Altzatarra pilota elkartea


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 40 2007/12 »  Altzatarra pilota elkartea

Ezagutu ezazu

ALTZATARRA PILOTA ARDATZ DUEN ELKARTEA

Paleta gomako txapelketa ezberdinak antolatzeaz gain Altzan
Pilotaka indartsuak, lehen eta orain
Altzatarra KEk urrezko ezteiak beteko ditu datorren urtean. Eskupilotak tradizio handia izan badu ere taldean, une honetan palan oinarritzen da bere jarduna.

Betidanik pilotarako zaletasun handia izan da Altzan. 1958. urtean sortu zen elkartea, eta lehenengo urte haietan gizonezkoak arratsaldean lantokitik ateratzen zirenean, orduan zegoen Altzako pilotalekura joaten ziren. Barru izeneko jokoan aritzen ziren, eta 30 bat lagun biltzen ziren pilotalekuan; tantoak egin ahala, denbora luzean zain egon behar zuten kanpoan berriro ere jokatzen hasteko.


Eskupilotak Altzatarra klubean tradizio handia izan badu ere, Jose Mª Oteiza presidente eta ordezkaria duela gutxi zendu ondoren, eskupilotako atala desagertu egin da. Ez dute baztertzen, ordea, datozen urteotan eskupilotari berriro heltzea umeei zuzendutako eskola bat sortuz. Palak, berriz, indartsu dirau. Iñigo Navarro da modalitate hau sustatzeaz arduratzen dena, eta paleta gomako emakumezkoen eskola ere sortu nahi du. Klubak antolatzen dituen txapelketa ezberdinen artean, paleta gomako San Martzialeko Txapelketa azpimarratu beharra dago.


Pilota da klub honen ardatza, baina beste kirol atal batzuk ere barneratzen ditu: hala nola, erregional mailan diharduen areto futboleko taldea edo bola jokoa. Ofizialki hamar bat lagunek jarduten dute bola jokoan frontoiari itsatsirik dagoen bola tokian.


Pilotari bikainen harrobia 1980ko hamarkadan eraiki zen pilotalekuak larruzko pilotan eta pala motzean serioago aritzeko bidea eman zuen. 36 metro luzeko frontoia eraikita, palako pilotari bikainak atera ziren klub honetatik: Monedero, Olaria, Amiano, Navarro… Azken hau profesional izatera iritsi zen. Eskupilotan, berriz, zaletasun handia piztu zen Altzako frontoian Unanue, Zezeaga, Etxaniz, Errasti edo auzoko Koka bezalako pilotari profesionalak entrenatzen ikusi eta gero. Altzako auzotik ateratako eskupilotako pilotari ezagun batzuk honako hauek izan ziren: besteak beste, Arraras, Trujillo, Karrete karismatikoa, Gastesi, Castellanos, Báez anaiak…




emakumeen eskola bat ere sortu nahi du Altzarrak elkarteak.