Maria Luisa Irizar korrikalaria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 31 2006/11 »  Maria Luisa Irizar korrikalaria

Mitoa

Baserritarra eta atleta maitagarria
Gipuzkoak eman duen iraupeneko emakumezko korrikalari onenetakoa izan da Maria Luisa Irizar andoaindarra. Espainiako txapeldun zortzi aldiz, Behobia-Donostia lasterketa beste zazpitan irabazi zuen.


Mari Luisa Irizar korrikalaria
Sorlekua: Andoainen jaio zen 1964ko azaroaren 29an. 41 urte ditu, beraz.

Baserria eta kirola: goi mailako kirola egiten zuen urteetan ere, ez zuen inoiz baserriko lana alde batera utzi, Andoaingo Garro bere baserrian lehendabizi eta Aiako Salbardin baserrian, orain. Bere senar Peio Pagadizabalekin eta lau seme-alabekin bizi da bertan.

Soinketako eskolak: Andoaingo La Salle ikastetxean hasi zen korrika egiten. Zumeatarra klubeko Bixente Huiziren bitartez ekin zion. Bixentek soinketako eskolak ematen zizikion, eta berehala jabetu zen korrika ondo egiten zuela, eta hala, 15 urterekin berekin hasi zen korrika egiten.

Maitagarria: kirolari xumea eta maitagarria, Leitzaran inguruan entrenatzen zuen sarritan, eta jendeak bera korrika ikusterakoan asko animatzen omen zuen.

Baserritarra: horrela deitzen zioten Espainiako selekzioko kideek denak batera kontzentratzen zirenean. Konplexu bitaminikoak, karbohidratoak eta antzekoak zer ziren ez zekien. Baserrian denetarik jaten zuen andoaindarrak: babarrunak, perretxikoak... Tokatzen zena.

Cola Cao zopekin: 1987an, 20 kilometroko Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, dopin kontrola gainditu behar izan zuen Maria Luisak, eta kontroleko medikuak galdetu zionean ea zerbait hartu zuen (positibo eman zezakeen zerbait), zera erantzun zion: «Bai, Cola Cao zopekin». Berehala konturatu omen zen zein lotsagarri geratu zen.

Joko Olinpikoak: ez du parte hartzerik izan. 1988ko Seuleko Olinpiar Jokoetan, eta maratoian Espainiako txapeldun izan arren, Espainiako Federazioak ez zuen jokoetara eraman aurrekonturik ez zuela horretarako argudiatuz. Bartzelonako 1992ko Joko Olinpikoetan, berriz, neumonia batek hitzordu hartatik at utzi zuen.

Palmaresa: Espainiako txapeldun zortzi aldiz: maratoian (1987, 1988, 1991 eta 1995); 10.000 metrotan (1987, 1989) eta 20 kilometrotan (1985 eta 1987); zazpi aldiz irabazi zuen Behobia-Donostia lasterketa; Euskadiko kros txapelduna (1982, 1989, 1990 eta 1991).