Euskadiko Sei Orduak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 42 2008/02 »  Euskadiko Sei Orduak

Erreportajea

Urs Freuler txirrindulari ohia


1998a agurreko urtea izan zen Freulerrentzat. Hainbeste maite duten ikusleak agurtu zituen.

Denen kuttuna

Txirrindulari askok hartu du parte sei orduetan baina ikusleen bihotzean leku berezia dauka Urs Freulerrek. Lau aldiz irabazi zuen ikusleen idoloak.

Pistan maisua zen, eta pistatik kanpo jatorra, denen laguna. Guztiei egiten zien irribarre, eta ikusleek maite zuten. Pista barruan serioagoa zen, eta oso lehiakorra. Oso ona. Sei Orduen historian aparteko lekua dauka Urs Freulerrek.


Askotan hartu zuen parte belodromo proban, eta lautan irabazi: 1986an Zoetemelk handia lagun zuela; hurrengo urtean Gisger bikotekide zuela; 1988an, belodromoak dar-dar egin zuen Cabestanyrekin irabazi zuenean; azkeneko garaipena 1994an erdietsi zuen Clarken laguntzarekin. Irabazten ez zuenean, berriz, podiumean edo lehen postuetatik oso gertu ibiltzen zen.


Aparteko dohainak zituen pistarako. Azkarra zen, jakina, baina urteen poderioz, zakur zaharra bilakatu zen, eta belodromoetako martingala guztiak menderatzen zituen. Haren palmaresa ikusi besterik ez dago. Pistako Munduko txapeldun askotan izan zen, ia espezialitate guztietan. Baina pistarekin lotzen badugu ere, errepidean ere maila onean ibili zen. Sprinterra zen, eta Tourrean eta Giroan garaipenak lortu zituen. Italiako lasterketan nabarmendu zen batez ere, 15 etapa irabazi baitzituen.


Hala ere, Euskal Herriko txirrindularitza zaleek Sei Orduekin lotzen dute suitzarra. Sekulakoak eta bi egin zituen, eta zaleen kuttuna zen. Ikusle gehienek nahi izaten zuten Freulerrek irabaztea, eta hark ederki asetzen zituen nahi horiek. Pistaren barruan, garaipenekin, eta pistatik kanpo, jatortasunarekin. Sei Orduak entzun orduko, ez da harritzekoa Urs Freulerren izena etortzea gogora. Bera baitzen izarra. Denen kuttuna.

 

 

Freuler Zoetemelk eramaten 1990ean.Bi txirrindulari handi belodromoan. Ruiz Cabestany eta Freuler 1990ean. Laugarren izan ziren urte hartan.

 

Izarren eraztuna


Risi eta Marvulli 2007. edizioko irabazleak.

Pistako txirrindulari onenek hartu izan dute parte Euskadiko 6 Orduetan. Palmaresa ikusi besterik ez dago.

Txirrindularitzan, pistako probek baino jarraipen handiagoa daukate errepideko lasterketek. Baina horrek ez du esan nahi pistan aritzen diren txirrindulariak errepidekoak baino eskasagoak direnik. Bi espezialitate dira, eta bietan daude txirrindulari bikainak. Batzuk, gainera, bietan moldatu dira ondo. Pistako onenak izan dira belodromoan, eta izarren eraztuna bilakatu dute.


Palmaresa aztertzen hasita, gizon bat nabarmentzen da: Urs Freuler. Jaun eta jabe izan zen hainbat urtez. Errepidean ere maila bikaina eman zuten historikoak ere ageri dira; besteak beste, Jan Raas, Gerrie Kneteman, Joop Zoetemelk, Francesco Moser, Andreas Kappes eta Pello Ruiz Cabestany. Pistan ere maila onean aritzeko abilezia zuten, eta Sei Orduetako ikusleek bertatik bertara ikusi ahal izan zuten hori.


Ezin ahaztu baina pistako espezialista bikainak. Pista etxeko ataria bezain ondo ezagutzen duten txirrindulariez beteta dago palmaresa. Urtea joan eta urtea etorri, antolatzaileek beti ekarri izan dituzte pistako onenak. Makina bat izen dira horren adibide; besteak beste, Freuler bera, Clark, Doyle, Risi, Betschart, eta Marvulli.


Denen artean bilakatu dute belodromoa izarren eraztun. Bueltaka-bueltaka, ikusleak gozarazi dituzte. Aurten ere izango da gozamena. Pista ikuskizuna baita.Batzuek ala besteek irabazi, Euskadiko 6 Orduetako palmaresari bi izen handik emango diote jarraipena.

 

Palmaresa
- 1979: Svedsen-Bausager
- 1980: Svedsen-Bausager
- 1981: Dejonckheere-Hamond
- 1982: Lekuona-Ruiz Cabestany
- 1983: Svedsen-Bausager
- 1984: Raas-Knetemann
- 1985: Svedsen-Bausager
- 1986: Freuler-Zoetemelk
- 1987: Freuler-Gisger
- 1988: Freuler-Ruiz Cabestany
- 1989: Clark-Doyle
- 1990: Holenweger-Tourne
- 1991: De Wilde-Veggerby
- 1992: Clark-Günther
- 1993: Stutz-Betschart
- 1994: Svedsen-Bausager
- 1995: Lekuona-Ruiz Cabestany
- 1996: Martinello-Villa
- 1997: Kappes-Wolf
- 1998: Llaneras-Alzamora
- 1999: Risi-Betschart
- 2000: Galvez-Llaneras
- 2001: Risi-Betschart
- 2002: Mc Grory-Gilmore
- 2003: Martinello-Villa
- 2004: Marvulli-Villa
- 2007: Risi-Marvulli