Argazkia: Sara Santos
Noiz hasi zinen pilotan?
Duela sei bat urte. Familia Itsasondokoa dut, han pilotalekua dago, eta hara joaten hasi nintzen pilotan jokatzera.
Beste kirolik egiten al duzu ?
Saskibaloia.
Eta zer nahiago, pilota ala saskibaloia?
Uuum, ez dakit, bada! Zaila da hori, bietan serio-serio aritzen bainaiz. Lizeoan jokatzen dut saskibaloian, baina proba batzuk egiten ari naiz, eta ez dakit, ez dakit zer egingo dudan.
Aurrelaria ala atzelaria zara?
Atzelaria.
Eta zein dira zure bertuteak pilotari gisa?
Eskuinkada ona dut, eta ezkerrarekin ondo ematen diot pilotari albotik. Hala diote behintzat.
Eta hobetu beharrekoa?
Ezkerrarekin, behetik gora, hobeto eman behar diot pilotari. Aurrelarien posturak ditudala diote.
Takoak jartzen al dituzu eskuetan pilotan ibiltzeko?
Bai, duela bi urte hasi nintzen jartzen, bai; baina tarteka eskuko minez ere ibiltzen naiz, negu partean bereziki. Eskuak berotzea zailagoa da urte sasoi horretan.
Zenbat entrenamendu egiten dituzu astean?
Iņaki Peruaga da entrenatzailea eta astean bitan entrenatzen naiz Karmelo Balda pilotalekuan. Horrez gain, bi astean behin Gipuzkoako Federazioarekin aritzen naiz entrenatzen Egiako frontoian.
Zein da gehien gustatzen zaizun pilotaria?
Titin III.a.
|
Nor da?
Adina: 14 urte.
Ikastetxea: Santo Tomas Lizeoa. DBHko Bigarren Maila.
Kluba: Ikaskirola.
Palmaresa: Gipuzkoako txapeldun alebinetan 2001ean.
|
Zu atzelaria izanda, aurrelaria gogoko?
Bai, lehen Elkoro asko gustatzen zitzaidan, baina aspalditik ez dago bere sasoi onenean. Bera alde batera utzita, Titin asko gustatzen zait. Oso ausarta da, gure aitonak ezagutzen du, eta horrek ere laguntzen du...
Orduan Titin bezalakoa izatea gustatuko al litzaizuke?
Nire entrenatzaileak esaten dit beti aurrean jokatzen ikusten nauela etorkizunean. Aurrean jokatu izan dut eskuko minez izan naizenetan; baina, bestela, berdin zait aurrean edo atzean jokatu.
Mikel Goņik azkenean ez du parte hartu Buruz buruko Txapelketan. Ados al zaude erabaki horrekin?
Dudarik gabe. Pilotari bezala asko gustatzen zait, baina pertsona bezala ez gehiegi.
Eta nork irabaziko du Buruz buruko Txapelketa?
Abel Barriolak. Beloki bera sasoi onean dago; baina gero, finala jokatzeko ordua iristen zaionean, urduri jarrri eta pott egiten du.
Inoiz amets egin al duzu Buruz buruko finala jokatzearekin?
Bai, Donostiako Atano III.ean, pilotalekua goraino beteta zegoela, gainera.
|
|