 |
|
 |
 |
Surfa
|
Gora egiten ari den kirola da surfa
|
Egunez, ilunabarrean, egunsentian... Eguzki izpi txikiena ere aprobetxatzen dute maiz surflariek euren kirola egiteko.
|
|
Olatu handienean
|
|
Garai onak dira surfarentzat. Umeak, gaztetxoak,
mutilak, neskak... Gero eta zale gehiago ikus ditzakegu gure hondartzetan olatu gainean `dantzan´.
|
Euskal Herriko eta Donostiako gazteen artean modan dagoen kirola da surfa. Zuberoa Andres Euskal Herriko Surf Federazioko komunikazio arduradunak aitortu duenez, «gaztetxoen artean dudarik gabe gora egiten ari den kirola da». Federazio horrek Ikas Surf eta Ikastxiki 11-16 urte bitarteko gazteentzako bi txapelketa antolatzen ditu urtero, «eta txapelketa horietako saio bakoitzean, 150-200 gaztek hartzen dute parte».
Ikas Surf txapelketa inoiz surfean aritu ez diren edo ikastaro bat soilik egin duten gazteentzat da, maila baxua dutenentzat alegia. Ikastxiki, berriz, surfaren teknika menperatzen dutenentzat da, eta gaztetxoak badira ere, etorkizunean surflari onak izan daitezkeenak lehiatzen dira.
Doako txapelketak dira, izan ere Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek aurrera eramaten dituzte Gipuzkoa eta Bizkaiko Surf Federazioen laguntzarekin. Zuberoak aipatu duenez, «orain dela bost urte sortutako txapelketa hauek uste baino arrakasta handiagoa lortu dute. Uda partean egiten dira, baina horiei ekin aurretik, apiril aldean surf ikastaro batzuk antolatzen dira gaztetxoen artean, «eta urtez urte ikastaro horietan parte hartzeko lekuak berehala agortzen dira».
Gipuzkoan eta Bizkaian gazteen zaletasun hori berdintsua dela azpimarratu du Zuberoa Andresek. «Euskal Herriko Surf Zirkuituan 17 urtetik gorako euskal surflariak aritzen dira, eta bertan surflarien erdia bizkaitarrak eta beste erdia gipuzkoarrak dira. Baina egia dena da, Bizkaian surflari gehiago ateratzen dela; bi lurraldetan gora egin du zaletasunak, baina Bizkaian zertxobait gehiago».
|
Ez da harritzekoa egun geure kostaldean neskak surf egiten ikustea.
|
Nesketan, boom itzela Gizonezkoen kasuan surfak indar handia hartu badu, emakumezkoetan zer esanik ez. «Azken bost urteotan, boom handia gertatu da nesken surfarekin; 400 bat neska dabiltza gaur egun surfean EAEn. Surf ikastaroetan, surf taldeetan, txapelketetan... parte hartzen dute, eta Europa zein mundu mailako lehiaketetan ere euskal emakumeak ikusten hasi gara, jada».
Nesken Surf Biltzarrean ere, urtero 200 neskek hartzen dute parte Gipuzkoan, «eta kanpotik etortzen diren emakumeak harrituta geratzen dira kopuru horrekin. Beste inon ez da halakorik ikusten, halako zaletasunik». Eta horren ondorio gisa, Euskal Herriko Surf Federazioak apustu handia egin du aurten. «Emakumeentzako zirkuitu propioa sortu du. Europan ez da halako ezer egin orain arte, eta adin guztietako emakumeek hartuko dute parte zirkuitu horretan».
|
|
|
Donostian ere, osasun ona
|
|
Bera Bera eta Groseko Indarra dira Donostiako bi surf taldeak. Azken hori da hiriburuko surf talde indartsuena, eta Haritz Mendiluze talde horretako sortzaileetako batek aipatu duenez, «gazte donostiar gehiago animatzen dira egun surf egitera. Lehen, ume edo gaztetxoak kortxoarekin sartzen ziren lehendabizi uretara, eta oraindik guraso batzuek surf oholarekin min hartzeko arriskua ikusten badute ere, orain gaztetxo gehienek hasieratik surfari heltzen diote, eta pixkanaka gure hirian surfeko harrobia sortzen ari da».
Mendiluzek nabarmendu duenez, «nahiz eta gazteagoak badauden, normalean 13 urtetik aurrera hasten dira donostiarrak surf egiten. Aldundiak bere garaian martxan jarritako eskola kirolaren bitartez, ikasleek surfaren inguruko aurreneko hurbilketa egiten dute euren ikastetxean». Neskak ere ugaritu egin direla Donostian azpimarratu du, «lehen baino askoz gehiago ikusten dira surf egiten», dio Mendiluzek.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |