Segundo gutxi batzuetan adrenalina igoera eta plazerra sentitzeko, guzti-guztia ondo ziurtatu beharra dago.
Tarteka istripuak gertatzen dira, bai, abentura kirolen bat egiten denean, baina horrek ez du esan nahi bereziki arriskutsuak direnik, askok uste dutenaren kontra. Caroc Aventura enpresako Amaia Egurenek adierazi digun bezala, «kirol seguruak dira. Baina horietakoren bat egin aurretik ondo informatu beharra dago norekin eta nola zoazen. Istripu asko jendea bere kontura joaten delako gertatzen dira, ezaupiderik aski ez duen lagunen batekin joaten delako... Eta halakoetan ez dira beharrezko segurtasun neurriak hartzen, ez daude behar bezala prestatuta». Horregatik gertatzen omen dira gertatzen direnak, ez kirol arriskutsuak direlako. «Bakoitzaren mugak zein diren jakitea ere ezinbestekoa da, horretaz jabetzea alegia, modalitate bat edo beste aukeratzeko orduan».
Abentura kirol jakin bat aukeratzerakoan, prezioaren barruan oinarrizko ekipamendua eta asegurua sartzen dira. Egurenek berak aitortzen du kirol batzuetan kolperen bat hartu edo urraturen bat egiteko aukera gehiago dagoela, «arroil jaitsieran, esaterako. Bezeroa askeago joaten da, eta batzuetan gerta daiteke orkatila-edo bihurritzea, baina ez da normala; gertatu beste edozein kiroletan bezala gerta daiteke. Raftingean, aldiz, izan litekeen arriskua askoz kontrolatuago dago, guztiak baltsa berean joaten direlako gidariaren zaintzapean».
Lasai egin salto!
Gauzak diren bezala: zubi batetik, garabi batetik edo beste leku batetik salto egiten baduzu, eta zerbaitek huts eginez gero, bizitza galtzeko arrisku handia dago. Gerarta Arotzena Donostiako Euskal Abentura Elkarteko saltoen arduradunak dioenez, ordea, «jauziak egitea oso ekintza arriskutsuak diren ustea oso hedatuta dago, baina nik edonori froga diezaioket ekintza seguruenetarikoak direla; gauzak ondo egiten badira, jakina».
Gaztetxoaren adinaren arabera, guraso, irakasle edo heldu baten baimen idatzia behar da. Baimen horrekin batera, «guk geuk salto egin behar duenari gomendio, agindu eta debeku batzuk hitzez zein idatziz jakinarazten dizkiogu. Zertarako? Kasu egiten dutela ziurtatzeko, eta horren ostean jauzilariak sinatu egin behar du». Horrez gain, salto egin behar duenari gaitzik ez duela gogorarazi behar zaio: epilepsia, drogazaletasuna, bihotzeko gaitzen bat, haurdun egotea...
|
Segurtasun
neurriak:
Abentura kiroletan
Erantzukizun zibil nahiz asistentzia aseguruak prezioaren barruan.
Oinarrizko ekipoa: salbamendu-jaka, kaskoa, neoprenozko trajea.
Igeri egiten jakitea.
Ibai jaitsieretan gidari adituak telefono mugikorra izaten du zerbait gertatuz gero ohartarazteko.
Botikina ere eramaten du gidariak.
Saltoetan
Informazio ona izatea jauzilariak, hori da garrantzitsuena.
Monitoreak ondo prestatuta egotea. Ekipatzaileak, instalatzaileak eta arduradunak bere arloko gorabehera guztiak ondo ezagutzea. Hala, egon daitezkeen hutsak aurreikus ditzake.
Material eta instalazio guztia, den-dena, bikoiztea edo hirukoiztea: bi soka, bi uhal, bi polea, bi finkapen puntu, bi balazta sistema ezberdin... Batak huts eginez gero, bigarren edo hirugarren instalazioarekin ez litzateke inolako arazorik izango.
Asegurua. Adinaren arabera, gurasoen edo heldu baten idatzizko baimena.
|