Kontxapuzoia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 40 2007/12 »  Kontxapuzoia

Egin ezazu saioa

KONTXAPUZOIA URTEBERRIKO LEHEN BAINU SOLIDARIOA
Urteberri egunean bainatu nahi?
Tximistarri waterpolo taldeak Urteberri egunean Kontxan Urteko lehen bainua hartzeko aukera ezin hobea ESKAINTZEN DIE DONOSTIAR GUZTIEI.

Tximistarri waterpoloko kirol elkarteak aurreneko KONTXAPUZOIA antolatu du Urteberri egunerako, Bartzelonan egiten denaren antzera. Joseba Urrutia Tximistarriko kirol zuzendariak aipatu digunez, «200 metroko igeriketa saio txiki bat egingo da Kontxan, eta igeriketa saioaren amaieran, parte hartzaile guztiei baratxuri zopa eskainiko zaie».
Hori bai, Kontxapuzoian parte hartzeko, Tximistarrik ADEMGI fundazioaren alde (esklerosi anitza duten gaixoen aldeko fundazioa) egindako waterpoloko egutegia eskuratu beharko da 6 euroren truke. Egutegi horretan, taldeko jokalari gazte eta nagusien argazkiak azalduko dira.
Joseba Urrutiak azaldu duenez, ekimen honen helburuetako bat waterpoloa ezagutzera ematea da, «baina horrekin batera, ekimen honekin elkarte edo fundazio ezberdin bat lagundu nahi dugu urtero, eta aurten ADEMGI hautatu dugu; hala, esklerosi anitza duen fundazioaren berri eman nahi izan dugu».


Ohitura bihurtzeko asmoz jaio den ekimena da, hortaz, Kontxapuzoia. 18 urtetik beherakoek, gurasoen baimen berezia eraman beharko dute. Hitzordua, 2008ko lehenengo egunean, eguerdiko 12:00etan. Animatu!



Katalunian, aspaldiko ohitura

Club Natació Atletic-Barceloneta eta Centre Nacional Mataró taldeek aspalditik dute ohitura urte berriari murgil eginez ongi-etorria emateko. Hala, Barcelonetak 12 urte beteko ditu aurten hori egiten Sant Sebastiá hondartzan, eta Matarók, berriz, 22. edizioa antolatu du Mataró hondartzan. Bi kasuetan, urtea ondo, umore onean hastea dute helburu, eta ez diote hutsik egiten urtero hitzordu hotz honi.