 |
|
 |
 |
Erreportajea
|
Mendiko eta Iraupen Eskia
jende uholdeetatik ihesi
|
Paraje ederretatik ibli ohi dira mendiko eta iraupen eskiko zaleak, batzuk lehiatzen eta beste batzuk euren kasa, zeharkaldiak eginez.
|
|
Larri dabiltza eskiatzaileak denboraldi honetan; elurra ez dute adiskide aurtengoan, eta nahikoa lan dute batean edo bestean eskiatzeko. Gipuzkoako zale gehienek eski estazioetara jotzen dute, eski alpinoa dute gustuko, baina hala ere, eskiaren beste modalitate batzuek ere gero eta zale gehiago dituzte, iraupen eskiak edo mendiko eskiak, esate baterako.
Izan ere, alpinoa da eskiko modalitate izarra, baina besteak ere bidea urratzen ari dira, eta azkar gainera. Hala, urtez urte iraupen eskian nahiz mendi eskian gero eta zeharkaldi eta txapelketa gehiago antolatzen dira.
Zein ezberdintasun dago, ordea, mendiko eskiaren eta iraupen eskiaren artean? Jaime Eguzkitza Gipuzkoako Goi Mendi Eskolako irakaslea da, eta eski zeharkaldietan, mendiko eskian eskarmentu handia du. Berak aipatu duenez, “mendiko eskia elurretan mendira hurbiltzeko metodologia da. Elurra biguna denez, oinez aurrera egitea asko kostatzen zaigu mendian, eta eskiekin, berriz, askoz errazago egiten da aurrera. Jaitsierak, gainera, zapaldu gabeko elurretatik egiten dira”. Iraupen eskian, berriz, “pistak horretarako prestatuta daude, lau samarrak dira, eta normalean elurra zapalduta dago, arrastoa eginda. Modalitate honetan, eskiatzailea korrika bezala doala dirudi, eta mendiko eskian, oinez joaten gara”.
Eskiaren modalitate hauek gora egitearen arrazoien artean, Jaime Eguzkitzak pare bat nabarmentzen ditu: “Batetik, zaleek eski estazioetako masifikazioetatik urrundu nahi izatea, eta bestetik, Gipuzkoan mendizaletasun handia dagoenez, zaleak mendira jotzen du uda, udazken edo negu izan”. Praktikatzaileei dagokienez, iraupen eskian “gaztetxoak eta familia osoak ikus daitezke eskiatzen, sarritan; mendiko eskian, berriz, jende helduagoa eta urte osoko mendizaleak dira asko eta asko”.
Segurtasuna
Eguzkitzak argi utzi du iraupen eskia oso nekagarria dela, “mendiko eskian, berriz, nekatuz gero, atseden hartzen duzu eta kito. Mendiko eskia iraunkorragoa da beharbada, pazientzia handiagoa behar da, eta denbora gehiago behar du eskiatzaileak zeharkaldiak egiteko”.
Segurtasunari dagokionez, mendiko eskia iraupenezkoa baino arriskutsuagoa dela ziurtatu du Eguzkitzak, baina jendeak gero eta prestakuntza hobea omen du. “Gazteak erokeriak egitea errazagoa da, baina denborarekin segurtasun neurriak handiagoak dira, eta horren haritik, ikastaro askoz gehiago antolatzen dira”.
Mendiko eskian elur jausien arriskua hor dago, zapaldu gabeko elurretan zabiltza, eta horregatik, “irteera bat egin aurretik, zer nolako eguraldia egingo duen eta elurraren egoera jakitea oso garrantzitsua da. Informazio hori guztia, gainera, interneten dugu”. Horrez gain, mendiko eski irteera bat egiten dugunean, “ARVA izeneko aparatua eramatea oinarrizkoa da. Horrekin, elur jausi batek harrapatuta ere, elurpean dagoena aurkitzeko balio du”. Mendiko eskian edo iraupen eskian hasi nahi duenak edo informazio gehiagorako, Gipuzkoako Goi Mendi Eskolarekin harremanetan jar zaitezkete.
Gipuzkoako Goi Mendi Eskola
Telefonoa: 943 461440
|
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |