Inkesta: irakasleak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 36 2007/04 »  Inkesta: irakasleak

Ikastetxez ikastetxe

INKESTA: irakasleak
Gustukoa al duzu Mugi aldizkaria?

Ibaetako triinketean joka daitekeen jorkyballaren berri ere eman izan dugu Egin ezazu saioa atalean.
Aldizkari hau gustukoa duzuen edo ez, zer hobetu behar duen, zer aldatu… Hori guztia eta gehiago jakiteko, ikastetxeetara jo dugu euren iritzia jasotzera.
1- Zure ikastetxean Mugi aldizkaria banatzen eta erabiltzen al da?

2- Argitalpen erakargarria iruditzen al zaizu?

3- Zein duzu atal gustukoena?

4- Eta zein kenduko zenuke?

5- Atal berriren bat sartuko al zenuke?


LA ASUNCIÓN IKASTETXEA

Juan Carlos Duque. Kirol koordinatzailea.
1- Aldizkari guztiak Lehen Hezkuntzako ikasleen artean banatzen ditugu. Oro har, euskara eta batez ere irakurketa orduan erabiltzen ditugu. Testuak irakurri ondoren, laburpenak egiten ditugu, hiztegia ere lantzen dugu edo galderak prestatzen ditugu.

2- Oso erakargarria egiten zait, baita ikasleei ere, ondo eta ulergarri idatzita dagoelako, argazki asko eta ederrak dituelako eta kiroletako testuak beti oso erakargarriak izaten direlako ikasleentzat.

3- Bi ditut gustuko, batez ere. Batetik azaleko erreportajean kirol ezberdinak lantzen dira, ezezagunak, interesgarriak… Bestetik, Ikastetxez ikastetxe atala ere asko atsegin dut; kirol koordinatzailea naizenez, beti beste eskolako instalazioak, ekintzak eta ikasleen iritzia ezagutzea interesatzen zaidalako.

4- Ez nuke ezer kenduko, atal guztiak interesgarriak iruditzen zaizkit-eta.

5- Herri kirolekin zerikusi zuzena duten ekintzak, tresnak edo nola praktikatzen direnei buruzko atala.



Maria Luisa Irizar protagonista izandakoa da Mitoa atalean.


lauaizeta BHI

Idoya Bernabeu. Kirol koordinatzailea
1- Iaz banatzen genituen, eta ikasleekin lanak egiteko erabiltzen genituen. Aurten ere horretan hasi ginen, baina ale batzuk alferrik galtzen zirela konturatu ginenean, banatu ordez nahi duenak hartzeko uzten ditugu ikastetxean.

2- Aldizkari erakargarria iruditzen zait, kirol askotaz hitz egiten duelako eta informazio interesgarria eskaintzen duelako.

3- Mitoen atala bereziki, Donostian edo Gipuzkoan kirolari garrantzitsuak izan direnen historia ezagutzeko aukera ematen baitigu.

4- Dauden atalak ondo daude, ez dut kexarik; beraz, dagoen bezala ondo ikusten dut, ez nuke ezer kenduko.

5- Ondo aukeratutako atalak direnez, ez nuke berririk sartuko. Beti dago zerbait berria sartzeko aukera, baina egia esan, dagoenaz aparte ez zait ezer bururatzen.



Ziklo krosak ere protagonismo handia izan du gure erreportajeren batean.


El Carmelo ikastetxea

Karlota Sanchez. Euskara koordinatzailea
1- Bai, DBHko geletan banatzen dugu, eta euskarako eskoletan irakurtzen eta erabiltzen ditugu.

2- Bai. Kirola ikasleek gustuko duten gaia delako, eta aldizkarian kaleratzen diren gaiak askotan hurbileko kirolak eta ezagunak dira.

3- Ikastetxez ikastetxe eta erreportajea. Lehenengo atalean, ikasleei erakargarria egiten zaie beti ezagunen bat topatzen dutelako; erreportajea, berriz, euskara eskoletan joko handia ematen digulako.

4- Gustura nago daudenekin, eta beraz, ez nuke atal bat bera ere kenduko.

5- Kirol berriei eskainitako atal berriren bat sartuko nuke beharbada, horien arautegiak azaldu, bestelako informazioa helarazi… Kirol berri horiek ezagutzera emateko bidea ireki, hain zuzen.



Igor Santamaria, Bruesako donostiar bakarra ere, elkarrizketatu genuen.


S. Maria Ikastetxea-marianistas

Ignacio Maestre. Kirol koordinatzailea
1- Bai, gure ikastetxean banatzen da aldizkaria, DBHko ikasleen artean, batez ere. Euskarazko irakurketa sustatzea dugu xede.

2- Oso erakargarria, gaztetxoentzat bereziki. Kirol ezberdinak jorratzen ditu, atalak oso landuak daude, erraz irakurtzen da eta argazkiak ikusgarriak dira maiz.

3- Ikastetxez ikastetxe atala asko gustatzen zait. Ikastetxe guztien lana aldizkarian ikustea oso ondo dago. Lan polita egiten dugu ikastetxe guztiak kirolarekin, eta lan hori nolabait jakinaraztea merezi du.

4- Ez nuke atalik kenduko, benetan. Orri kopuru nahikoa du argitalpen on bat izateko, eta Mugi irakurtzea ez da batere astuna egiten.

5- Zerbait esatearren,kirolari famatuen elkarrizketetan edo erreportajeetan, bitxikeri gehiago jarriko nituzke. Klasikoa da, baina ikusi duen azken filma eta antzekoak oso gustura irakurtzen ditu jendeak.