Naiara Arteaga igerilaria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 28 2006/04 »  Naiara Arteaga igerilaria

Protagonista

Naiara Arteaga Igerilari Elbarritua

Naiara, bere laguntzailearekin, igeriketako lehiaketa bati ekiteko prest.
«Ez nuen uste igeri egiteko gai izango nintzela»
Bi besoak eta zango bat gabe jaio zen Naiara Arteaga. Minusbaliotasun horrek, ordea, ez dio eragotzi igeriketako lehiaketetan parte hartzea.
Minusbaliotasunak zure eguneroko bizitza asko baldintzatzen dizu?

Jaiotzetik dudan elbarritasuna denez, horrekin bizi izan naiz beti, eta errazagoa egin zait gauzak ikastea, nahiz eta gauza jakin batzuk egiteko oztopo handiak ditudan.

Nola bururatu zitzaizun igeri egiten hastea?

Ikastetxetik igeriketako ikastaroak egitera joaten ginen. Horietan esan zidaten igeri egin nezakeela eta, hala, hori egiten erakutsi zidaten. Zazpi, zortzi urterekin hasi nintzen gutxi gorabehera. Uste nuen ezin nuela igeri egin, baina egunero-egunero lan saioa negarrez amaitzen banuen ere, azkenean lortu nuen.

Hasiera oso zaila egingo zitzaizun, ezta?

Dudarik gabe, oso gogorra zen, eta une honetan ere, igeriketako lehiaketak uztekotan nago.

Zergatik, bada?

Errenteriako igerilekura joateko arazoak ditut, nire ama lanean dabil eta ezin nau lagundu orain arropak aldatzen edota beste zeregin batzuetan. Horregatik, orain lehen baino askoz gutxiagotan joaten naiz igerilekura, ahal dudanean; astean bitan joaten naiz, orain.

Zergatik aukeratu zenuen kirol hau eta ez beste bat?

Igeriketa bakarrik egin nezakeela uste nuelako; horrez gain, kirol hau ezagutu eta gero, askatasun sentsazio handia ematen zidala konturatu nintzen.

Hortaz, beste kirolik ez duzu probatu?

Raftingean ibili izan naiz, zaldi gainean... Raftingean bereziki primeran pasatu nuen, eta orain, eskiatzea bakarrik falta zait. Gustura egingo nuke hori ere!

Zure antzeko elbarritasunik duen beste igerilariren batekin aritzen zara entrenatzen?

Vanessa Carrasco nirekin aritzen da. Vanessak bizkarrezur bifidoa du, eta hor aritzen gara biak, jo eta ke.

Lehiaketetarako prestatzen zara ala ondo pasatzeko besterik ez?

Azkenaldian kirolaren bat egiteagatik, izan ere gurpil-aulkian nago beti, eta gorputza apur bat mugitzea ondo etortzen zait.

Apirilaren 29an Donostian egingo den Richard Orive Igeriketa Sarian parte hartuko duzu?

Ez dakit, beharbada kanpoan izango naiz, eta ez dakit txapelketa horretan aritzeko aukera izango dudan.

Zer da zuretzat kirola egitea?

Kirola egingo ez banu, galduta nengoke. Hilabetez igeri egin gabe egon nintzen, eta nire gorputza zeharo gogortu zen. Beraz, lehiaketak agian utzi egingo ditut, baina igeri egiten jarraituko dut.


NOR DA?

Izena: Naiara Arteaga.
Jaioterria: Errenteria.
Adina: 22 urte.
Taldea: Kemen.
Modalitateak: 50 metro crowl eta bular estiloak.
Ikastetxea: Koldo Mitxelena institutua (Errenteria), Informatikako Goi Mailako Zikloa