 |
|
 |
 |
Egin ezazu saioa
Halako maniobra ikusgarriak egiten dira capoeiran.
|
|
Capoeira, esklabo afrikarren borroka-artea
|
|
Portugaldarrek esklabo afrikarrak Brasilera lanera eraman zituztenean sortu zen capoeira. Brasilen garatutako borroka-arte dinamiko hau geure artean ezagutzera ematen ari da azkenaldian.
|
Azken boladan capoeira ikastaroak ugaritu egin zaizkigu geure artean. Zer da, baina, hori? Portugaldarrek Afrikatik Brasilera eramandako esklaboek sortu zuten, eta musika nahiz dantza nahasten dituen mugimendu erritmikoz osatutako borroka-artea da.
Jatorriari dagokionez, Brasilen dagoen txori txiki baten izena da capoeira. Txori horrek, bere tamaina dela eta, hankak erabiltzen ditu arerioei aurre egiteko, eta erabiltzen dituen mugimenduak berezi eta azkar samarrak omen dira. Bestalde, esklaboek ihes egitea lortzen zutenean, oihanean ezkutatzen zuten euren burua. Han, entrenatzeko gune bat eratzen zuten, belar txar eta sastrakak moztu eta hareazko biribil bat osatzen zuten; gune hori capoeira deitzen omen zioten.
Capoeira borroka arte bat, eta ondorioz, defentsako eta erasoko mugimenduak ditu, hots, kolpeak eta kolpe hauetaz defendatzeko mugimenduak. Dantza bat ere bada, ordea, eta aurrez aipatutako mugimendu horiek guztiak musikaren erritmora egiten dira; ahal den neurrian, gainera, era polit eta akrobatikoan.
Ostikoak, keinuak, eraisteak eta akrobaziak dira capoeiraren ohiko mugimenduak, eta eskuak defentsarako, akrobaziarako edo orekari eusteko erabiltzen dira. Hala ere, oinarrizko mugimendua ginga izenekoa da. Gainerako mugimenduak egiteko capoeiristak duen oinarrizko posizioa da ginga. Eta gingak irauten duen bitartean, zalea etengabe mugimenduan izan behar da, eraso eta kontraeraso saiakeren plantak eginez; horrekin batera, beti erne egon behar du bere bikotearen asmoak saihesteko.
Roda izeneko biribil baten barruan egiten da capoeira. Capoeirista talde batek roda bat osatzen du, taldeko buruek musika sortzen dute eta inguruan daudenek txaloak jo eta abestien koroak egiten dituzte. Donostian bertan akademia eta gimnasio batek baino gehiagok eskaintzen du capoeira ikasteko aukera. Dena den, informazio gehiago nahi duenak Senzala Euskadi Capoeira taldearekin harremanetan jar daiteke 625 772 295, SenzalaEuskadi@hotmail.com
|
|
|
|
Historia pixka bat
|
XVI. mendean, azukre eta kotoi sailetan lan egiteko, portugaldarrek Brasilera esklabo afrikarrak eraman zituzten, eta esklabo horiek euren nagusien aurka egindako erantzunaren ondorioz sortu zen capoeira.
Esklabo horiek aske izateko zuten beharragatik etorri ziren aurreneko capoeira adierazpenak. Hala, eta zaintzaileek debeka ez zezaten, esklaboek dantzan mozorrotuta eta estalita ageri ziren borrokatzeko era bat garatu zuten.
Gladiadoreen dantza bezala ezagutzen zen borroka mota hori, eta esklaboek matxinada asko eragin zituzten ihes egiteko, zenbaitek euren xedea lortuz.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |