Herri kirolak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 37 2007/05 »  Herri kirolak

Herri kirolak

Mari Jose Sardon harri jasotzailea

Mari Jose Sardon harritzar bat sorbalda gainera eraman nahian.

«Indartsua izateaz gain, sufritzen ere jakin behar harri jasotzean»
Miren Urkiola bizkaitarrarekin batera, harriak jasotzen ari den emakume bakarretakoa da Mari Jose Sardon urnietarra. Hobetzen joatea du xede bakarra.


Zure azkeneko errekorra 113 kiloko zilindrikoarekin lortu zenuen. Errekor berriak jarri eta jarri zabiltza. Non duzu muga?

Teknika berriak ikasten saiatzen ari naiz, harri ezberdinekin lanean, entrenatzen… Nire adinarekin orain egin behar dut ahal dudan guztia. Primeran sentitzen naiz, baina beste gauza batzuk egiteko gogoa dut; zenbait urtetan ahalik eta lan onena egiten ahaleginduko naiz, eta gero gerokoak.

Ez zara oso gazterik hasi honetan. Zergatik hasi zara harriak jasotzen?

Judoka naiz, eta herriko jai batzuetan harria altxatzeko proposamena egin zidaten, jende indartsua behar zutela-eta. Norbaitek nola egiten zen erakutsiz gero saiatuko nintzela erantzun nien eta halaxe egin nuen. Horren ondoren, pixka bat harriekin serioago entrenatzeko aukera eman zidaten; honetarako gaitasuna nuela esaten zidaten, eta egia esan, oso gustura nago hartutako erabakiarekin.

Urtebete baino gehiago daramazu honetan. Espero zenuena topatu al duzu?

Serio-serio joan den otsailean urtebete egin nuen harriak jasotzen, eta ez nuen espero inondik inora hainbeste harri altxatuko nituenik. Inguruko jendearen laguntza handia jaso dut, maitatua sentitu naiz, oso babestua, eta urtebetean egindako lanak oihartzun handia izan du hedabideetan.

Miren Urkiola bizkaitarra eta zeu bakarrik al zabiltzate harriak jasotzen emakumezkoen artean?

Bai. Araban ere bada beste emakume bat txingekin aritzen dena batez ere, baina tarteka harriak jasotzen ere ibiltzen da. Miren eta biok, berriz, oso gutxitan izan gara elkarrekin. Abenduan ezagutu nuen, eta hortik aparte, aurtengo Euskadiko Sei Orduetan. Udan elkarrekin erakustaldiak egingo ditugu; neska jatorra da, baita Zelai bere entrenatzailea ere. Elkar ondo ulertzeko ez dugu arazorik izango, eta ahal dugun neurriak, neska gehiago honetan hastera animatu behar dugu. Txapelketa bat egiteko, gainera, hiru emakumezko behar dira eta ea norbait animatzen den.

Herri kiroletan aritzen diren emakume gehiago ezagutzen dituzu?

Oiartzungo sokatirako neska taldea ezagutzen dut eta Urnietan bertan ere badira lokotx biltzen eta sokatiran ere aritzen direnak.

Gizonezkoak nagusi diren kirol honetan, nola animatuko zenituzke neskak honetan aritzera, zein argudio emango zenizkieke?

Urte batzuk barru emakume gehiago egoteko, behetik hasi behar da lanean. 20 edo 30 urterekin hastea oso berandu da, zaila da adin horretako emakumeak honetan hastea. Horregatik, eskola kirolaren barruan herri kirolak sartu beharko lirateke, eta hortik zaleak ateratzen badira, horiei lagundu. Bestela, gure adinean oso zaila da norbait animatzea.

Dohain edo ezaugarri berezi bat behar da honetan aritzeko?

Indartsua izan behar da, baina sufritzen ere jakin behar duzu; lehiaketak sakrifizioa eskatzen dizu, eta horretarako ez bazaude prestatuta, alferrik da. Lehiaketak une txarrak onak baino gehiago ditu; beraz, momentu txar horietan psikologikoki gogorra ez bazara, jai dago. Eta fisikoki ere sasoiko egon behar duzu.

Entrenamendu asko egiten al dituzu?

Udan erakustaldi asko egiten ditugunez entrenamenduak ezberdinak izaten dira, baina neguan astean hiru aldiz harriekin aritzen naiz, eta horretaz aparte, judoko entrenamenduekin jarraitzen dut, gimnasiora joaten naiz, pisuekin aritzera… Harria jasotzen hasi aurretik, ondo berotzea gustatzen zait.

Harri batzuetatik bestetara aldea egongo da. Zein dira erabiltzeko zailenak?

Zilindrikoa, bola eta kopa formako harriak ukitu ditut orain arte. Nire asmoa harri angeluzuzenarekin eta kubikoarekin ere ikastea da. Jakin badakit kubikoa dela zailena, baina ikasi nahi dut horrekin ere. Izkin batean dut harri hori zokoratuta, eta horrekin probatzen hasi aurretik ondo ikasi beharra dut, harriari heltzen diodanean segurtasunez egiteko.

Judoka ona ere bazara, hortaz…

6 urterekin hasi nintzen honetan, eta duela 12 urtetik umeeei irakasten diet ere. Urtarrilean Espainiako Txapelketa jokatu nuen, eta hirugarren sailkatu nintzen 78 kilotik gorako pisuan. Emaitza oso ona izan zen niretzat, eta nire adinean Euskal Herri mailan oso jende gutxi ikusten da. Nire momentu onenean nago orain; ondo pasatzea joaten naiz eta, gainera, emaitza onak lortzen ari naiz. Hamar bider izan naiz hirugarren Espainiako Txapelketan, baina ez naiz inoiz final batera heldu.

Eta zer moduz ETBko El Conquistador del Fin del Mundo lehiaketan?

Oraintxe bertan joango nintzateke berriro lehiaketa horretara. %98 ona, positiboa izan da lehiaketa horretan bizi izan dudana. Oso ondo pasatu dut, baina aitortu behar dut telebistaz ikusten dena baino askoz gogorragoa dela lehiaketa hau. Hiru egunetan bizitakoa bi orduko saio batean islatzea telebistaz oso zaila da.



Miren Urkiola harri jasotzailea.



NOR DA?

Izena: Mari Jose Sardon.
Sorlekua: Urnieta.
Adina: 34 urte
Judoko taldea: Adarra Judo Klub.
Xedea: hobetzen joatea.