Aerobica


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 34 2007/02 »  Aerobica

Gaurkoa eta biharkoa

Ainhoa Iruretagoiena eta Maite Pavon
Negu partean, inguruko gimnasioak jendez betetzen dira. Horixe da, esaterako, Gimnasio Femenino Easoren kasua. Maite Pavónek (28 urte) aerobic irakasten du bertan, eta Ainhoa Iruretagoiena (14 urte) da bere ikasleetako bat.
Gimnasioan egiten diren jardueren artean, ezagunena eta klasikoena izango da beharbada aerobica. Maite Pavon Gimnasio Femenino Easoko irakaslea da, hamabi urte daramatza hori irakasten, eta berak aditzera eman duenez, “urte hauetan guztietan, aerobica egin eta irakasteko era asko aldatu da”.

Maitek azpimarratu duenez, “lehen aerobica oso erraz egiten zen, ez zuen inolako konplikaziorik; orain, berriz, dantzako pauso pila erakusten dira, bira ezberdinak eta koreografia askoz gehiago lantzen da. Lehen, lau jauzi eta korrika pixka bat egitea nahikoa zen aerobicen”. Jendearen profilari dagokionez, berriz, irakaslearen ustez, “beti adin tarte guztietako jendea aritu izan da honetan, nahiz eta aitortu behar dudan azken urteotan nagusiak diren praktikatzaileen kopuruak gora egin duela”.

Aerobiceko irakaslea da Maite GF Eason, eta Ainhoa Irutegoiena bere ikaslea da. 14 urte ditu Ainhoak, eta duela urtebete hasi zen honetan. “Gimnasio honetara aerobic egitera etortzen zen adiskide bat nuen, nire eskolako adiskidea, eta berak animatu ninduen aerobic egitera. Eta eskerrak berari, oso gustura aritzen bainaiz”. Maitek, berehala: “Bai, bai, hala da. Oso gustura etortzen dela argi dago, eta zerbaiterako, zerbait egiteko boluntarioren bat behar badut, beti berak eskaintzen du bere burua laguntzeko”.

Maratoiak, modan Azken urteotan, aerobiceko maratoiak modan jarri dira. Maitek, hala ere, ez du uste aerobic egiten orain hasten denak maratoi horiek dituenik buruan. Ainhoak ikusi izan du aerobiceko maratoien bat edo beste. “Benta Berriko kiroldegian ikusi izan dut, eta egia esan behar badut, inbidia pixka bat ematen didate”. Maitek, albotik: “Gertatzen dena da oraindik Ainhoa gazte samarra dela. Maratoi horietan 16 urterekin-edo parte hartzen has zaitezke, eta ondo prestatuta joan behar da, koreografia zail samarrak jartzen baitituzte maratoietan”.

Horren haritik, Ainhoak nabarmendu du horixe bera dela beretzat aerobiceko gauzarik zailena, koreografiaren martxa behar bezala jarraitzea. “Koreografia batzuk besteak baino zailagoak dira, eta zenbaitetan horien erritmoa behar bezala eramatea ez da batere erraza”. Aerobica da Ainhoak egin duena orain arte gimnasioan, “baina duela gutxi gimnasioko bizikleta gainean spinning egiten ere probatu nuen, eta egia esan behar badut, hurrengo egunean giharretako ikaragarrizko mina nuen!”.

Modalitate berriak Spinning, step… Aerobicen antzera egiten diren beste hainbat modalitate ezagutu ditugu azken urteotan gimnasioetan. Maite irakasleak hori mesedegarria dela adierazi du. “Aerobica eta beste horiek guztiak erabat osagarriak dira, eta hala, egun spinning egiten baduzu bizikleta gainean adibidez, hurrengoan step egin dezakezu, hurrengoan aerobic… Jende askok hori egiten du, gainera”.

Maitek argi utzi du aerobicak oraindik nesken jarduera izaten jarraitzen duela. “Nik neuk ere ez dut ezagutzen aerobica egiten duen mutilik”, dio Ainhoak. Irakaslearen aburuz, “aurreiritziek oraindik indarra dute, nahiz eta pixkanaka-pixkanaka mutilak ere aerobic egiten animatzen hasi diren. Dena dela, spinning eta beste modalitate berriago batzuei esker, gimnasioko jardueretan gizonezko gehiago ikusten da. Spinningen, adibidez, gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira».


Ainhoa Iruretagoiena

Sorlekua: Donostia.
Adina: 14 urte.
Ikastetxea: Antigua Luberri, DBH2.
Maite Pavón

Sorlekua: Hernani.
Bizilekua: Astigarraga.
Adina: 28 urte.
Iruzkina: 1995etik irakasten du aerobic.