Ikastetxea: Bidebieta BHI


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 39 2007/11 »  Ikastetxea: Bidebieta BHI

Ikastetxez Ikastetxe

Bidebieta BHI

Musikaren laguntzaz, mugimendu ikusgarriak egiten dira capoeiran. Sara Santos
Jangela garaian, capoeira
Capoeira ikastaroa antolatu dute aurten Bidebieta BHI ikastetxean. Irakasle brasildar batzuen aginduetara, hamabi ikaslek hartzen dute parte bertan.
Ikasturte honetan estreinakoz capoeira egiteko aukera dute Bidebieta BHI ikastetxeko ikasleek. Jangela garaian egiten dute, eta momentuz hamabi bat lagun animatu dira jarduera hau praktikatzera.

Capoeira egiten zuen antzinako maisu batek zioenez, «capoeira barre eginez borrokatzen den artea da». Dantza eta borroka nahasten ditu, eta batez ere ginga izeneko mugimendua praktikatzen dute. Capoeiraren oinarrizko mugimendua da ginga, eta horrekin batera, musikaren laguntzaz erritmoak ere asko lantzen dira.

Bidebietako capoeira ikastaroko irakasleak brasildarrak dira, izan ere handik dator jarduera hau, Brasiletik. Ikasleek aipatu dutenez, «capoeiraren helburua gorputzaren mugimenduak kontrolatzea da bereziki, eta defentsarako teknika batzuk ikastea». Horrez gain, beste kultura batzuk ezagutzeko aukera ematen dizu capoeirak.

Adin ezberdinetakoak Ikasleek ziurtatu dutenez, capoeira ikasteko benetan interesa jarri behar da, «eta horretarako oso garrantzitsua da taldearen laguntza izatea. Izan ere, capoeirako mugimenduak ikastea ez da hain erraza, eta gaizki atereaz gero hasieran, albokoak barre egin beharrean laguntza ematea ezinbestekoa da, ikasten jarraitzeko». Ikastaroan dauden ikasleak adin ezberdinetakoak dira, «Lehen Mailakoak, Bigarren Mailakoak, Hirugarrenekoak, DBHkoak, eta hori bai, neska bakarra dugu; brasildarra dena izatez, gainera».

Neska bakarra egotearen arrazoiak aztertzen hasita, ikastaroan dabiltzan mutilek ziurtatu dute lotsatiagoak direlako gertatzen dela hori. Ikaslea den Maiara izeneko neska brasildarrak, berriz, zera dio: «Jarduera hau, oro har, ez da askorik ezagutzen, eta jendeak uste du gizonezkoen kontu bat besterik ez dela. Eta kasualitatez neskaren bat animatzen bada capoeira egitera, mutilez inguratuta dago betiere, eta horrek atzera eginarazten du; hori gerta ez dadin, capoeira nesken nahiz mutilen jarduera bat dela lau haizetara zabaldu behar da».

Ikastaro hau amaitu ondoren, denek jarduera horrekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute, batzuk capoeirako talde batean sartuz eta beste zenbait capoeira erakustaldietan parte hartuz.