 |
|
 |
 |
Protagonista
|
Borja Olano futbolaria
|
Borja Olano -eskuinean-, Antiguokorekin jokatutako partida batean.
|
|
«Thierry Henry da gehien miresten dudan futbolaria»
|
|
Antiguoko taldeko aurrelaria da
Borja Olano donostiarra. Euskadiko selekzioarekin bigarren geratu zen iaz, Espainiako Txapelketan.
|
Aurrelaria zara, baina zer nolako aurrelaria?
Bi aurrelarirekin jokatzen dugu sarritan, eta nik pixka bat atzeratuta jokatzen dut; baloiaren bila gehiago jaisten naiz, punta erdi lanak eginez pixka bat.
Nihaten antz handiagoa duzu Kovacevicena baino, hortaz?
Bai, bai. Nihat Nihat da, ezin dut neure burua berekin alderatu, baina bi horietatik Nihaten antz handiagoa dut bai, dudarik gabe.
Zein da gehien miresten duzun aurrelaria?
Thierry Henry frantsesa. Dena erraztasun handiarekin egiten du, oso erraza balitz bezala. Klase handikoa da, oso elegantea. Egia da azkenaldian ez dela bere izena asko atera hedabideetan, bana ez dut zalantzarik oraindik ere munduko onenen artean dagoela.
Eta beti aurrelari gisa aritu zara?
Futbol zazpian jokatzen hasi nintzenetik beti eskuin aldetik jokatu izan dut, zelai erdian, baina hamaika hamaikaren aurka jokatzen hasi nintzenean, aurrealdean jarri ninduten orduan, eta hor jarraitzen dut, gustura.
Zein mailatan jokatzen duzu zehazki?
Jubeniletan, Liga Nazionalean jokatzen dut gehienetan, eta momentuz gauzak ondo samar doazkigu. Reala eta Athletic gure aurretik daude, baina horien azpitik maila onean gabiltza. Bi talde horien aurka betiere grina eta irrika bereziarekin ateratzen gara; klub bereziak dira, eta horiei irabazteko gogoa handiagoa izaten da.
Antiguoko taldean zaude. Zer dela-eta ateratzen dira hainbeste jokalari on talde horretatik?
Txikitandik badakite zein umek dituen futbolari ona izateko dohainak, txikitandik jarraipena egiten diote, eta oso goiz hasten dira entrenatzen taldean.
Euskadiko selekzioarekin jokatu zenuen iaz. Zer nolako esperientzia izan zen?
Autonomia erkidegoen Espainiako Txapelketa jokatu nuen 16 urtez azpiko mailan eta Euskadiko selekzioarekin txapeldunorde geratu ginen. Murtzian aritu ginen, eta finalean madrildarren aurrean galdu genuen 2-1. Markagailuan aurretik jarri arren, azkenean ezin izan genion emaitzari eutsi. Penagarria izan zen benetan.
Zeure burua inoiz Lehen Mailan ikusten duzu?
Ametsa beti hor dago, eta jakina, profesionaletara iristea nahiko nuke! Baina hori oso urruti dago, ez dut horretan pentsatzen. Momentuz gustura nabil Antiguokon, futbolean jokatzen, eta gauzak ondo ateratzen bazaizkit, ikusiko dugu etorkizunean zer gertatzen den.
Aukeratzerik bazenu, zein taldetan jokatzea gustatuko litzaizuke?
Aukera hori izango banu, Barcelonan jokatzea ikaragarria litzateke niretzat, baina badakit hori ia ezinezkoa dela.
Futbolaz gain, beste kirolik egiten duzu?
Orain gutxiago aritzen banaiz ere, tenisean asko jokatu dut; dena den, udan denbora gehiago izaten dudanez, orduan aprobetxatzen dut tenisean gehiago egiteko eta baita ere surfean, Zurriolan.
Eta zer diozu Realaz. Salbatzeko aukerarik ikusten diozu?
Oso beltz dago, baina itxaropentsu nago oraindik ere.
|
|
NOR DA?
|
Izena: Borja Olano.
Sorlekua: Donostia.
Adina: 17 urte.
Kluba: Antiguoko.
Ikastetxea: Larramendi ikastetxea, Lehen Batxilergoa.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |