 |
|
 |
 |
Gaurkoa eta biharkoa
|
Julen Barrientos eta Bixen Olasagasti
|
|
|
Sablea lagun, sablearekin oldarkor
|
|
Ez dira Hiru Mosketariak bezain trebeak izango, baina Julen Barrientosek (15 urte) eta Bixen Olasagastik (45 urte) sablea dute lagun, eta sablearekin makalak ez direla erakutsi dute Fortunako bi eskrimalariok.
|
«Semea eramaten nuen Pío Barojara eskrima egitera eta, begira, niri ere eskrimaren arra barruraino sartu zitzaidan. Halaxe heldu nion kirol honi, inbidiak jota». Halaxe adierazi digu Bixen Olasgasti 45 urteko eskrimalariak.
Duela lau bat urte ekin zion eskrimari. «Igor Otaegi Fortuna taldeko maisuari galdetu nion ea nire adina oztopo izan zitekeen, baina berak argi eta garbi esan zidan ezetz, ez zela inolaz ere oztopo. Alderantziz, nire adineko jende gehiago animatuko banu, hobe!».
Julen Barrientos 15 urteko Fortunako eskrimalaria ere duela lau bat urte hasi zen honetan. «Txikitatik gustatu izan zait makilekin jolastea, ezpatak balira bezala. Eskrima beti erakargarria egin zait, baina ez nekien non egin nezakeen. Hala, egun batean kasualitatez Pío Barojatik pasa eta gazte batzuk eskrima egiten ikusi nituen. Handik pixka batera ni neu ere bertan nengoen, eskrima praktikatzen».
Kontzentrazio handia
Julenek dioenez, «kontzentrazio maila handia behar da kirol honetan, eta batzuetan hori lortzea ez da batere erraza izaten». Bixenek gaineratu duenez, «hasierako eskrimaren mekanismoak barneratzea ez da erraza, baina lehen urtean gauza asko ikasten dira, eta hasieran norberarentzat ezinezkoak ziren gauzak gero lasaitasun guztiarekin egin ditzakezu, eta horrek erabat asebetetzen zaitu».
Koordinazioa ere ezinbestekoa da. «Hori gaizki egiten baduzu -dio Julenek- aurkaria berehala gailenduko zaizu». Bixenek: «Oinarrizko teknika menperatu behar da hasieran, aurrera eta atzera nola mugitu, eskuak behar bezala mugitu…».
Asko ematen duen kirola
Biak ala biek azpimarratu dute ez zutela espero hainbeste gustatzea kirol hau. Julenek argi du: «Banekien gustatuko zitzaidala, baina ez hainbeste; uste nuena baino gehiago aurkitu dut kirol honetan. Hasi eta berehala lehiatzen hasten zara, lagunak egiten dituzu, lehiatzeko bidaiatxoak egiten dira, lagunekin gustura egoten zara…». Bixenek, aldiz: «Bizikletan aritutakoa naiz, korrika… baina 40 urterekin hasi nintzen eskriman. Neure buruari sarritan galdetzen diot zer gertatuko litzatekeen 15 urterekin ezagutu izan banu kirol hau; izan ere, urte gutxiren buruan emaitza onak lortu ditut».
Ezpata, floretea eta sablea dira eskrimako modalitateak. Azken horretan aritzen dira Julen zein Bixen. Fortuna taldean ezpata egiten dutenak badira gutxi batzuk, «baina guk nahiago dugu sablea, dinamikoagoa delako, oldarkorragoa; ezpata, berriz, motelagoa», dio Julenek. Bixenen aburuz, «sablea da modalitate zailena, arau gehien dituena, horregatik da modalitate zailena, baina praktikatzailearentzat erakargarriena, eta politagoa».
Julenek nabarmendu duenez, Donostian eskrima egiten duen gero eta jende gehiago dago. «Honetan hasi nintzenean, nire taldean hiru bat sablista besterik ez geunden, eta orain, berriz, dozena bat baino gehiago. Zenbat eta jende gehiago joan, orduan eta kalitate handiagoa egoteko aukera handiagoa izango dugu».
Bixenek, alabaina, zehaztu du Espainiako beste leku batzuetan, Katalunia eta Madrilen esate baterako, Donostian baino askoz eskrimalari gehiago daudela, eta hobeak. «Maila guztietan, gainera, eta jakina, hori kalitatean nabaritzen da».
|
|
|
|
Julen Barrientos
|
Bixen Olasagasti
|
Sorlekua: Donostia.
Adina: 15 urte.
Taldea: C.D. Fortuna.
Modalitatea: sablea.
Ikastetxea: Larramendi, DBH 4.
Palmaresa: Eskolarteko Euskadiko txapeldun 15 urtez azpitik (2007); Nagusien Euskadiko Txapelketan 3. postua (2007), Espainiako Txapelketan finalista.
|
Sorlekua: Donostia.
Adina: 45 urte.
Taldea: C.D. Fortuna.
Modalitatea: sablea.
Palmaresa: Nagusien Euskadiko Txapelketan 5. postua (2007); 40-50 urte arteko beteranoen mailan, Espainiako txapeldun.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |