|
Eskola-kirola ez dela ondo lantzen esaten dute batzuek. Entrenatzaileen maila txarra erabiltzen dute, besteak beste, iritzi hori azaltzeko. Zenbait kasutan hala izango da, baina badira eskola-kirola behar bezala lantzen duten ikastetxeak. Maria Reina Eskola da horietako bat, eta klubekin dituzten hitzarmenen bidez, entrenatzaile egokiak aritzen dira haurrekin.
Josu Otzeta da koordinatzailea, eta berak azaldu digu zer helburu dituzten: «Haurrek kirolean parte hartzea nahi dugu. Guretzat, lehiaketa ez da oinarrizkoa. Eskola-kirola ere lehiaketa bada ere, ez da garrantzitzuena. Haurrek jolastea eta ondo pasatzea nahi dugu». Horretaz guztiaz gain, beste helburu bat ere aipatu du: «Kirola egiteko ohitura hartzea ere garrantzitsua da. Dinamika hori bereganatzea onurgarria delako haurrentzat».
Sei begirale. Kirolaren balio horiek guztiak haurren artean sustatzeko ardura begiraleek edo entrenatzaileek dute. Eskola bera jakitun da zer-nolako garrantzia daukan pertsona egokiak aukeratzeak, eta entrenatzaile tituludunak erabiltzen dituzte. «18-20 urte artekoak dira oro har, eta klubetatik datoz», azaldu du Otzetak. Horretarako, klubekin hitzarmenak eginda dauzkate, eta bi aldeentzat da onuragarria adostasuna: «Guk entrenamenduen kalitatea bermatzen dugu, eta klubek, ordainetan, aukera daukate gure eskolako haurrak beren taldeetara eramateko», esan du koordinatzaileak. Futbolean eta saskibaloian Kostkas taldearekin dute lotura, eta gimnasia erritmikoa, Izar Lekurekin.
Futbolak oso harrera ona dauka ikasleengan, baina gimnasia erritmikoak ere bai. Ez da ohiko kontua, eta Otzetak azaldu digu zergatia: «Izar Leku klubeko begiraleak urte asko daramatza gurekin, eta oso ondo konpontzen da haurrekin. Poz-pozik ibiltzen dira. Bera da gimnasia erritmikoaren arrakastaren sekretua». Ikasle horien artean, maila oneko batzuk badaudela dio Otzetak.
Sei begirale dituzte: lau futbolean eta saskibaloian, eta bana gimnasian eta judoan. Astean bi orduz aritzen dira begiraleak. Talde bakoitzarekin ordubeteko saioa egiten dute, eta Otzetak azaldu duenez, «eskola-kirolean lantzen ari diren kirolean aritzen dira: saskibaloiaren garaia bada, saskibaloian; futbola tokatzen bada, futbolean; eta besteekin berdin».
Eskolak laguntza handia ematen die kirol-jarduera guztietan. Otzetak dioenez, «eskaintza ahalik eta gehien zabaltzeko eskatzen digu», eta ildo horretan, patinetako hockeya sartu nahi dute eskolan: «Ibai Ondo klubarekin harremanetan gaude, kirol hori gure artean sustatzeko asmoz».
Ikasle gehienek egiten dute eskola-kirola. Kirola egitearen garrantzia oso ondo helarazten zaie haurrei. Harrera ona dauka ikasleen artean. Otzetak azaldu duenez, «ikasle gehienek egiten dute eskola-kirola». Ez da derrigorrezkoa dio, hala ere. Ikasturtearen hasieran, eskaintzaren berri ematen zaie, eta taldea osatzen bada, aurrera. Entrenatzailea aurkitzea izaten da hurrengo lana. Geroko urratsak ezagunak dira: entrenamenduak eta partidak. Baina kirolaren alderdi lehiakorrari baino parte hartzeari garrantzia handiagoa emanda.

|