 |
|
 |
 |
Erreportajea
|
Urko Otegi
leónen ari den ACBko jokalari gipuzkoarra
|
|
|
«ACBn leku bat egitea da nire helburu nagusia»
|
|
Elitean, ACBn dabilen saskibaloilari gipuzkoar bakarra da Urko Otegi. Pasai Antxoko pibotak, Grupo Begar León taldean dihardu.
|
ACBn diharduzu aurten. Horretarako ondo prestatu al zara?
Bai, nire betiko ilusioa gauzatu dut; denboraldiaurrean gauzak ondo egin ditut, eta orain dudan guztia emateko garaia iritsi da.
Eskarmentu handia duzu LEB mailan, baina ez ACBn. Bertigorik bai?
Ez, duela 7 urte ACBko Forum Valladolid taldearekin entrenatu nuen, eta bizpahiru neurketa ere jokatu nituen talde horrekin ACBn; badakit oso liga zaila dela. LEB mailarekin alderatuz, ACB fisikoagoa da.
Zein da pibot postuan aurkituko duzun jokalari onena edo geldiarazteko zailena?
Jokalari on asko dago: Real Madrideko Felipe Reyes, Barcelonako Mario Kasun, Tauko Splitter… Nire postuan jokalari on asko dago, eta gogor lan egin beharko dut horiek gainditzeko edo geldiarazteko.
Leóngo taldearekin jokatzen ari zara. Zein helburu jarri duzue ?
Mailari eustea da gure helburua. Gure klubaren aurrekontua ACBko taldeen artean baxuena edo bigarren baxuena da.
Eta Urko Otegi zerekin konformatuko litzateke?
Mailari eustearekin eta minutu batzuk jokatzearekin, gustura. Entrenatzaileak nigan konfiantza du, lau urte daramatzagu elkarrekin, eta jakin badakit taldeko laugarren pibota izango naizela. Ematen dizkidan minutuak ondo aprobetxatzen saiatuko naiz.
ACBko jokalaria izan zaitezkeela ere frogatu nahiko duzu, ezta?
Bai. Bost urte eman ditut LEBen, bi igoera lortu ditut eta bazen garaia ACB probatzeko. Adin egokian nago horretarako, eta ea zorte apur batekin elitean leku bat egiteko modua dudan.
Elitean dagoen jokalari gipuzkoar bakarra zara. Ohorea ala erantzukizun handia da hori zuretzat?
Ohorea da, baina baita bitxikeria bat ere. Jokalari gipuzkoar dezente daude LEB mailan, eta ACBn ere aritu direnak. Dena den, egia da zerbait berezia sentitzen dudala gipuzkoar bakarra izategatik ACBn.
Bakarra izateak, jokalari gipuzkoarren maila eskasa dela esan nahi du?
Gipuzkoan duela bizpahiru urte proiektu on bat sortu zen, Bruesarena, baina duela zazpi urte Gipuzkoan jokalariak aurrera ateratzeko kanpora joan beharra zuten. Bazeuden jokalari onak Gipuzkoan, baina askok ez zuten arriskatu nahi, ikasketak utzi eta kanpora irtetzea. Nik, ordea, urrats hori egin nuen, eta gauzak ondo samar atera zaizkit. Gipuzkoan lehen ez zegoen bitartekorik. Bruesan aurten ez dago jokalari gipuzkoarrik, eta badirudi etxean bertako jokalariei aukera gutxi ematen zaiela.
Gipuzkoarra izanik ez litzaizuke gustatuko Bruesa GBC Donostiako taldean aritzea?
Jokalari guztiok nahiko genuke etxeko taldean aritzea, baina ez edozeren truke. Duela sei-zazpi urte, kanpora jo nuen saskibaloian jokatzera, eta tarte honetan lorpenak izan ditut. Donostiarra edo gipuzkoarra izateak ez du esan nahi gutxiago baloratu behar denik saskibaloilari hori.
|
|
NOR DA
|
Sorlekua: Pasai Antxo.
Adina: 26 urte.
Altuera: 2,04 m.
Taldea: Grupo Begar León.
Postua: pibota.
Kirol ibilbidea: Askatuak, Forum Valladolid-Palencia, Menorca, Alerta Cantabria eta B. León.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |