Hipika: oztopo jauziak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 29 2006/05 »  Hipika: oztopo jauziak

Hipika

Nazioarteko Oztopo-Jauzien Txapelketa

Zaldien oztopo-jauzien modalitateak goikoa bezalako irudi ederrak eskaintzen dizkigu.
Hiru izarretako zaldiak eta zaldizkoak
Ekain amaieran jokatuko da zaldien Donostiako Nazioarteko Oztopo-Jauzien Lehiaketa, Loiolan. Zaldiaren eta zaldizkoaren arteko ulermena eta trebezia agerian geratuko dira.
Ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean, hiru egunez, jokatuko da aurten ere Donostiako Zaldien Oztopo-Jauzien Lehiaketa. Bost kontinenteetako hamasei zaldizkok hartu zuten parte iaz Loiolako Hipika Errege Elkartean, eta edizio honetan kopuru hori gainditzeko itxaropena dute antolatzaileek. 103. urtea beteko du Donostiako lehiaketa honek, eta 2005ean, hiru izarreko maila eskuratu zuen.

Hipikako modalitate ikusgarrienetakoa da oztopo-jauzia. Oztopoen ibilbide batean baldintza ezberdinetan dagoen zaldizkoa-zaldia bikotearen arteko jokaera, ulermena epaitzen da modalitate honetan. Zaldiak bere argitasuna, abilezia, potentzia, abiadura eta oztopoarekiko errespetua erakutsi behar ditu betiere, eta zaldizkoak, berriz, zaldiketaren kalitatea.

Hamar urterekin Zaldizkoak akats jakin batzuk egiten baditu (oztopoak bota, errefusatzea, finkatutako denbora gainditzea...) penalizazioa jasoko du. Hala, penalizazio gutxien egiten dituen parte-hartzailea izango da garaile, hots, ibilbidea denbora bizkorrenean osatzen duena eta puntu gehien lortzen dituena, probaren arabera. Harrigarria gerta daitekeen arren, hamar urtetik aurrera has daiteke modalitate honetan lehiatzen. Informazio gehiago nahi duenak, Gipuzkoako Hipika Federaziora jo dezake (609-416376, 607-082149).


OZTOPOAK
Erakargarriak izan behar dute oztopoak forman, era askotarikoak eta ingurunearekin bat datozenak. Ez dute arinegiak eta astunegiak izan behar, eta potentzia, abilezia edo altuera-jauziaren errekorrean ezin du oztopoak inoiz 1,70 metroko altuera gainditu.
Oztopo motak
Bertikala: horizontalean jartzen den barra bertikalean jauzia egiten da.
Putzua: altuerarik gabeko ur-oztopoa da, eta putzuaren zabalerak 4,50 metro baino txikiagoa behar du izan. Fondoak: bizpahiru bertikal elkartzen dira une berean salto egiteko. Oztopo hauek ezin dute bi metroko altuera gainditu, barra hirukoitzaren kasuan izan ezik.