 |
|
 |
 |
Gaurkoa eta biharkoa
|
Joseba Urrutia eta Haimar Gonzalez
|
Kirol dibertigarria izateaz gain, umorea eta giro ona ez dira falta jokalarien artean. SARA SANTOS |
|
Uretako eskubaloia
|
|
Water-poloko talde bat baino gehiago sortu da azken urteotan, Gipuzkoan. Easo eta Tximistarri dira Donostiako bi taldeak, eta azken honetan jokatzen dute Joseba
Urrutiak (31 urte) eta Haimar Gonzalezek (17 urte).
|
«Kirol eder bezain dibertigarria da water-poloa, talde-lana bultzatzen duena, gainera». Haimar Gonzalez Tximistarri Donostiako water-poloko jokalari gaztearen hitzak dira horiek. Klub honek water-poloko eskola martxan jarri berri du, eta bederatzi urtetik aurrerako gaztetxoek parte har dezakete bertan.
Joseba Urrutia da eskolako arduraduna, eta berak aipatu digunez, «ikastetxe batzuekin harremanetan jarri gara kirol hau gaztetxoei ezagutarazteko». Kanpotik kirol zaila, gogorra badirudi ere, «uretara sartzerakoan, uste baino sinpleagoa da. Eskubaloiarekin aldera dezakegu water-poloa, eta jokalari bakoitzak ezaugarri oso zehatzak ditu, batak bestearekin ez du zerikusirik. Hori bai, igeri egiten jakitearekin nahikoa da water-polo ikasten hasteko».
Kirol dibertigarria Haimar Gonzalezek 17 urte ditu, eta duela lau heldu zion kirol honi. «Igeriketan ibiltzen nintzen, baina nire taldea desagertu ondoren, Tximistarrin water-poloa probatzea erabaki nuen. Beste klub batean igeriketan jarraitzeko aukera ere banuen, baina water-poloari heldu nion. Zergatik? Askoz dibertigarriagoa zirudielako, eta probatu ondoren, hala dela baiezta dezaket».
Haimarrek aitortu du hasiera oso zaila egin zitzaiola. «Nik eta nirekin hasi ziren lagunek ez genekien water-polon, eta jokatu genituen hasierako partidetan egundoko jipoiak ematen zizkiguten aurkariek. Pixkanaka, ordea, ikasten joan gara, eta orain ondo moldatzen naiz». Josebak, albotik: «Kirol hau gustatu zitzaion seinale da hori; hasieran gaizki ibili arren neurketetan, aurrera egitea erabaki zuten. Beste batzuek, hori ikusirik, utzi egingo lukete...».
Zaletasunak, gora Gipuzkoan, Hernanin aspalditik izan da water-polorako tradizioa, baina hortik kanpo, oso gutxi. Josebak dioenez, «2000. urtean sortu genuen Tximistarri taldea. Hasieran, hiru talde bakarrik zeuden probintzian, eta orain, zazpi taldek jokatzen dugu Gipuzkoako Liga. Zaletasuna igotzen ari dela dirudi!».
Jokalari ona izateko, «erabaki zuzenak hartzeko abiadura mentala izatea ezinbestekoa da», dio Josebak. «Hortik aurrera, alde fisikoa eta adimena entrenamenduekin landu daitezke. Jokalariak bere mugak ditu, baina horrekin batera, hobetzeko tartea ere badutenez, hor egin behar da lan». «Haimar adibidez, fisikoki egin gabe dago oraindik, eta adimenari dagokionez, ez dakit ez ote dagoen muga-mugan... (kar, kar)».
Ura irentsi Uretan hainbeste denboran egonda, ura irenstea normaltzat jo daiteke water-poloan. Haimarrek, berehala: «Izorratu egin behar orduan! Batzuetan ura norberak irensten du, baina beste batzuetan aurrean duzunari tokatzen zaio. Zalaparta handia ibiltzen dugu batzuetan jokalarion artean! Baina horrez gain, «antzezlan pixka bat ere egitea komenigarria da, epaileei ziria sartu eta zure aldeko faltaren bat ateratzeko», aitortu du Joseba Urrutiak.
|
Jaurti baloia airera, eta eup, ea nork hartzen duen! . S.S.
|
|
|
Joseba Urrutia
Sorlekua: Donostia.
Adina: 31 urte.
Taldea: Tximistarri.
Postua: buia.
Kirol zaila bada ere, uste baino sinpleagoa da uretara sartzen zarenean»
|
Haimar Gonzalez
Sorlekua: Donostia.
Adina: 17 urte.
Taldea: Tximistarri.
Postua: laterala.
Ikastetxea: La Salle Donostia, Bigarren Batxilergoa.
Hasierako partidetan egundoko jipoiak jasotzen genituen, baina orain, ondo moldatzen gara»
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |