Emakumeen pilota


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 32 2006/12 »  Emakumeen pilota

Erreportajea

Emakumeen pilota bidea urratu nahian
Emakumea Pilotari proiektuari esker, gero eta gehiago dira gomazko paletan jokatzen ari diren emakumezkoak.


Testua: Igor Uranga

Titin, Irujo, Aimar Olaizola, Koteto Ezkurra, Goikoetxea, Bereikua, Enbil… Pilotako modalitate ezberdinetako izen handiak dira horiek. Eskupilotakoak batez ere askorentzat oso ezagunak dira; denak goi mailakoak, denak gizonezkoak. Eta emakumezkoak? Ba al dabil emakumerik pilotan jokatzen?

Maider Mendizabal gomazko paletako Munduko txapelduna izateaz gain, Gipuzkoako Pilota Federazioko emakumeen atalaren koordinatzailea da. Eta berak nabarmendu digunez, “aurreko urteekin alderatuta, aurten emakumezko pilotarien fitxa kopuruak gora egin du. Geldirik zegoen kontu bat berpiztu nahi dugu, eta horretarako, emakumeen pilota sustatzeko asmoz sortu dugu Emakume Pilotari proiektua”.

Une honetan emakumeen pilotaren baitan mugimendu handiagoa dagoela aipatu du Mendizabalek. “Emakumeen pilota duela hamabost bat urte sortu zen, gorakadatxo bat izan zuen, baina azken urteotan behera egin zuen neska berririk ez zelako hasten pilotan jokatzen”.

Pilotan hasi eta jarraitu

Emakume Pilotari proiektuak eskupilota eta gomazko paleta jorratzen ditu. “Gure asmoa da neskek pilotan hasi eta aurrerantzean ere horretan segitzea. Horregatik, ez du zentzurik beste modalitate batzuk erakustea gero inork ez badu jokatzen”, dio Mendizabalek. “Eskupilota ere erakusten dugu, 15 urte arte jarraitzen dute jokatzen neskak, baina hortik aurrera ez dago nahikoa neska txapelketa bat antolatzeko ere. Horregatik, gomazko paleta ari gara sustatzen, batez ere”. Gipuzkoako eskualde bakoitzeko honako herriek hartzen dute parte proiektu honetan: Arrasate-Bergara; Azpeitia-Zestoa; Tolosa-Ataun; Irun-Hondarribia eta Hernani-Donostia. Koordinatzaileak azpimarratu duenez, gainera, “proiektuak oso harrera ona du herri guztietan”.

Maiderrek aditzera eman digunez, «14 urtetik aurrera neskak eta mutilak banatu egin behar dira, ez dira bateragarriak; baina hori bai, ahalik eta errendimendu onena emateko, neskei aurrera egiteko aukera eta bitartekoak eman behar dizkiegu».


Emakume Pilotari Proiektuaren Ildo Nagusiak
Eskola kirola

Sustapen jarduerak antolatzen dituzte, eta normalean lau saiokoak izaten dira eskuz nahiz palaz. Alebin (10-12 urtekoak), infantil (12-14 urtekoak) eta kadete (14-16 urtekoak) mailako ikasleak barnean hartzen ditu, eta Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa ere antolatzen da. Maider Mendizabal proiektu honetako koordinatzaileak nabarmendu duenez, “sustapen jardueretan palaz jokatzeko interesa duten neskak egonez gero, elkarteren batean emakumeen pilota eskola bat sortzen ere saiatzen gara”.

Partaidetzako kirola

25 urtetik aurrerako emakumezkoei paletako ikastaro bat eskaitzen zaie proiektuaren barnean dauden herrietan. “Azpeitian, esaterako, 16 neska daude eta astean bitan aritzen dira; beste herrietan ere antzeko zerbait lortu nahi dugu, eta horretarako jendea nola erakarri pentsatzen ari gara”, dio Mendizabalek. Herrietako kirol ekitaldi berezietan, jaietan edo pilota jaialdi bat dagoenean, “nesken partida bat jokatzen ere saiatzen ari gara”

Kirol federatua

Pilota federatuan batzorde bat eratu zuten, eta bertan elkarteak, pilotariak eta federazioak sartzen dira. Mendizabalek dioenez, “lehiaketetan sor daitezkeen arazo guztiak jorratzen ditugu. Besteak beste, txapelketen egutegia hobetu behar dela hitz egin dugu, eta trinketean, adibidez, teknifikazioko bi zentro eratu dira”.


Donostian, hiru talde
Donostiarrak diren emakumezko pilotari gutxi dago hirian, eta klubak, berriz, hiru: Reala (4 neska ditu), Intxaurrondo (bospasei daude) eta Altzatarrak. Maider Mendizabalek aipatu duenez, “garai batean Atlético San Sebastiánek ere bi urtez pare bat neska bazituen palaz jokatzen, baina ez zuen gehiago iraun”. Mendizabalen iritziz, “neskek Donostian kirol asko egiteko aukera zabala dute, eta pilotan egiteko frontoiak bilatzea ere zaila da; ikastetxeetako pilotalekuak erabiltzen hasi gara”. Iaz, Santo Tomas Lizeoan burutu zituzten Donostiako emakumeen pilotaren inguruko estreinako sustapen kanpainak, eta aurten, “beste ikastetxeren batean egingo dugu gauza bera, pixkanaka gero eta ikastetxe gehiago bisitatuz”.