Fortuna ibilaldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 37 2007/05 »  Fortuna ibilaldia

Mendia

Fortuna ibilaldia

Valderejo Parke Naturaleko paraje ederretatik ere ibiliko dira mendizaleak.


Bizkaia, Araba eta Burgos barrena
Ekainaren 3rako antolatu du Fortunak Fortuna Ibilaldia. 67. edizioa beteko du aurten, eta ibiltariak Bizkaia, Araba eta Burgos mendialdean ibiliko dira.

Ekainaren 3rako antolatu du Fortuna taldeak Fortuna Ibilaldia. 67. edizioa izango da aurtengoa, eta parte-hartzaileak Bizkaiko, Arabako eta Burgoseko lurretan barrena ibiliko dira.

Espainiako mendi ibilaldien egutegiko zaharrena da Fortuna Ibilaldia. 1941. urtetik aurrera, etenik gabe antolatu da, eta bere ezaugarri nagusia urtez urte zirkuitua ezberdin batean egiten dela da.

Ekainaren 3an egingo den ibilbidea ezezaguna bezain interesgarria da, eta Bizkaiko, Arabako eta Burgoseko mendialdean ibiliko dira mendizaleak. Bisitari urriko lekutatik igaroko dira, jende gutxik ezagutzen dituen mendi eta paraje urrunetan, eta bertako paisaiak, herriak nahiz ekosistemak aniztasun handikoak dira.

Ibilaldia Urduñako Londoño Goikoatik aterako da. Ondoren, Salbada Mendilerrorantz Senda Negra bide ikusgarritik doa Tologorri harroaren itzaletik. Hemen, bidea Burgosen sartzen da Losa bailara iparraldetik hegoaldera zeharkatzeko. Bailararen paisaia muino eta soroen artean dauden herrixkek osatzen dute, pixkanaka gorantz egiten du bideak Valdegobiako eskualdea inguratuz eta azkenik Valderejo Parke Naturalean sartuko da.

Naturgune basatia Euskal Herrian geratzen diren naturgune basatienetakoa da hori, eta ondoen kontserbatuta dagoenetakoa. Ibilbidearen azken zatiak Puron ibaiaren zintzurra zeharkatzen du (leku eder eta bitxia), eta Burgoseko lurretan sartzen da. Tobalina bailarara eta Herran herri txiki eta historikoan amaituko da zeharkaldia, Quintana Martin Galíndez udalerrian.

44 kilometro osatu beharko dituzte mendizaleek orotara, eta lehen igoera izan ezik, profil leunekoa da. Ibilbidea goizeko 7:00etan hasiko da eta lau kontrol postu jarriko dira. Ibilbidean zehar ez dago iturri edo ur puntutik ia, eta urtero bezala, Fortunak autobusak antolatuko ditu irteerara eramateko eta helmugatik bukaeran bueltatzeko.

Ibilaldia oso bide ezberdinetatik igarotzen da, onak orokorrean, pista zabalak edo tartekako baso bide harritsuetatik, eta baita Barriga eta Fresno de Losa (Burgos) arteko auzo bidetik. Baso eremu asko dago, Valdegobia inguratzen duten gainetan, batez ere. Aipamen berezia merezi du hasierako igoeran dagoen Senda Negra bideak; malda handi baten erditik igarotzen den bide eder eta estua, hain zuzen ere. Salbada mendilerroko igoeran, tentu handiz ibili beharko da.

Zeharkaldiak ez du zailtasun handirik. Hasierako 600 metroko desnibela gainditu behar da Salbada mendilerroa igarotzeko; ondoren beste bi igoera txiki daude 16. eta 26. kilometrotan, baina gainerakoan, ez dago igoera aipagarririk.

Izena emateko, Donostiako Pio Baroja kiroldegian dauden Fortunako bulegoetara jo dezakezue (Tlf.: 943214900).


KONTUAN HARTU
Izen ematea: Fortuna Kirol Elkartea. Pio Baroja kiroldegia. Tlf.: 943 214900; faxa: 943 217177.
Eguna: ekainak 3.
Luzera: 44 kilometro.
Prezioa: 21 euro, autobusa barne.
Autobusak: Irunetik eta Donostiatik aterako dira.
Ibilbidea egiteko denbora: gehienez ere, hamaika ordu eta erdi.
Laguntza medikua: DYAk antolatutako postuak La Horca mendatean (26.kilometroa), Lalastran (37. kilometroa) eta helmugan egongo dira.
Zailtasuna: 600 metroko desnibela gainditu behar da hasieran Salbada mendilerroa igarotzeko, ondoren beste bi igoera txiki 16. eta 26. kilometroan. Gainerakoan, ez dago igoera aipagarririk.


Midi d´Ossau Tourra

Pirinioetako goi mendizaletasuna mendizaletasun apalagora hurbiltzeko aukera bikaina ematen digu Vasco de Campingek Midi d´Ossau Tourrarekin. Midi d´Ossau Bearn aldeko Pirinioetako tontor ederrenetakoa da, eta ekainaren 23 eta 24an bertan izango dira. Informazio gehiago, 943271866 telefonoan.
Kirola Kalera

Gipuzkoako Aldundiaren Kirola Kalera egitasmoaren barnean, mendi irteera antolatu da ekainaren 3rako. Ulia aldeko itsaslabarreko bideetatik barrena ibiltzeko aukera dute ibiltariek. Parte hartu nahi duten guztiek goizeko 9:30ean Mirakruz gainara azaltzea besterik ez dute.

Mendia eta naturari buruzko erakusketa

Elena Icardo artistak mendia eta natura gaitzat duten 15 akuarela ikusgai ditu Vasco de Camping elkartearen egoitzan.

HRPren 6. etapa

HRPko 6. etapa antolatu du Vasco de Campingek ekainaren 3an. Larrauko mendatean hasi eta Belaguan amaituko da ibilaldia. Informazioa, 943271866 telefonoan.