 |
|
 |
 |
Erreportajea
|
Larraitz Lucas Realeko emakumeen taldeko kapitaina
|
|
|
Realeko kapitainak ilusioz gainezka ekin dio Superligari. Mailari eustea baino zerbait gehiago lortu nahi dutela adierazi du aurrelari donostiarrak
|
|
"Superliga gogorragoa zela uste nuen"
|
Kapitaina izanik, zer moduz ikusi dituzu zure taldekideak Superligan?
Partidetan ondo, nahiz eta askotan urduritasuna dela-eta barruan duzun guztia ezin erakutsi. Entrenamenduetan denak oso gustura daude, eta batez ere gogo handiarekin gauzak ondo egiteko.
Liga uste zenuen bezalakoa izaten ari da ala uste baino gogorragoa doa?
Gogorragoa izango zela uste nuen. Dena den, partida guztiak ezberdinak izango dira, eta batez ere Levante, Espanyol eta Athleticen aurkako norgehiagokak oso zailak izango direla guretzat argi dugu.
Zein izan dira orain arte igarri dituzun aldaketa handienak?
Liga Nazionalean baino partida gogorragoak direla; falta teknikoak askoz gehiago egiten dira, eta alde fisikoak garrantzi handiagoa du.
Superligako jokalariek kalitate handiagoa dutela ere nabaritu duzu?
Dudarik gabe. Iazko partida ia guztietan Realaren maila besteena baino askoz hobea zen, baina aurten partida guztiak teknikoki askoz hobeak izango dira.
Zer komentatzen duzue zuen artean, jokalarien artean partida amaitzen denean?
Nekatuago bukatzen dugu, hori bai, baina mentalitate aldetik ere asko aldatu gara. Aurreko urteetan ia partida guztiak irabazi genituen, eta aurten hori aldatu egin da.
Zuen lehen urtea da elitean. Mailari eustea al da zuen helburu nagusia?
Lehenengo helburua hori da, bai. Realeko emakumeen taldea sortu zenean, bi urteren ondoren Superligara igotzea zen gure nahia. Hori lortuta, maila galtzen badugu aurten, Gipuzkoarentzat albiste txarra izango litzateke. Dena den, Kopan sartzea helburu polita litzateke, eta saiatuko gara hori lortzen.
Hiru euskal talde daude Superligan. Barañaingo Lagunak eta Athleticen aurretik geratzea posible ikusten al duzu?
Athleticen aurretik sailkatzea oso zaila da, baina Lagunaken aurretik egotea espero dugu, bai.
Aurrelaria izanik, zenbat gol sartzea espero duzu aurten?
Ez naiz aurrelari peto-petoa, punta erdi lanetan ibiltzen naiz gehiago, baina hamar bat gol sartzen baditut oso gustura geratuko nintzateke.
Eta zer moduz zuen zaleekin? Laguntza ematen al dizue ala oraindik ez dira jabetu Superligan zabiltzatela?
Lehen partida Kontxako estropadarekin egokitu zen, baina hala ere, jende dezente etorri zen. Dena den, denboraldiak aurrera egin ahala, jende gehiago animatzea espero dut. Etortzen den jendea berriz etortzea nahi dugu, bestela azkenean batikoak izango baitira partidak ikusten.
Orain goi mailan zaudetela, nabaritzen duzue nesken aldetik interes handiagoa dagoela futbolean jokatzeko?
Aldaketa duela bi urte etorri zen Realaren emakumeen taldearen sorrerarekin. Zubietan gero eta neska gehiago ikusten duzu Realeko elastikoarekin, zale gehiago dago… eta ikusten da interesa handitzen doala. Lehen, agian Nihat zuten neskek ere euren ispilu, baina orain gu gaude.
Zuk zeuk noizitik jokatzen duzu futbolean?
7-8 urterekin hasi nintzen. Aitarekin joaten nintzen hondartzara futbolean jokatzera, anaiak ere eskolako taldearekin jokatzen zuen… Mutilekin jokatzen hasi nintzen, gero Intxaurrondoko nesken taldean bi urte egin eta, Añorgan beste bost, eta orain, hemen, Realean oso gustura nabil.
|
|
NOR DA?
|
Izena: Larraitz Lukas
Sorlekua: Donostia
Adina: 24 urte
Postua: aurrelaria
Taldea: Intxaurrondo, Anorga eta Reala
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |