 |
|
 |
 |
Gaurkoa eta biharkoa
Maialen Olarra Eta Ainhoa Oñatibia
|
|
Bata bestearen ispilu
|
|
Fortunarekin entrenatzen dute baina Bardulia taldekoak dira Maialen Olarra (22 urte) eta Ainhoa Oñatibia (17 urte) igerilari donostiarrak. Donostiako igeriketako harrobiko bi perla dira biak ere.
|
|
Une honetan Donostiako igeriketan izar distiratsu handirik ez badago ere, asko dira kirol honetan aritzen eta lehiatzen direnak hirian. Azken horietako bi dira, esaterako, Maialen Olarra eta Ainhoa Oñatibia donostiarrak.
Maialenek crawl estiloko igeriketan dihardu, abiadurako probatan batez ere, eta Ainhoak, berriz, ez dio muzinik egiten estilo bakar bati ere. “Hala ere –dio Ainhoak-, bular eta crowl estiloan aritzen naiz bereziki, nahiz eta estiloetan ere igeri egiten dudan zenbaitetan”.
Uda garaian antolatu ei diren ikastaroetan egin zituzten bi igerilariek lehen urratsak kirol honetan. Maialenek aitortu digunez, “zazpi, zortzi urterekin heldu nion igeriketari; orduan eskubaloian ere jokatzen nuen, baina pixkanaka igeriketaren arra barren-barreneraino sartu eta, hamaika urterekin gutxi gorabehera, eskubaloia alde batera utzi nuen”. Ainhoak, baietz dio albotik. “Neuk ere beste kirol batzuk egiten nituen, baina bederatzi urterekin igeriketa egiten hasi nintzenetik, horretan aritu naiz buru-belarri, eta oso gustura gainera”.
Kirol konpletoena
Igeriketa dagoen kirol konpletoena dela diote aditu askok. Maialen ados dago baieztapen horrekin, “izan ere gorputz atal eta gihar guztiak martxan jartzen dira kirol hau egiten denean”. Modalitate asko daude igeriketan, batzuk besteak baino errazagoak dira, baina Ainhoak dioenez, “igeriketa ikasten hasten zarenean, denak irakasten saiatzen dira monitoreak. Dena den, ezin uka tximeleta igeriketa denik, agian, modalitate zailena. Indar handia behar da tximeletan behar bezala aritzeko”.
Gazteak izan arren, Maialenek eta Ainhoak eskarmentu handia dute dagoeneko igeriketan, eta elkar ondo ezagutzen dute. “Ainhoa oraindik oso gaztea bada ere, harritzekoa da zer nolako erresistentzia duen igeri egiten duenean!”, dio Maialenek. Hori entzun bezain laster, Ainhoa barrez hasi, eta berehala, zera esan du: “Maialen, berriz, betidanik nire ispilu izan da, igeriketan hasi nintzenetik ezagutzen dut, eta betiere laguntza handia eman izan dit”.
Sasoi onena 17 eta 22 urte besterik ez, baina Maialenen kasuan, lehiatzeko igeriketako sasoirik onena igaro omen du bi igerilarien hitzei kasu egiten badiegu behintzat. Maialenek eta Ainhoak aipatu dutenez, “nazioarteko txapelketetan punta-puntan ibiltzeko sasoi onena emakumezkoetan 19-20 urte bitarteko adina dela esaten dute, eta 23 urte ingurukoa, berriz, gizonezkoen kasuan”.
Batak zein besteak Bartzelonan egin beharreko igerileku estaliko Espainiako Txapelketan du burua. Maialenek esaterako, maila nagusian parte hartuko du, eta crowl estiloan “lehen hamasei onenen artean sailkatzea dut xede”. Ainhoa, berriz, 50 eta 100 metrotan ariko da bular nahiz crowl estiloan, eta “nire asmoa ahalik eta lan onena egitea da; ez diot neure buruari bestelako helbururik jartzen”.
Fortuna taldearekin entrenatu arren, Barduliarekin lehiatzen dira bi donostiarrak. Donostian, aipatu bi horiez gain, Easo eta Atlético San Sebastián taldeak ere badaude igeriketan. “Atléticok –dio Maialenek-, ume asko bereganatzen ditu; Easo duela gutxi arte hiriko igeriketa talde garrantzitsuena zen ziur aski, baina gaur egun, nik uste Fortunak aurrea hartu diola”.
|
|
|
Maialen Olarra
Sorlekua: Donostia.
Adina: 22 urte.
Taldea: Bardulia.
Modalitatea: crawl estiloko igeriketa.
|
Ainhoa Oñatibia
Sorlekua: Donostia.
Adina: 17 urte.
Taldea: Bardulia.
Estiloa: bular-estiloa eta crawl estiloa.
Ikastetxea: Usandizaga, Bigarren batxilergoa.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |