ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Gaurkoa eta biharkoa


Abentura espiritua


duten atletak





Auritz Oianeder 14 urteko traitloilari gazteak 5 urte zituela egin zuen bere lehen triatloitxoa. Xabier Gorrotxategik, ostera, 38 urte ditu, eskarmentu handia du kirol honetan eta besteak beste Europako nahiz Munduko Txapelketan behin baino gehiagotan parte hartutakoa da.



           

Auritz Oianeder eta Xabi Gorrotxategi Kontxako hondartzan.

Sara Santos





Nortzuk dira?





Auritz Oianeder




Adina: 14 urte.
Kluba: Atlético San Sebastián.
Ikastexea: Marianistas. DBHko 3. Maila.
Kirol ibilbidea: 5 urterekin egin zuen triatloiaren antzeko lehen proba.







Xabier Gorrotxategi




Adina: 38 urte.
Kluba: Atlético San Sebastián.
Kirol ibilbidea: 1985ean hartu zuen parte estreinakoz triatloi batean. Munduko eta Europako Txapelketan aritu izan da Espainiako selekzioarekin.







Triatloia gero eta ezagunagoa den arren, gaztetxoen artean oraindik gutxi dira kirol honi heltzen diotenak. Donostiako Atlético San Sebastián klubean, ordea, bada Auritz Oianeder izeneko 14 urteko triatloilaria. Xabier Oianeder Euskadiko Triatloi Federazioko presidentearen semea da, eta Auritzek azaldu digun bezala, «jaio nintzenetik triatloia etxean izan dut, beti egon da present». Auritzen aitak triatloiak antolatzen zituen Frantzian, eta 5 urte zituela han egin zuen Auritzek triatloiaren antzeko lehen proba. «Igerilekuan joan-etorri bat burutu, bizikletaz metro batzuk ibili eta korrika pixka bat egin».

Xabier Gorrotxategik, aldiz, urte asko daramatza triatloietan parte hartzen. 38 urte ditu eta lehenengo triatloia 1985ean korritu zuen Donostian. «Urte pare bat lehenago Frantzian hasi ziren egiten triatloiak, eta horien berri izan ondoren sartu nintzen honetan. Oso gutxi ginen orduan kirol honetan aritzen ginenak, eta kirol bat baino areago abentura gisa hartzen genuen».

Jakin-min handia hasieran

Lehen urte haietan jendeak kuriositate handia zuen kirol honen inguruan, «eta supergizakientzat zela pentsatzen zen. Ondoren normalizatzen joan da, eta beste edozein kirol bezalakoa da».
Hori bai, hasierako urteetan zaleek ez zituzten triatloiak modu berezian prestatzen, oraindik ez baitzen kirol horren inguruko plangintza zehatzik ezagutzen. Horregatik, txirrindularitzan edo igeriketan egiten zen prestakuntza berdintsua aplikatzen zen triatloian ere.


18 urte daramatza, beraz, Xabierrek kirol honetan, eta Auritzek ere onartu du horraino iristea nahiko lukeela. «Inoiz ezin da baietz esan, baina gustatuko litzaidake, bai. Dena den, hori oraindik urrun dago eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Hasteko, igeri egitea gustatu behar zait eta teknika ondo ikasi behar dut». Izan ere, ondo ikasteaz gain, ordu asko sartu behar omen dira. «Aitak txikitatik igerilekura eramaten ninduen, baina oraindik ez diot neurria hartu. Batzuetan, egia esan, asko kostatzen zait igeri egitera joatea». Xabierrek, alabaina, gogorazi dio orain duela igeri ondo egiten ikasteko garaia, eta ez etsitzeko.

Gaztetxoek kirol hau probatzea gomendatzen du Xabierrek, zinez. «Hiru kirol bateratzen dituen modalitatea denez, askatasuna ematen du. Egun batean igeri egin dezakezu, bestean bizikletaz ibili, korrika... Psikologikoki oso kirol eramangarria da, eta hasieran behintzat gozatu egin behar da: kirol honetan gustura aritu behar da. Hortik aurrera, engantxatzen bazaitu, segi!» Auritz ere Xabierrekin bat dator: «Oso kirol polita da, eta telebistan triatloia eskaintzen dutenean ez dut begirik kentzen. Oso ikusgarria da».




Xabier Gorrotxategi

« Askatasuna ematen duen kirola da triatloia; egun batean igerian, bestean bizikletaz...»
Auritz Oianeder

« Telebistan triatloiren bat eskaintzen dutenean, ez dut pantailatik begirik kentzen»




Kirol gogorra



Kirol gogorra dela onartzen dute, baina Auritzek dioenez «ez da hainbesterako. Jubenil mailan oso lehiaketa gutxi egiten dira, eta lehiatu naizen apurretan ez zait hain gogorra egin». Atletismoan iraupen probetan ibilitakoa da, baita iraupen eskian ere «eta azken honetan bai nekatzen eta sufritzen dela. Jendeak uste du oinez joatea bezala dela, baina ezta pentsatu ere; oso gogorra da». Xabierrek hauxe erantsi digu: «Jakina kirol gogorra dela triatloia, baina azken batean edozein kiroletako lehiaketa batean parte hartzerakoan barruan duzun guztia ematen saiatzen zara, eta horregatik kirolen gogortasuna neurtzea ez da erraza. Gogorra da batik bat izerdi asko bota behar delako, kirol sakrifikatua delako eta ordainetan ezer gutxi jasotzen delako gehienetan».

Jubeniletan Auritz bakarrik dago Atlético San Sebastián klubean, baina badira triatloian ibiltzen diren bere adineko beste gazte batzuk ere. «Eskolakide batzuk triatloitxoak egin izan dituzte nirekin; asko gustatu izan zaie, baina ez dira talde batean sartzen, nahiago dutelako futbolean jokatu». Urtero triatloia hobeto ezagutzeko teknifikazio aste bat antolatzen du Euskadiko Federazioak, eta han «30 bat lagun biltzen gara Gipuzkoa eta Bizkaitik».
Auritzek jubenilentzako bi triatloi bakarrik ezagutzen ditu:

Donostian eta Santanderren egiten direnak, eta ondo bidean Arrasaten ere antolatuko dute aurten. «Hori beharrezkoa da –dio Auritzek– gaztetxoak motibatzeko, ilusioa pizteko; dena den, duatloiak ere egiten dira, eta horretan ere lehiatzen naiz», adierazi digu Auritzek.

Xabierrek azpimarratu duenez, kirol honek duen gauzarik txarrenetakoa entrenamenduak behar bezala egiteko denbora ondo banatu behar dela da: «Hori askotan ez da erraza izaten, norberaren egoerak asko baldintzatzen duelako». Auritzek dioenez, «nik neure denbora ondo programatuta dut egunero, eta hori errespetatzen saiatzen naiz: korrika 45 minutu egun batean, beste batean aitarekin bizikletaz, ostiraletan igerian... Ahal dudana egiten dut».