Eskalatzaileak: armiarmen antzera


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 30 2006/10 »  Eskalatzaileak: armiarmen antzera

Gaurkoa eta biharkoa

Antxon Zabala eta Haritz Dominguez

Ondo begiratu behar da hankak eta eskuak non jartzen diren. S.S.
Armiarmen antzera
Biak gazte samarrak izan arren, bata ikaslea eta bestea irakaslea da. Antxon Zabala (18 urte) Fortunako eskalada taldeko arduraduna da, eta Haritz Dominguez (15 urte) ikaslea. Euren pasioa den kirolaren inguruan hitz egiten digute biek.


18 urterekin, Fortunako eskalada taldeko arduraduna da Antxon Zabala. Ez al den azkarregi galdetu diogu: "Aurreko entrenatzailearekin liskarrak izan ziren, norbaitek hartu behar zuen bere lekua, neuri eskaini zidaten, eta horretan nabil; gustura, gainera", nabarmendu du hernaniarrak. Haritz Dominguezek aipatu duenez, irakasle ona da Antxon. "Aholkuak ematen dizkigu betiere Antxonek, horman gora ondo goazen edo ez… Gainera, ez da zorrotzegia; ondo konpontzen gara.

Nolanahi ere, Haritz Antxon baino lehenago hasi zen eskalatzen. "9 urterekin heldu nion eskaladari -dio Haritzek-, baina serio-serio eta motibazioz gainezka, duela hiru bat urte". Antxon, berriz, ez zen hain gazte hasi kirol honetan. "Txikitatik futbolean aritzen nintzen. Halako batean, Hernanin rokodromo bat egin, eta 15 urterekin estreinakoz bertara joan nintzen eskalatzera. Handik aurrera, eskalatzeko grina barruraino sartu zitzaidan".

Ezberdinak

Gazteak, eskalatzaileak, baina ezberdinak dira erabat Antxon eta Haritz. Lehenengoak dioenez, "Haritzek beti paretan gora egiten du, ondo edo gaizki beti gora, oso kaskagorra da; teknika apur bat hobetzea besterik ez du falta". Haritzek, ondotik: "Antxon, berriz, indar handiko eskalatzailea da, eta txapelketetan ezin hobeto moldatzen da. Ni baino hotzagoa da eta erresistentzia pixka bat gehiago izango balu"

Donostian nahiz Gipuzkoan Haritz Dominguez eskaladarako zaletasuna badagoela adierazi du Antxonek. "Pio Baroja kiroldegian jende asko ibiltzen da, baina hori bai, askok zaletasunagatik egiten dute, ez lehiatzeko asmoz".

Josune Bereziartu, Patxi Usobiaga. . . goi mailako nazioarteko eskalatzaileak ditugu Gipuzkoan, "baina horien atzetik ere, hain ezaguna ez den kalitatezko eskalatzaile mordoxka dago". Haritzek, dioenez, "nire adineko jendea ere ikusten da, baina egia da jarraipena ematea kostatzen zaiela. Hala ere, gero eta gehiago dira probatu eta aurrera egiten dutenak".

Segurtasuna

Kirol arriskutsua? Biek, di-da batean: "Ez". ziurtatu duenez, "beti lotuta zaude, eta gaur egun erabiltzen den materiala oso segurua da. Alde horretatik, jendeak jakin behar du oso kirol segurua dela". Antxon Zabalak ere gauza bera iritzi du: "Ez da lehen bezala, gaizki ekipatuta joaten zirela asko. Min hartzeko arrisku oso txikia dago egun; arrastada bat edo beste, baina hortik aurrera, ezer gutxi".

Biak gazteak, biek ere etorkizun oparoa eskaladan. Antxonek, ordea, ez dio bere buruari helburu jakinik jartzen. "Eskaladarekin gozatzen segitzea da nire helburu bakarra. Nork daki hemendik hilabetera nola nabilen? Momentuoro honetan gozatzen segitzea da nire asmoa". Haritzek, berriz, "egunez egun hobetzen joatea, eta eskaladan konfiantza osoz aritzeko oinarria sendo bat hartzea".


Antxon Zabala

Izena: Antxon Zabala
Adina: 18 urte
Jaioterria: Hernani
Ikastetxea: Easo Politeknikoa
Taldea: Fortuna
Emaitza onenak: Espainiako Kopa irabazi zuen iaz 18 urtez azpiko mailan, eta bi urtez jarraian, Euskal Herriko Txapelketa.
Haritz Dominguez

Izena: Haritz Dominguez
Adina: 15 urte
Jaioterria: Donostia
Ikastetxea: Peņaflorida, DBH4
Taldea: Fortuna
Emaitza onenak: aurten, seigarren Espainiako Txapelketan jubenil mailan, eta Espainiako Kopan 3. postuan doa. Iaz, hirugarren izan zen Espainiako Txapelketan eta Espainiako Kopan.