La Salle-San Luis ikastetxea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 29 2006/05 »  La Salle-San Luis ikastetxea

Ikastetxez ikastetxe

La Salle-San Luis ikastetxea

Eguraldi txarra dagoenerako, estalitako leku egoki bat falta omen dute. S.S.
Kirola, serio-serio irakatsiz
Kirolak presentzia handia du La Salle-San Luisen. Ikaslearen heziketarako oso garrantzitsua dela azpimarratu du ikastetxeko kirol-koordinatzaileak.
«Gure ikastetxean kirola ikaslearen heziketaren zati garrantzitsua da, eta ikasleen erdiak edo gehiagok guk eskaintzen dugun kirolen bat praktikatzen du». Jose Manuel Chenlo La Salle-San Luis ikastetxeko kirol-koordinatzailearen hitzak dira horiek. Berak nabarmendu duenez, «futbola eta saskibaloia dira ikastetxean arrakasta handiena duten bi kirolak, beste batzuk erakusten baditugu ere: pilota, igeriketa, eskubaloia, gimnasia erritmikoa, boleibola eta hockeya, esate baterako».

Bi futbol-zelaik, saskibaloiko beste bik eta boleiboleko pista batek osatzen dituzte La Salle-San Luis ikastetxeko kirol instalazioak. Horrez gain, gimnasio txiki bat eta, beharra izanez gero, teniseko pista bat izateko aukera ere badute. Chenlo gustura dago ikastetxearen instalazioekin, «nahiz eta leku estali baten falta nabaritzen dugun eguraldi txarra egiten duenerako».

Saskibaloia eta futbola kirol arrakastatsuenak izan arren, hain ezagunak ez direnak ere erakusten dituzte. «Hala, hitzarmenak izenpetuta ditugu beste talde batzuekin: igeriketaren kasuan, Fortunarekin, gimnasian Izar Lekurekin...».

Parte-hartzea Jose Manuel Chenlok ziurtatu duenez, «13 urte arteko ikasleek kirolean asko parte hartzen dute, baina egia da adin horretara heltzerakoan, pixka bat gehiago kostatzen zaiela kirolarekin jarraitzea». Adin batekoei edo bestekoei ezberdin irakasten zaie kirola, «eta kirolaren erakusketaren exijentzia maila ere igotzen doa umeak zaharragoak diren heinean. Hori bai, betiere seriotasun handienarekin erakusten ditugu kirol guztiak».

Ikastorduetatik kanpo, mendi-irteerak antolatzeko talde bat dute, eta maiatzean, Donostia eta Pasaialdeko 600 umerekin kirol txapelketa antolatu ohi dute.

Adin txikikoak ere gustura ibiltzen dira kirola egiten. SARA SANTOS


Javier Urrutikoetxea

1952an Donostian jaiotako futboleko atezain bikain honek La Salle-San Luis ikastetxean ikasi zuen. Lengokoak talde donostiarrean hasi zen futbolean, eta Realarekin, 1970-71 denboraldian debutatu zuen. Espanyolen eta Barçan ere jokatuta, internazionala izan zen. 2001an hil zen, auto istripu batean.


Herrera Ikastetxea
Gipuzkoako Xake Txapelketan, bigarren
Primeran aritu ziren Herrerako ikasleak apirilean, Manteo kiroldegian, jokatu zen Gipuzkoako Xake Txapelketan; bigarren izan ziren alebinetan. Xakerako tradizio handia dago ikastetxe honetan, eta ikasle asko dira eskola orduetatik kanpo kirol horretan jokatzen dutenak. Argazkian, Irene Perez, Yasmina Retegi, Pablo Calvo eta Ritxi Sanchez Herrerako xakelari txapeldunordeak.