Onditzen oroimenezko triatloia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 29 2006/05 »  Onditzen oroimenezko triatloia

Triatloia

Onditzen oroimenezko triatloia

10:00etan puntu-puntuan ekingo diote parte-hartzaileek Kontxako hondartzan igeriketako probari.
Supergizakiak? Ez, supernormalak
Intxaurrondoko Duatloia maiatzean eta Onditzen Omenezko Trialoia ekainean; goi mailako bi proba garrantzitsu horiek jokatuko dira datozen bi hilabeteetan, Donostian.
Ekainaren 25ean izango da aurten Donostiako Onditzen Oroimenezko Triatloia, eta azken urteotan gertatu den bezala, goi mailako parte-hartzaileak bilduko da.

Iaz hirurehun bat lagun geratu ziren kanpoan triatloi honetan parte hartu gabe, eta bostehun izan ziren irteera puntuan. Aurten ere antolatzaileek kopuru horretan jarriko dute muga, eta horrenbestez, oraingoan ere asko izango dira parte hartu gabe geratuko direnak.

Izan ere, triatloia kirol berri samarra izan arren (1978an sortu zen), indar handia hartu du nazioartean, eta baita geure artean ere, Gipuzkoan. Proba gehiago antolatzen dira, federatu gehiago dago, eta kirol honi buruz jendeak zuen irudia bertan behera gelditu da.

Mitoa, eraitsia Duela gutxi arte, superatleten kirola zela uste zuten askok, gutxi batzuen esku zegoena, baina egun frogatuta dago hori ez dela horrela. Ez da inolako gaitasun fisiko berezirik behar, edonor aritu daiteke, baina hori bai, edozeren gainetik, triatloiko gauzarik garrantzitsuenetakoa iraunkorra izatea da. Hobe da egunero pixka bat triatloiko espezialitate batean jardutea, astean pare bat aldiz leher eginda amaitzea baino. Horrek, gainera, arrisku handi bat du: triatloia gogaikarria egitea.

Donostiako triatloiaren ibilbideari dagokionez, ez da aldaketarik izango. Distantzia olinpikoko triatloia da, eta hasteko, 1,5 kilometroko igeriketa saioari helduko diote. Atletiko SS. elkartearen paretik abiatuko dira, eta ondoren, 40 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute bizikleta gainean. Beti bezala, Igeldo aldeko bide zatia izango da proba honetako leku ikusgarriena.

Eskola mailako proba Bizikletak utzi, eta triatloilariak hamar kilometroko korrika saioa betetzen hasiko dira. Kontxako pasealekuari pare bat itzuli emanda iritsiko dira helmugara. Proba honetan lehiatu nahi duten guztiek Atletiko SS. klubean eman behar dute izena (www.atletikoss.org edo 943 473722 telefono zenbakia).

Goizeko 10:00etan hasiko da Onditzen Omenezko Triatloia, baina lehenago, 09:00etan, eskola mailako triatloia ere eramango da aurrera. DBH 1, 2 eta 3ko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute, honako ibilbide hau osatuz: igeriketan 150 metro, bizikleta gainean 4.000 metro eta korrika, mila metro.

Masajeak hartzeko aukera dago amaieran.


Triatloiko Materiala
Igeriketa: bainujantzia, bainatzeko txanoa eta igeriketako betaurrekoak. Lakuko, aintzirako, hondartzako edo itsasoko uraren tenperatura 16 grado baino gutxiagokoa bada, segurtasunagatik neoprenozko trajea erabiltzea derrigorrezkoa da. 20 gradotik gorako tenperaturarekin, berriz, neoprenozko trajea debekatuta dago. Txirrindularitza: errepideko bizikleta, bainujantzia edo kulotea, tirantezko elastikoa, homologatutako kaskoa eta txirrindularitzako oinetakoak. Oinezko proba: bainujantzia edo kulotea, tirantezko elastikoa eta atletismoko zapatilak erabili ohi dira.


Marineen harrokeriagatik
Halaxe da, bai. AEBetako marineen harrokeriagatik izan ez balitz, triatloirik ez litzateke izango egun, ziur aski. Marine batzuk garagardoak edaten ari zirela, igeriketa, txirrindularitza eta korrika nahasten zituen proba sortzea bururatu zitzaien, 1978an. Hawaiien egin zen lehen triatloia, eta parte hartu zuten 17 parte-hartzaileek 3,8 kilometro igeri, 180 bizikletan eta 42 kilometro korrika egin zituzten.