Judoaren historia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 29 2006/05 »  Judoaren historia

Judoa

Heldu eta jaurti aurkaria lurrera!
Era horretan esanda, badirudi astakilo batzuen borroka-artea dela judoa, baina ez da hala, inolaz ere. Alboko argazkian, Julen Idarreta Judo Club Donostiako irakaslea ikasle batekin ariketa bat egiten ikus dezakegu. Ez dira kolpeak ematen judoan, aurkaria ondo heldu eta lurrera bota behar da. Horregatik, borroka-arte honetan hasi eta irakasleak erakusten duen aurreneko gauza horixe bera da, lurrera ondo erortzen ikastea.


Judoaren historia
Judoaren jatorriak XVII. mendera eramaten gaitu, Japonian militarrek agintzen zutenean. Euren jardueren barnean, armarik gabe borroka egitea zegoen. Ondoren, Jigoro Kano izeneko batek kirol hau garatu zuen Ju-Jitsuan oinarrituz, eta judo izena jarri zion (bide delikatua esan nahi duena). Nerabezaroan, bere gorpuzkera indartzeko Ju-Jitsu ikasten hasi zen, eta ikasitako teknikak garatuta, indar fisikoak garrantzi gutxi zuen borroka-artea asmatu zuen. 1882an bere eskola sortu eta, mundu osoan erakustaldiak eskaini zituen. 1964an kirol olinpiko bihurtu zen judoa gizonezkoetan, eta 1992an, emakumezkoetan, Bartzelonan.


Gerrikoa
Txaketa gerri aldetik heltzeko erabiltzen da gerrikoa, eta gorputzari bi bira emateko nahikoa luze da. Horrez gain, judokaren maila jakiteko ere balio du, eta hori gerrikoaren koloreak adierazten du:
Zuria
hasierako maila adierazten du, eta hasiberriaren garbitasuna sinbolizatzen du.
Horia
gerriko beltza lortzeko aurreneko pausua.
Laranja
ikasleak segurtasun handiagoa du jada.
Berdea
judoaren arra barruraino sartu zaio ikasleari.
Urdina
gerriko beltza hurbilago ikusten da.
Marroia
gerriko beltza lortzeko azken pausoa.
Gerriko beltza
ametsa bete da. Maila gorena lortu du judokak. Maisua da.