Bruesa GBC


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 38 2007/10 »  Bruesa GBC

Erreportajea

Bruesa GBC elitera itzuli nahi du talde donostiarrak
ACB jomuga
Asmo berarekin abiatu diren talde asko badira ere, Bruesa GBCren heLburu bakarra elitera, ACB Ligara itzultzea da. Oso zaila izango du, ordea, Adecco Leb Oroko taldeen maila asko igo baita azken urteotan.
«Ni ez naiz faborito ez garela esaten duen ergela izango; hori badiote adituek zerbaitengatik izango da, baina ziur egon hori garela sinesten hasten bagara taldean, oso gaizki pasatuko dugula». Pablo Laso Bruesa GBCko entrenatzailearen hitzak dira horiek, eta argi erakusten dute zein den entrenatzaileren filosofia: lana, lana ondo egin, eta gero, ikusiko dugu…

Eta ondo egingo du Bruesa GBCk Laso entrenatzaileren filosofiari kasu egiten badio, izan ere ACB Ligatik jaitsi arren aurten talde donostiarra, ez da inondik inora ere berriro elitera itzultzeko hautagai bakarra izango. Datu bat: Adecco LEB Ligan diharduten zortzi taldek jokatu dute noizbait ACBn.

Lasok berak zera adierazi du: «Adecco LEB Oroko 18 taldeek dute itxaropena, urte ona eginez gero, ACBra igotzeko». Horrez gain, entrenatzaile gasteiztarrak behin baino gehiagotan azpimarratu du Adecco LEB Oro Europako bost liga indartsuenen artean dagoela. «Taldeek gero eta kalitate handiagoa dute, eta edonork edonori irabaz diezaioke», aipatu du Pablo Lasok.

Bederatzi fitxaketa

ACBko iazko plantillarekin alderatuz, Bruesa GBCk bederatzi aurpegi berri ditu; goitik behera aldatu du taldea. Urizek, Estebanek eta Amadorrek jarraitzen dute, baina hortik aurrera, denak aurpegi berriak dira, entrenatzailea barne.

Eta orain arte ikusitakoari kasu egiten badiogu, argi dago Hopkins eta Panko estatubatuarrak gizon garrantzitsuak izango direla. Andy Pankok, batez ere, gogor ekin dio denboraldi hasierari, eta badirudi bera izango dela taldeko liderra edo izarra. Deigarria eta oso baikorra ez den beste datu bat: taldean ez da jokalari donostiarrik izango. Iaz bakarra zegoen (Jon Santamaría), baina aurten, batere ez. Ez donostiarrik, ez euskal jokalaririk. Pablo Laso entrenatzaile gasteiztarra da Bruesa GBCk kantxan duen euskal ordezkari bakarra.

Illunberen indarra

Illunben jokatzen ari dira aurten ere, eta egia da bere aurpegia ez dela iazko bera. ACB ACB da, Europako lehiaketa onena beharbada, eta horregatik ez da inor asaldatu behar zezen plazako gunean iaz baino jende gutxiago dagoelako Bruesa GBCren neurketak ikusten. Logikoa, normala da hori. Hala ere, taldeak zaleen berotasuna nabaritu du orain arte, eta hemendik aurrera ere ezinbestekoa izango dute donostiarrek etxeko partidak aurrera ateratzeko orduan.

Lehiaketari dagokionez, ligan lehen postuan amaitzen duenak zuzenean ACBra igotzea erdietsiko du. 2. eta 9. postuen artean sailkatzen direnek, berriz, play-offak jokatuko dituzte ACBn lehiatzeko eskubidea ematen duen bigarren leku hori eskuratu ahal izateko. Ea Bruesa GBC postu horietako baten jabe egiteko gai den…