 |
|
 |
 |
Protagonista
Espainiako Txapelketan iazko emaitza hobetzea du xede Garazik.
|
|
Garazi Novo patinatzailea
|
|
«Jauziak ondo, zehatz, egitea da gauzarik zailena»
|
|
Donostiako patinatzaile onenetakoa
da Garazi Novo donostiarra, eta iaz lehen hamarren artean sailkatu zen Espainiako Txapelketan.
|
2006ko Espainiako Txapelketan, hamar onenen artean sailkatu zinen, eta hirugarren Euskadiko Txapelketan. Bi proba horietako zein emaitzarekin zaude gusturago?
Espainiako Txapelketan lortutako emaitzarekin. Zazpigarren sailkatu nintzen, eta Espainia osoko patinatzaileak lehiatu zirela kontuan izanda, gustura egoteko modukoa da; euskal selekzioko onena izan nintzen, gainera. Espainiako Txapelketan Euskadikoan baino maila hobea egon ohi da.
Txuri-Berriko patinatzaile donostiarren maila zer moduzkoa da, oro har?
Ona, baina Espainia mailan, Madrilen eta Bartzelona aldean maila handiagoa dute. Entrenamendu askoz gehiago egiten dituzte han, eta patinatzaileek, gainera, eskola berezietan ikasten dute patinajea ikasketekin osagarri egiteko. Guk, berriz, entrenatzeko ordu desegoki samarrak ditugu: edo gauean berandu samar, edo asteburuetan goizean oso goiz. Edonola ere, Txuri-Berrin Espainiako txapeldun bat baino gehiago izan dugu eta dugu.
Zu zeu nola hasi zinen patinatzen, noren bitartez?
2000. urtean hasi nintzen, 8 urterekin. Txikitan amarekin joaten nintzen Txuri Urdinera, neska asko ikusten nuen klubean patinatzen, eta nik neuk ere horretan aritu behar nuela ikusi nuen. Pista berritu zutenean, klubean sartu nintzen.
Kanpotik behintzat kirol gogorra eta zaila dirudi. Hala al da?
Zaila eta gogorra da, baina ohituta nago. Hasiera konplikatua da, eta gogorrena beharbada entrenamenduen ordutegia da, kolpeak ere jasotzen dira…
Kolpe handiak?
Dena behar bezala ikasteak bere denbora eskatzen du, baina erorketa ohikoenak jauzietan gertatzen dira eta, beharbada, jauzi horiek zehaztasun handiarekin, kontrol handiarekin egitea da gauzarik zailena. Hasieran gauzak behar bezala ateratzeko erortzea normala da. Baina kolpeak, ubeldura batzuk besterik ez dira izaten, besterik gabe. Hasiberria edo goi mailako patinatzailea izan, berdin dio, denak erortzen gara, gehiago edo gutxiago.
Zein helburu jarri dizkiozu zeure buruari urte honetarako?
Hitzordu garrantzitsuena Espainiako Txapelketa izango da aurten ere. Maila ona erakustea da nire helburua, eta iaz baino postu hobea lortzen badut oso gustura geratuko nintzateke. Aste Santu aldean izango da txapelketa, eta ea lan ona egiteko aukera dudan.
Etorkizunean patinaje artistikoa egiten atera nahiko zenuke bizimodua?
Oso zaila da, eta Euskal Herrian are zailagoa. Horregatik, ez dut momentuz halako kontuetan pentsatu ere egin. Patinaje artistikoa eta ikasketak biak ondo eramatearekin nahikoa eta gehiegi dut.
Ordu asko sartu behar dira pistan ala hortik kanpo ere entrenazen duzue?
Alde fisikoa lantzeko orduak ere baditugu, eta horretarako pistatik kanpora joaten gara. Korrika, luzatze ariketak, gimnasio pixka bat egiten dugu… betiere malgutasuna eta erresistentzia hobetzeko asmoz.
Oraindik patinaje artistikoak nesken kirola izaten jarraitzen duela uste duzu?
Bai, beti emakumeen kiroltzat jo izan da, baina urteak pasa ahala, hori pixkanaka-pixkanaka aldatzen doa, eta normalagoa bihurtzen ari da patinaje artistikoko klubetan mutilak ikustea ere.
|
|
NOR DA?
Izena: Garazi Novo.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 14 urte.
Taldea: Txuri-Berri.
Ikastetxea: Antigua-Luberri, DBH3.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |