|
Golfean, ez dago tarte handirik irabaztetik ez irabaztera. Askotan, ñabardura txikiek erabakitzen dituzte txapelketak, eta ondorioz, ez da erraza garaipenak lortzea. Jesus Mari Arruti golflari donostiarrak ederki daki zer den hori, urte asko igaro baititu txapelketa bat irabazi gabe. «Oroitu ere ez naiz egiten noiz izan zen», aitortu du. Baina, Gabonen aurretik, ahaleginak izan zuen saria, eta APG Espainiako Txapelketa irabazi zuen Kanariar Uharteetan.
Lehia estua izan zuen Alvaro Quiros espainiarrarekin, nahiz eta azken zulora hiru kolpeko abantailarekin heldu. Lan bikaina egin zuen Quirosek zulo horretan, baina Arrutiren jarduna ere ez zen kamutsa izan. Azkenean, kolpe bateko tartearekin, donostiarra nagusitu zen.
Garaipen horrek indarra eta konfiantza emango dio aurrera begira, eta alde horretatik, bete-bete eginda hasiko du datorren denboraldia. Ez dago esan beharrik zer helburu izango duen: bola garaipenaren zuloan sartzea.
|