gehienetan ondo antolatzen naiz.

2- Gutxitan, azterketa garaian beharbada, baina orduan ere behar izaten dut kirola. Izerdi pixka bat isuri eta taldekideekin entretenitzea lagungarri zait benetan.
Aitor Esnaola

Kirola: futbola.
Taldea: Beasain

1- Ingenieritzako ikasketek eta kirolak ere denbora asko kentzen dute; hala ere, ondo antolatuta, bi gauzak batera eramateko denbora badago. Gustura egiten ditudan bi gauza direnez, beti ateratzen da denbora. Noizean behin eskolako lanetarako laguntza eskatu behar da kirolagatik, baina nik behintzat beti izan ditut alboan eskolako lagunak laguntzeko prest.

2- Ez. Kirola egitea osasungarria izateaz gain, beste gauza batzuetan pentsatzeko oso baliagarria da. Adiskide, giro, toki... ezberdinetan topatzen duzu zeure burua eta, `deskonektatzeko´, primeran etortzen zait kirola.
Ainara Benavente

Kirola: piraguismoa
Taldea: Donostia Kayak

1- Hasieran ez da erraza, astean sei entrenamendu egiten nituen, eta erritmo horri eustea ezinezkoa zait orain. Ondo antolatuz gero, ordea, lau egunetan entrena dezaket. Hori egiten dudan egunetan gutxiago ikasten dut, baina bizkor berreskura daitezke ordu horiek entrenamendurik gabeko egunetan gehiago ikasiz. Oso baliagarria da ordutegi finko bat errespetatzea.

2- Inoiz ere ez. Hasieran zail samarra ikusten nuen, baina nire ustez, kirola beharrezkoa da edozein ikaslerentzat. Lehen baino kirol gutxiago egin arren, ezinbestekoa da kirolen bat egitea. Ikasketak hobe eramateko onuragarria da, dudarik gabe.


Ińaki Jaca

Kirola: futbola
Taldea: Beasain

1- Ikasketak eta kirola bateragarriak dira. Zaletasun asko dago, eta neuk aisialdia kirola egiteko erabiltzen dut. Pazientziarekin eta gogoarekin gauza asko lor daitezke; kirolak denbora kentzen du, baina era berean,`deskonektatzeko´ aproposa da. Azterketa garaian denbora gutxiago dugu, eta horregatik agian presionatuago sentitzen naiz; hala ere, uneoro irtenbide ezberdinak bilatu behar dira.

2- Batzuetan, agobiatu samarra ikusi izan dudanean neure burua, kirola uztea pasatu zait burutik. Kirolarekiko zaletasuna, ordea, handiagoa da betiere, eta beti bilatzen duzu aurrera jarraitzeko arrazoi edo ilusioren bat.
Carlos Argelich

Kirola: patin-hockeya.
Taldea: Ibaiondo

1- Ondo antolatuz gero, posible da. Klubean hasieratik esan nuen niretzat lehentasuna ikasketek zutela, eta hori beti errespetatu didate. Inoiz ikasketengatik ez banaiz entrenatzera joan, ez didate eragozpenik jarri. Azterketa garaian, berriz, kirola egitea errazagoa zait. Zergatik? Kirolak erlaxatu egiten nau, eta azterketetaz ez naiz gogoratu ere egiten.

2- Kirolagatik behintzat ez. Ikasketak uztea pentsatu izan dut, bai, baina beste jarduera batzuk aurrera eramaten ez didatelako utzi: asteburuetako irteerak egiten, beste kirol batzuk praktikatzen edota unibertsitateak edo lagunek antolatzen dituzten bestelako jardueratan parte hartzen.
Ion Eizagirre

Kirola: surfa.

1- Ondo antolatzea da giltza. Kirola eta ikasketak biak batera egiteko denbora juxtua dut, eta uneoro egiten ari naizena ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen naiz. Surfa egiterakoan, bi orduko bainua hartu beharrean, laburragoak eta ondo aprobetxatutakoak hartzen ditut.

2- Ez, baina etxetik kanpo astebeteko txapelketetara ezin izaten dut joan ikasketengatik. Antolatutako bidaiaren bat badago, azterketa garaian den edo ez ikusi behar dut. Hala ere, Indonesia, Peru edo Irlanda bezalako herrialdeak ezagutu ahal izan ditut. Unibertsitateak beti erraztasunak eman dizkit kirolarekin segitzeko, eta asko eskertzen dut hori.


WWW Parte hartu zeuk ere gure inkestetan,
www.euskaraz.net-en bidez.
Aurrea hartu guztiei datorren hileko galderei erantzunez!
DATORREN
HILEKO
INKESTA
1- Mendira joatea gustuko al duzu?

2- Ikusten al duzu zeure burua Himalaian, Oiarzabal edo Pasaban bezala?