Zaldi lasterketa


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 41 2008/01 »  Zaldi lasterketa

Egin ezazu saioa

ZALDI-LASTERKETAK HONDARTZAN

Bi zaldi lehian Ondarretako zaldi-lasterketan.

Naturaz eta kirolaz gozatzeko
Hainbat kirol egiten dira zaldiaren gainean. Horietako bat nahiko berria da gure artean: zaldi-lasterketak hondartzan.

Euskal Herrian Gorlizko hondartzan soilik egiten ziren zaldi-lasterketak, baina Gipuzkoan ere hasi dira. Hain zuzen, Getarian, Donostian eta Deban egin izan dituzte, eta gaur egun, Getariako eta Donostiako lasterketak soilik egiten dira. Donostiakoa orain gutxi jokatu da, eta Laster jokatuko dute Getariakoa. Izan ere, urtarrilaren 20an, San Anton Zaldi Lasterketa egingo dute kostaldeko herri horretan. 11:30ean da hitzordua Malkorbe hondartzan. Bosgarren ekitaldia da aurtengoa, eta zaldi askok hartzen dute parte. Orain bi urte, esaterako, 18 parte-hartzaile aritu ziren lehian, eta iaz, 15. Zirkuitu batean jarduten dute zaldiek, proba ikusgarriago egiteko. Komenigarria izaten da hondar gogorrean ibiltzea, baina hori marearen araberakoa izaten da.


Hondartzetako zaldi-lasterketak hemen baino lehen hasi ziren antolatzen Espainian. Ezagunak dira, esate baterako, Sanlucar de Barramedakoak (Andaluzia). Aspaldikoa da lehen ekitaldia, 1845eko abuztuaren 31n jokatu zelako lehen txapelketa. Kirol horren jatorria zaldien jabeek antolatzen zituzten lasterketetan dago. Portutik inguruko herrietara arraina eramaten zuten zaldien artean jokatzen zituzten, eta hortik sortu ziren lasterketak.


Ikuskizun ederra da, eta hemen kirol berria bada ere, jende andana biltzen da lasterketak ikusten. Kirola bera ikusgarria izateaz gain, ingurua ere ederra da. Natura eta kirola elkartu egiten dira. Hondartza, zaldiak eta lehiaketa ikuskizun berean.