Bizikleta hautatzea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 35 2007/03 »  Bizikleta hautatzea

Erreportajea

Bizikleta, ondo hautatu, ondo prestatu
Batetik bestera bidaiatzeko asmoa izanez gero, zure irteera ahalik eta erosoen egiteko, bizikleta eta bere inguruko kontu batzuk aintzat hartu behar dira.
Diru gutxi ordainduta, zure mendiko bizikleta bidaiatzeko bizikleta apropos bihurtzeko, honako alderdi hauek kontuan hartu beharko dituzu:

1. Aulkiaren eta eskulekuaren arteko distantzia: hori faktore erabakitzailea izango da ibilgailuaren erosotasunerako. Zelaren eta eskulekuaren artean behar baino distantzia handiagoa badago, bizkarra gehiegi luzatu beharko duzu eta, ondorioz, lepoa eta gerrialdea asko zigortuko dituzu. Aldiz, distantzia txikiegia bada, zure gorputzaren pisu guztia zelaren gainean eroriko da eta horrek ipurdi ingurua mindu diezazuke. Hortaz, potentzia motzeko bizikleta luzea gomendatzen dizugu, 10 edo 11 zentimetrokoa.

2. Aulkia: sarritan, besterik adierazi ezean, bizikletetan jartzen diren aulkiak oso gogorrak izan ohi dira; horrek batzuetan ipurmasaila zigor diezazuke. Bilatu ahalik eta aulki zabalena, eta prostata babesten duten zelak ere badira, bereziki, gizonezkoentzat.

3. Direkzioaren angelua: bi aukera dituzu, edo angelu bertikalagoaren aldeko aukera egitea (74 gradukoa), horrek erreakzio azkarragoa, baina ahulagoa eskainiko dizu; edo angelu etzanagoa aukeratzea (70 gradukoa), horrek egonkortasun handiagoa eskainiko dizu.

4. Zikloturista: begiratu bizikletak pakete-zorroa eta lohi-babesa jartzeko dagozkion zuloak badituen.

5. Barra horizontala: Eskulekutik aulkiaren hodira doan barra. Ahalik eta zuzenena izan behar du; zenbat eta inklinatuago egon, orduan eta arazo gehiago izango dituzu aurreko puntuan aipatutako pakete-zorroa eta lohi-babesa jartzeko.

6. Pedal-ardatzaren altuera: Pedal-ardatza zenbat eta altuago egon, orduan eta ezusteko gutxiago izango duzu. Izan ere, altura egokian jarrita ez badago, platoek lurra uki dezakete eskailerak jaistean edo eremu harritsuetatik igarotzean. Pedal-ardatzaren eta lurraren artean, gutxienez, 30 cm-ko distantzia behar du.