Bossaball


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 42 2008/02 »  Bossaball

Egin ezazu saioa

Bossaball
Ronaldinhoren eta Cirque du Soleil-en artean
Hainbat kirol uztartzen ditu, eta oso ikusgarria da. Hori gutxi balitz, musikak eta dantzak ere lekua daukate bossaballean.

Gibraltar eta Antwerp artean sortu zen. Hondartzako boleibolaren antza handia dauka, baina osagarri gehiago ditu. Horregatik da zaila definitzea. www. bossaball webgunean, definizio bitxia ematen dute: «Ronaldinhoren eta Cirque du Soleilen arteko hutsunea betetzera dator». Horra, kirol horren osagarrietako batzuk: futbola, dantza eta jauziak.


Puzten diren koltxoiak daude oinarrian. Haien barruan bi ohe elastiko jartzen dira, eta bien erdian, goialdean, sarea. Jokalariak ohean kokatzen dira, eta baloia sarearen beste aldera pasatu behar da. Horretarako, gorputzeko hainbat atal erabil ditzakete: hankak, eskuak, burua...


Talde bakoitzean hiru, lau edo bost jokalari aritu daitezke. Ohe elastikoen gainean daudenez, sekulako jauziak emateko aukera daukate, baita itzulipurdiak ere. Hor dauka antzekotasuna kapoeirarekin.


Puntuak honela banatzen dira: aurkariaren ohe elastikoaren barruan botea ematen badu, hiru puntu, eta ohe elastikotik kanpoko eremuan botatzen badu (koltxoian), puntu bat. Ohe elastikoen eta koltxoien arteko lekuan ematen badu botea, jokoak jarraitu egiten du, eta ez da punturik banatzen.


Oso kirol ikusgarria da, eta are ikusgarriago egiteko, sanba ere gehitu diote. Epaileak arduratzen dira horretaz. Bai, epaileak. Txistua jotzeaz gain, giroa jartzeko ardura daukate. Horretarako, mikrofonoa eta perkusio instrumentuak erabiltzen dituzte.


Ikusiko al dugu aurtengo udan bossaballik Donostiako hondartzaren batean?