![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
Supergizakien kirola?
| Beste kirol batzuen aldean, triatloiak urte gutxi ditu, 1974 urtean sortu baitzen. Kaliforniako lagun-talde batean korrikalariak, igerilariak eta txirrindulariak zeuden, eta euren artean egiten zituzten entrenamendu luzeak, lehiaketa bihurtzea proposatu zuten. Gisa horretan, urte hartako irailaren 25ean Kaliforniako Mission Bay herrian antolatu zuten lehenengo triatloi ofiziala, eta 46 atletak hartu zuten parte bertan. | Lau urte geroago, triatloiaren baitako espezialitate gogorrena antolatu zen estreinakoz Hawaiin, ironman (burdinazko gizona) proba hain zuzen. Hau da, atletek 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletaz eta 42 korrika egin behar izan zituzten. Euskal Herrian, berriz, 1986 urtean egin zen lehenengo triatloia; bertan 200 atletak hartu zuten parte, eta horren atzetik beste herri batzuetan errotzen joan da pixkanaka-pixkanaka. Hala, 2000 urtean kirol olinpiko bihurtu zen Sydneyko olinpiadetan. |
|
Euskal Herrian triatloiak gero eta zale gehiago ditu, eta momentu honetan mila federatu inguru daude EAEn, erdia Gipuzkoan. Klubei dagokienez 32 daude, horietatik hiru Donostian: Atlético San Sebastián, Fortuna eta Tecnun. Beraz, triatloia bada aukeratzen duzun kirola, badaukazu nora joanik.
Baina hori egin aurretik, jakizu Gipuzkoako Eskola Kiroleko Jardueren Programaren barnean triatloia ezagutzeko aukera eskaintzen dela. Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Triatloi Federazioaren artean bultzatutako ekimen horren helburua gaztetxoek nahiz ikasleek kirol horren berri izatea da. Jon Market da horretaz arduratzen ari dena, gazte horiek triatloiera erakartzeko ahalegina egiten ari dena, alegia. |
Marketek dionez, «ikastetxeetako irakasleekin hitz egin eta ikasturte amaieran ikasle-talde batekin triatloia ezagutzeko gonbita egiten diegu». Umeak bizikletaz joaten dira irakasleekin, eta triatloiaren inguruko azalpenak ematen zaizkie: nola sortu zen kirol hau, materialari buruzko xehetasunak, triatloi modalitateen inguruko azalpenak... eta gero triatloi saio txiki bat egiten dute.
Argibide horiek entzun eta saio praktikoaren ostean, triatloiaren inguruko teknifikazio astea antolatzen da interesa duten gazteekin. «Teknifikazio aste horretan triatloiaren atal bakoitza ondo sakontzen da, lehiaketaren nondik norakoak ondo azaltzen dira...». Horrekin batera, aurtengo Udako Kanpainan – hainbat kiroletan hasteko edo hobekuntza lantzeko kanpainan– ikastaroa antolatuko dute estreinakoz, «eta horren helburua triatloi eskola sortzeko behar beste gazte erakartzea da. Ikusiko dugu lortzen dugun», adierazi digu Marketek. |
Aurtengo Udako Kanpainan triatloi ikastaroa antolatu da estreinakoz, kirolari gazteak erakartzeko asmoz
|
Gaztetxo askorentzat triatloiak duen eragozpen handiena igeri egitea da
|
|
Ekainean egiten den Donostiako triatloiaren egunean, gainera, eskola arteko triatloia egiten da: «150 metroko igeriketa saioa, 4 kilometroko bizikletaz bidegorrian barrena eta kilometro bat korrika egiten dute. Saio guztietan betiere monitore espezializatuak izaten dituzte ondoan, euren laguntza behar izanez gero ere; ondoren, gainera, nagusien triatloia jarraitzeko aukera dute».
Ikasturte amaierako ekitaldia ez da kontu berria, iragan urteetan ere egin izan da, eta guztira 400 ikasle inguruk hartu izan dute parte gutxi gorabehera. «11-12 urtekoak dira, gustura aritzen dira, baina ez dugu lortzen 13-14 urterekin triatloian jarraitzea, urte guztiko jarraipena egin behar zaionean gazteari kirol honetan». Adin honetantxe sprint motako lehen triatloiak prestatzen hasi behar du gazteak, hots, 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletaz eta 5 korrika; hala, jauzia handia da, «handiegia beharbada», dio Marketek. Dena den, Jon Marketek triatloia gaztetxoei kirol erakargarria iruditzen zaiela aitortzen du. «Oso kirol gogorra dela uste dute, triatloi handiak etortzen zaizkie burura, baina kirol hau ezagutzen dutenean eta lehen triatloitxoa egin ostean, beste edozein kirol bezalakoa dela ohartzen dira». |
Hala ere, igeriketa saioak askori atzera eragiten diela nabarmendu du. «Bizikletaz eta korrika egiten diren saioekin ez dugu arazorik izaten, baina igerian hasten direnean 50 metro egin eta gero, nekatu egiten dira asko. Hori da anitz gaztetxorentzat triatloiak duen eragozpen nagusia. Ez dira konturatzen, ordea, igeriketa teknika ikasi ondoren ez direla hainbeste nekatuko».
Marketek azpimarratu digunez, azken urteetan triatloian hasten direnen profila aldatzen ari da. «Egia da igeriketa, atletismoa edo txirrindularitzan aritutakoak direla honetan hasten diren kirolari asko, baina egun jende gazteagoa hasten da triatloian. 20-23 urtekoak dira asko, eta iraganean, berriz, 30 urtetik gorakoak ziren batez ere triatloiari heltzen ziotenak. Horretan asko aldatu da». |
Egutegia
Triatloilariek leher eginda amaitzen dute maiz.
|
Aholkuak
Ondradua izan eta zure mugak zein diren jakin. Triatloiak denbora asko kentzen du, eta duzun denbora ondo erabiltzen jakin behar duzu.
Hiru kiroletako batean eskarmentu handia izateak ez du esan nahi triatloian emaitza onak lortuko dituzunik, baina hori aldeko duzu dudarik gabe.
Igeri egiten ez badakizu edo ez bada zure jarduerarik onena, igeriketa ikastaroa egitea komeni da. Hala, teknika ondo ikasi eta entrenamenduak behar bezala egiten lagunduko dizu.
Txirrindularitzako lehen saioa egiteko, trafiko gutxiko alderdi batean ibili, eta ahal izanez gero ziklismoan aditua den batekin joan. Gisa horretan, berak esango dizu bizikleta gainean ondo zauden eta teknika egokia zein den. Ez ahaztu kaskoa erabiltzea.
Korrika egitea da errazena, etxetik hurbil egin baitezakezu; baina gogoan izan horretarako zapatila egokiak behar dituzula, erosoago joateko eta lesioak saihesteko.
|
Igeriketa Triatloiko lehen proba da eta itsasoan, zingiran edota ibaietan egiten da. Horri ekin aurretik tentsio eta urduritasun handia izaten da parte-hartzaileen artean. Kolpeak, bultzakadak eta antzekoak ohikoak dira, eta horiek guztiak saihesteko triatloilari bakoitza, bere mailaren arabera, aurreragotik edo atzeragotik irtetea komeni da. Olatuen artean igeri egiten jakitea da gakoetako bat, baina horretarako itsasoan entrenatu behar da. Igerilekuan bi aldeetatik arnasa hartzen ikastea garrantzitsua da, lehiaketa egunean eguzkiak itsutu egin baitzaitzake; eta, bestetik, arnasa hartzen ez badakizu denbora asko gal dezakezu. Aurrean duzun igerilariaren atzetik joaten bazara, denbora irabaz dezakezu, baina erne: mantsoegi badoa, ez izan zalantzarik, aurreratu! |
Triatloi saio ikusgarriena da askoren ustez, eta azken urteotan bizikletaren materialetan izandako iraultzak are ikusgarriago bihurtu du. Gehien irauten duen kirola da, eta ziklismoko saioan energia gehiegi xahutuz gero, ondoren korrika egin beharreko saioan igarri egin dezakezu; bizikleta gainean bi minutu errekupera ditzakezu, bai; baina baita ondoren korrika bost galdu ere. Saio honetan, ordea, errazagoa da indarrak errekuperatzeko zerbait jan eta edatea. Denetariko ibilbideak egin behar dira bizikletaz, eta horregatik entrenamenduak maldan gora, aldapan behera eta ordekan egitea komeni da. Bizikletaz ibiltzeko teknika ona baduzu, askoz energia gutxiago xahutzen duzu; hori dela eta, teknika hobetzeko ahalegina egin behar da.
|
Triatloiko azkeneko kirola da, eta bizikleta gaineko zatia saio erabakigarriena dela pentsa daitekeen arren –luzeena delako–, ez da hala; korrikakoa da erabakigarriena. Azken saio honetako lehenengo metro edo kilometroak trantsiziozkoak dira, triatloilariari komeni zaion erritmoa hartu arte. Norberak bere indarren arabera egiten du lasterketa, eta erritmo bera duten taldetxoak sortzea zaila da; maratoi bateko azken kilometroen antzekoa da azken saio hau. Korrika egiten den azken zati honetan ahalik eta emaitza onena lortzeko, kirolariak duen sufritzeko gaitasuna agerian geratzen da. Horrez gain, distantzia laburreko korrikaldietan esprint ona izatea abantaila handia da triatloilariarentzat.
|
|
Nazioarteko Triatloi Federazioak
onartutako espezialitateak: Triatloia
Hiru proba egiten ditu triatloilariak: igeriketa, txirrindularitza eta korrikaldia; hurrenkera horretan egiten da, eta lehiaketa amaitu arte ez da kronometroa gelditzen. Distantziak: sprint (0,75+20+5), laburra (1,5+40+10), ertaina (2,5+85+20), luzea (3,5+120+30) eta ironman proba (3,8+180+42).
Neguko triatloia
Triatloiaren antzekoa baina kirolak aldatuta. Korrika, bizikletaz eta iraupen-eskian aritzen dira. Distantziak: laburra (10+25+10) eta luzea (15+40+15).
Akuatloia
Kirolaria korrika, igerian eta berriro korrika ibiltzen da proba amaitzeko. Distantzia: 2,5+1+2,5.
Duatloia
Akuatloia bezalakoa da, baina igerian aritu beharrean bizikletaz ibili behar da. Distantziak: sprint (5+20+2,5), laburra (10+40+5) eta luzea (14+60+7).
|
Onartu gabeko beste batzuk:
Mendiko triatloia
Igeriketa, mendiko bizikleta eta korrika nahasten dira ordena horretan, eta denbora bukaera arte ez da amaitzen. Distantziak: sprint (0,750+10+4) eta laburra (1,5+20+8).
Mendiko duatloia
Korrika, mendiko bizikletaz eta korrika aritzen dira parte-hartzaileak. Distantziak: 6+20+3.
Kuadriatloia
Igerian, piraguismoan, bizikleta gainean eta korrika ibiltzea da. Distantziak: laburra (2,5+10+50+10) eta luzea (5+20+100+20).
Oharra: distantzia guztiak kilometroetan neurtzen dira. |
|
|