Elkarrizketa: Mikel Astarloza


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 33 2007/01 »  Elkarrizketa: Mikel Astarloza

Elkarrizketa

Mikel Astarloza txirrindularia
«Nire adiskideen adiskide ona naiz»


Azken bost urteotan Frantzian aritu ostean, Euskaltel Euskadirekin dihardu aurten Mikel Astarloza txirrindulariak. Gizon zuhur eta lagunkoia, bizikletari heldu aurretik arraunlari izan nahi zuela aitortu digu.
Testua: Igor Uranga

Esan egia, euskal txirrindulari guztien helburua da gaur egun Euskaltel-Eus­kadirekin fitxatzea?

Txirrindulariak, finean, helburuak errepidean jartzen di­tu, lasterketa jakinetan, eta Euskalteletik at ere euskal txi­rrindulari asko dago. Egia da, ordea, etxeko taldean ari­tzeak ilusio handia egiten di­gula; maila onenean dagoen taldea da, eta etxeko taldean gauzak asko errazten dira.

Eta zure ilusioa ere bazen Euskaltelera joatea?

Oso gustura nago Fran­tzi­an egin ditudan bost urteekin. Ez naiz inolaz ere damu­tzen han igarotako urte haiekin, eta ikaragarri ikasi nuen sentsazioarekin nator. Espe­rientzia handia dut orain, eta horren ondorioz, erantzukizun handiagoa izango dut hemendik aurrera. Oso pozik nago, eta etxeko taldeari ahalik eta garaipen gehien eskaintzeko asmoz nator.

Ag2r talde frantsesean ari­tu zara azken bost urteotan. Denbora tarte horretan bereziki jarraitu duzu talde laranjaren ibilbidea?

Zale bezala ere jarraitu dut, jakina. Euskadi taldea sortu zenetik bertako bazkide naiz proiektu erakargarria egiten zitzaidalako, baina profesional gisa, Euskaltelek bere xe­deak zituen, nik neureak, eta bakoitza bere aldetik joan da, orain arte.

Tourrean, batez ere, inbidia handia pasatzen al ze­nuen Euskaltel Euskadik erakar­tzen zuen jende uholdearekin?

Pirinioetako etapetan kolore laranja nagusitzen da, baina Euskalteletik at geunden euskal txirrindulariok beti komentatu izan dugu kolore laranja horrekin ere identifikatzen ginela. Beste talde ba­tzuetakoak izanagatik ez zitzaigun adorerik falta, eta zaleek berdin animatzen zu­ten Euskaltelen egon edo ez, euskal txirrindularia izateagatik bakarrik animatzen zuten. Euskal zalea horrexegatik baloratu izan dut beti, txirrindularitzan oso jarrita izan delako.

Orain, Eus­kal­telen zaude, eta itxuraz asmo handi­ekin zatoz. Zein di­ra asmo ho­riek?

Gauzak ar­gi utzi dizkidate ha­­sieratik. Frantzian erantzukizun han­­­di­ak nituen, eta Euskal­telen ere ez da ezberdina izango. Taldearentzat Eus­kal He­rriko Itzulia eta Fran­tzi­ako Tourra dira helburu na­gu­siak, eta bi lasterketa ho­rietan nire maila onena ematea eskatu didate. Eta gutxienez aurrealdean aritzea es­pe­ro dut, eta hala espero du­te taldeko agintariek ere.

Iban Mayo bizkaitarraren baja estal­tzera zatozela iru­ditzen zaizu?

Hala ez izatea espero dut, ezta zaleek ere! Iban Mayok maila handia erakutsi du orain arte, une batzuetan huts egin zuen, eta hutsegite horiek jendearengan haserrea sorrarazi zuen. Ni ez naiz inoren zuloa estaltzera etorri; eskarmentu handia dut itzuli handietan, oraindik gaz­te samarra naiz, eta horretaz baliatu dira ni fitxatzeko.

Agian oraindik baten bat despistatu samar dabil, eta ez ditu jakingo Mikel Astar­lo­zaren ezaugarriak zein di­ren txirrindulari gisa. Azal­­­duko al zenizkieke?

Tourreko mendateetan normalean oso ondo moldatzen naiz, aurrekoen martxa ja­rrai­tzeko moduan izaten naiz gehienetan. Erlojupekoetan ondo samar aritzen naiz, eta horrek guztiak egiten du sailkapen nagusian aurrealdean aritzea. Bestalde, argi dago esprinterako nire gaitasuna kas­karra dela, eta horrek era­giten du nire garaipen kopurua handiegia ez izatea.

Eta nolakoa da Mikel As­tarloza, pertsona gisa?

Gauzak bere neurrian baloratzen dituen pertsona naiz, eta nire adiskideen adiskide ona naiz.

Txirrin­dula­ria zara, baina ja­kin badakit txi­kitan arraunlaria izan nahi ze­nuela. Zer ger­­tatu zen ha­la ez gertatzeko, bada?

Txikitan eskupilotan eta futbolean ari­tzen nin­­tzen, baina 11 ur­terekin arraunlaria izan nahi nuen. Aita arraun­­­laria izan zen, arraun­ketaren ondorioz bizkarrean hainbat arazo izan zituen, eta horregatik ez ninduen utzi arraunlari izaten. Berekin haserretu, eta arraun­lari izaten ez baninduen uzten, txirrindulari izango nintzela erantzun nion.


Eta?

Familian aitona, osabak eta lehengusuak txirrindulariak nituen, pixka bat kasketa gi­­sa hasi nintzen, eta begira, gaur arte.

Bihurri horietakoa ala ogi puska bat zinen umetan? Egia esan, bihurri samarra, geldirik egoten ez zen horietakoa…

Eta noiz erabaki zenuen txirrindularitzari heldu be­har zeniola buru-belarri?

Hasieran garaipenak ez ni­tuen lortzen aurrealdean ibili arren, eta horrek amorrua ematen zidan. 14 urterekin-edo lortu nuen nire lehen ga­raipena, eta hortik aurrera, ur­tez urte asko hobetzen ari nintzela konturatzen nintzen. 15-16 urterekin argi nuen txirrindulari izan nahi nuela, eta hori lortzeko edozer egiteko gai nintzela.

Kirola beti ikasketen au­rretik izan duzun zerbait izan al da?

Gauzak dauden bezala gi­zartean ikasketak beharrezkoak dira, eta horixe igorri nahi­ko nieke gaztetxo guztiei. Dena den, aitortu beharra dut neure garaian esaten ari naizen hau ez nuela behar bezala bete. Uniber­tsi­tatera sartu aurretiko ikasketak amaitzera behartu ninduten etxean; hortik aurrera, bi­zi­kletari buru-belarri heldu nahi banion, utziko zidatela esan zidaten, eta halaxe egin nuen, jakina.

Pasaitarra bazara ere, Do­nostian duzu bizilekua. Hi­ri baten inguruan entrenatzea herri batean baino konplikatuagoa al da?

Pasaiakoa bai, baina Pasai San Pedrokoa! San Pedrotik Donostiara ez dago tarte han­dirik, ez da gehiegi alda­tzen zentzu horretan, eta lehen­go ibilbide berak egiten segitzen dut. Baina egia da Donos­tial­dea eta Oarsoaldea ezagu­tzen ditudan lekuetatik gaiztoenetakoak direla. Trafi­ko han­­dia, ibilgailu asko da­go erre­­pidean, baina hemendik alde egiteko asmorik ez du­da­nez… izorratu egin behar.

Norekin entrenatzen du­zu normalean?

Inguruko txirrindulariok osa­tzen dugu entrenatzeko taldetxoa. Donostian, Asier Ma­ez­tu eta biok elkartzen gara, Oiartzunen Iker Leonet eta aurten erretiratu den Ińigo Chaurreau nire lehengusua, eta Hondarribian eta Irunen Patxi Vila eta Juanma Ga­rate. Denak elkartu, eta normalean Ipar Euskal Herrira jo­tzen dugu entrenatzera. Tal­de ezberdinetakoak gara de­nak, baina urte askotan el­karrekin aritu gara. Askotan taldekideak berak baino ho­beto ezagutzen gara, taldekide bezala sentitzen dituzu horiek lasterketetan.

Txirrindularitza eta do­ping kontuak hain lotuta egoteak, ume askoren a­me­­­tsak zapuztu dituela us­te duzu txirrindulari izateko orduan?

Ez dut uste. Txirrindularitza maite duenak berdin-berdin maitatzen jarraituko du, zenbait hedabidek gauza batzuk edo besteak esan arren. Egia da kirolaren eta bereziki txirrindularitzaren ikuspuntua belztu egin dela dopingarengatik. Hala ere, ez dut uste horregatik gaztetxoak beldurtuko direnik.

Zer eskatzen diozu 2007. urteari?

Garaipen batzuk izatea, eta nire maila hobetzen joatea; horrekin, nahikoa.