|
Zenbat urte daramatzazu softballean?
Hau bosgarren urtea da, eta horietatik lau Atleticon.
Nola hasi zinen jokatzen?
Maria Reina ikastetxean ekin nion. Softballa zer den azaldu ziguten, eta gustatu egin zitzaidan. Lagunak animatu ziren eta ni ere bai. Gehienbat, probatzeko asmoz hasi ginen.
Zer behar da softballean jokatzeko?
Gogoa funtsezkoa da. Gero, indarra eta teknika pixkanaka hartzen joaten zara. Gauza horiek guztiak entrenamenduen bidez lortzen dira.
Zer ezberdintasun dago softballaren eta beisbolaren artean?
Softballeko zelaia txikiagoa da, eta pilota, handiagoa. Bateak ere ezberdinak dira. Baina alderik handiena pitxerraren jaurtiketa da: beisbolean sorbaldaren gainetik botatzen da bola, eta softballean, azpitik.
Zenbat jokalarik jokatzen duzue Donostian?
Talde bakarra dago: gurea. Gipuzkoan badira beste talde batzuk: Orion, Zarautzen, Irunen eta Ordizian. Pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago gara softballean jokatzen dugunak.
Azkeneko bi txapelketak irabazi dituzue, ezta?
Bai, Donostia Hiria irabaztea handia izan da. Inoiz ez genuen irabazi txapelketa hori, eta gainera, seniorretan Atleticok irabazten duen lehen txapelketa izan da. Sekulakoa. Aurretik, jubeniletako Euskadiko Txapelketa irabazi genuen aretoko softballean Ordizian.
Zer helburu dituzue orain?
Jubenilak aretoko softballeko Ligari ekingo diote, baina nik ez dut jokatuko, seniorretara pasatu naizelako. Guk Espainiako Ohorezko Maila jokatuko dugu martxotik ekaina artean. Ez gara ondo moldatzen Liga horretan, mailarik gorena izanik, oso talde onak daudelako. Ahalik eta partida gehienak irabazten saiatuko gara.
Zuk zeuk zer helburu dituzu softballean?
Jokatzen segi eta ondo pasa. |