 |
|
 |
 |
Elkarrizketa
|
Jon Santamaria Bruesako Saskibaloilaria
|
|
«Saskibaloiaren inguruan sortu den zaletasunak
jarraipena izatea espero dut»
|
|
24 urte besterik izan ez arren, batetik bestera ibili da Jon Santamaria donostiarra saskibaloian jokatzen. Azken urteotan, Bruesa Gipuzkoa Basketen dihardu, eta aurten, ACBn, gozatzen ari da, minutu gutxi jokatzen ari bada ere.
|
Testua: Igor Uranga
Argazkiak: Sara Santos
Partida dezente jokatu dituzue dagoeneko ACB Ligan. Espero zenutena topatu al duzue maila gorenean?
Bai, maila konplikatua da, partida guztiak zailak dira eta, egia esan, une hauetan garaipen bat gehiago izatea espero genuen. Gauzak halaxe atera dira, eta taldeak hazten eta ikasten joan behar du.
Zer da momentuz deigarriena egin zaizuna maila honetan?
Iazko denboraldiarekin alderatuz, jokoaren erritmoa altuagoa da, eta batez ere fisikoki jokalariak gogorragoak dira ACBn.
Eta orain arte gehien gustatu zaizun taldea?
Estudiantes asko gustatu zait, nahiz eta Akasvayu Gironako jokalariak, bananbanan hartuta, oso onak diren.
Oraingoz, sailkapeneko behealdean zaudete. Espero zenuten hala ibiltzea?
Gure helburua mailari eustea da, eta behean gaudenez, horri begiratu behar diogu bakar-bakarrik.
Zaleek Illunben emandako erantzunarekin harrituta al zaudete?
Oso gustura gaude. Iaz ere zale kopuruak gora egin zuen nabarmen, eta txundigarria izan zen bukaeran kanpoko partidetara zenbat jende joan zen ikustea. Aldaketa handia nabaritu genuen, eta orain ditugun bazkideen kopuruari begiratzen badiogu, gainera, gehien dituen taldeetakoa da geurea. Eta hori, jakina, oso pozgarria da jokalariontzat, eta gugan jarri duten ilusio hori bueltatzen saiatuko gara.
Eta zer moduz hartu duzue Gasca kiroldegitik Illunberako aldaketa hori?
Ondo, aldaketa handia izan da. Gascan jokatzea ezberdina zen, baina pixkanaka zaleak eta jokalarion arteko sentsazioak gero eta hobeak dira Illunben ere.
Behealdean izan arren, galdu dituzuen lehia gehienak puntu gutxigatik izan da. Lehiakorrak zareten adierazle, ezta?
Hori nahi dugu, lehiakorrak izatea. Egia da puntu gutxiren aldearekin galtzen ari garela, baina ez dakit hori ona den, balio duen gauza bakarra irabaztea baita. Horrela jarraitzen badugu, ziur partida gehiago irabaziko ditugula.
Aldageletan, zuen artean, zer esaten diozue elkarri, aurten asko sufrituko duzuela, agian?
Taldea bat eginda dago, indarrarekin, baina egia da zerbait gehiago falta zaiola, agian etxean garaipenak lortzea… Partida bat galdu ondorengo 48 orduak lazgarriak dira; zer egin duzun gaizki behin eta berriro dabilkizu buruan, baina azkenean, beti aurrera egin beharra dago.
Talde donostiarra, baina zeu zara saskibaloilari donostiar eta gipuzkoar bakarra. Presio handiagoa al da zuretzat?
Oso ilusionatuta nago, Donostian, nire hirian jokatzen ari naizelako ACBn, eta oso motibatuta nago proiektu hau finka dadin. Donostiar bakarra izateak ez dit presio handiagoa ematen, ohore bat da nire hiriko taldeari laguntzea.
Gipuzkoako saskibaloiaren maila ez dela handiegia esan nahi al du horrek?
LEB mailan oso ondo dabiltzan jokalari gipuzkoarrak badaude, eta liga hori oso gogorra da. NBA, ACB, Italiako liga eta besteren bat alde batera utzita, LEB liga gogorrenetakoa da. Eta iaz hain ondo aritu ginenez, badirudi ez dela hainbesterako, baina benetan diot, LEB liga oso gogorra da. Hortaz, ACBn gutxi egon arren, Gipuzkoako saskibaloiaren maila ona dela argi utzi nahi dut.
Orain, elitean zaudetela, gazteen artean zaletasuna igo dela iruditzen zaizu ala momentuko olatua besterik ez da?
ACBn aritzea oso garrantzitsua da kluba hazten joateko, eta saskibaloiaren inguruan sortzen ari den ilusioa ikusirik, jendea nola erantzuten ari den, gaztetxoak… Zaletasuna handitzen ari da, eta emaitzak alde batera utzita, zaletasun horrek jarraipena izatea espero dut.
Eta zu zeu, gustura orain arte egindako lanarekin?
Orain arte minutu gutxi jokatzen ari naiz, baina jokatu ditudan horietan ondo ikusi dut neure burua; oso gustura nago, denok nahiko genuke gehiago jokatzea, baina taldea laguntzea da orain garrantzitsuena.
Aizu, eta txikitatik aritu al zara saskibaloian?
Txikitatik ez, baina 16-17 urterekin Tau Baskoniara joan nintzenetik, saskibaloiarekin asko gozatu dut, kirol honek erabat txundituta utzi ninduen. Leku ezberdinetako talde askotan jokatzeko aukera izan dut, eta hori oso aberasgarria da pertsonaren garapenerako.
|
|
|
Nor da?
|
Izena: Jon Santamaria.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 24 urte.
Pisua eta altuera: 86 kilo eta 1,95 metro.
Postua: Joko antolatzailea.
Kirol ibilbidea: Tau Baskonia, Pamesa Valencia, Datac Donostia, Valls, Murcia, Lobos Cantabria eta Bruesa Gipuzkoa Basket.
|
|
di-da batean
|
Saskibaloilari onena.
Magic Jonhson estatubatuarra.
Saskibaloiko talde onena.
Bruesa Gipuzkoa Basket.
Jokatzeko kantxa aproposena.
Murtziakoa. Han irabazi genuen LEB Liga iaz, eta hara bueltatu ginenean oroitzapen on asko etorri zitzaizkidan burura.
Jokalari gisa, une gozoena.
ACB Ligara igotzea lortu genuenean iragan denboraldian.
Eta txarrena.
Bizkarrean izandako lesioa.
|
Amets bat.
Jokalari bezala hobetzen joatea eta ACBn finkatzea.
Zer izan nahi zenuen txikia zinenean? Ez dakit, txanponekin jolastea asko gustatzen zitzaidan.
Ekonomialaria, agian!!!
Hiri bat.
Donostia.
Jaki bat.
Odolkia.
Film bat.
El sueño de Valentín.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |