Idoia Pey trialeko pilotua


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 31 2006/11 »  Idoia Pey trialeko pilotua

Protagonista

Idoia Pey trialeko pilotua
«Erotuta nengoela esaten zidaten adiskideek hasieran»
Trialean aritzen den euskal neska bakarretakoa da Idoia Pey donostiarra. Mutilekin batera lehiatu arren, ez da kikiltzen, eta zirkuitu zailak nahiago dituela aitortu du.
Neska asko al zaudete trial egiten?

Bi neska izango gara honetan aritzen garenak Gipuzkoan, eta Espainian, hamar bat-edo, eta guztiak adin beretsukoak, 15-16 urtekoak alegia.

Hain neska gutxi egonda, nola lehiatzen duzue?

Mutilekin batera ibiltzen gara junior mailan, baina elkarrekin jardun arren, neskak baino hobeak dira; motor gainean gu baino trebeagoak dira, batez ere.

Txapelketetan jendeak oraindik muturra okertzen al du neska zarela ikusten duenean?

Aurpegi arraroak jartzen dituzte egia esan, ez baitute inolaz ere espero parte-hartzaileen artean neska bat egoterik. Harritu egiten dira, baina mutilei baino gehiago animatzen digute.

Non lehiatzen zarete?

Euskadiko Txapelketan proba ezberdinak jokatzen dira, eta horietan parte hartzen dut. Espainiakoan eta Europako Txapelketan ere aritzen naiz, normalean.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Asteburuetan entrenatzen dut beti, larunbat eta igandetan, eta horretarako Hernani aldeko mendiren batera jotzen dut. Trialeko txapelketa bat izango balitz bezala aritzen naiz mendian, betiere akatsak zuzendu nahian.

Kirol garesti samarra dirudi. Hala al da?

Bai, bai, trialeko motor arrunt batek 3.000 euro baino gehiago kosta dezake. Eta hortik aparte, motorraren beraren mantentze lana ez da ahaztu behar.

Nola hasi zinen trialean?

Nire ahizpari trialeko motor bat erosi zioten, baina halako batean, ibiltzeari utzi zion. Motorra garajean zegoen, nire aitak tarteka erabiltzen zuen, eta niri gustatzen zitzaidanez nola ibiltzen zen, bada azkenean neu ere animatu nintzen trialean.

Hasieran, jendea harrituta geratu al zen trialean zenbiltzala jakin zutenean?

Nire adiskideak bereziki. Hasieran ez zuten sinesten trialean nenbilenik, eta erotuta nengoela esaten zidaten.

Zer da garrantzitsuena trialeko pilotu ona izateko?

Gauza asko behar dira, baina batez ere uneoro kontzentrazio maila handia izatea, erne ibiltzea.

Egia esaidazu, zenbat zartako hartu dituzu motor gainean zabiltzala?

Asko, asko. Erortzea eguneroko kontua da, normala da, uste ez duzunean erortzen zara beti. Behin eskumuturra hautsi nuen, baina horrez gain, ez dut min handirik hartu orain arte. Eta horrela jarrai dezadala!

Beti mendialdean ala areto barruan ere lehiatzen zarete modalitate honetan?

Ni behintzat mendialdean aritzen naiz beti, eta zirkuitua gero eta zailagoa izan, niretzat hobe.


Nor da?

Izena: Idoia Pey.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 16 urte.
Ikastetxea: Marianistas, Lehen Batxilergoa.
Motorra: Beta markakoa.
Emaitza onenak: hirugarren postua 2004ko Espainiako Txapelketan, kadetetan; Euskadiko txapeldunorde azken bost urteotan.