Tati Garmendia eskubaloilaria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 43 2008/03 »  Tati Garmendia eskubaloilaria

Erreportajea

Elkarrizketa


Tati Garmendia Eskubaloilaria

«Kirolean eta bizitzan heldutasuna lortu dut eskubaloiari esker»

Superkopa irabazi du jokalari donostiarrak etxeko taldearekin. Iaz, Kopa lortu zuen. Ibilbide luze bezain oparoa egiten ari da eskubaloian Tati Garmendia.

– Superkopa etxean irabazi duzue. Berezia izango zen, ezta?

Bai, oso berezia, titulu bat irabazteaz gain, etxean bertan lortu genuelako,  egunero ikusten eta animatzen gaituzten zaleen aurrean.

– Alde horretatik, iazko Erreginaren Kopak baino garrantzia gehiago al du?

Beno, hura garrantzitsuagoa zen, baina Superkopa irabaztea ere handia da, Ligako txapeldunaren aurka zelako, eta azkenean, titulu bat delako.

– Etxean jokatu izanak presioa eragin al zizuen?

Ez. Oso ondo etorri zitzaigun, eta irabaztearen oinarrietako bat horixe izan zen, hain zuzen, etxean jokatzea.

– Denboraldia badoa aurrera. Zer balorazioa egiten duzu orain artekoaz?

Gaizki samar hasi ginen, fitxaketa berriak taldera egokitzeko denbora behar zelako. Baina, orain ondo ari gara Ligan eta Errekopan, eta Superkopa irabazi dugu.

– Finala bukatu berritan, zuen entrenatzaileak, Reyes Karrerek hau esan zuen: “Aurreko urteetan egindako lanaren fruitua da hau guztia”. Ados al zaude?

Bai, zalantzarik gabe. Iaz Kopa irabaztea ez zen iazko lana soilik, eta aurten Superkopa irabaztea ere ez da aurtengo lana bakarrik. Urte askotako lanaren ondorio da guztia.

– Pazientzia ezinbestekoa izango da luzera begira lan egiteko, ezta?

Jakina, eta batez ere, gu bezalako talde batentzat. Duela bi urte oso larri geunden ekonomikoki, ia jokalari guztiak etxekoak gara, eta taldeko lanean oinarritzen gara. Ez daukagu partida berak bakarrik irabaz dezakeen jokalaririk. Denok daukagu denon beharra. Kalitatea izateaz gain, funtsezkoa da hori. Ematen du ahalegina handiagoa dela, baina luzera begira hobea da. Taldean oso ondo konpontzen gara gure artean, eta hori ere garrantzitsua da.

– Urteetako lanak fruitu gehiago emango al ditu?

Nik uste dut eman ditzakeela, beti ere, horrela jarraitzen badugu lanean. Baina titulu bat irabaztea oso da zaila.

– Zer fruitu izango da hurrengoa?

Gauden bezala egonda Ligan, Kopan eta Errekopan, edozeinetan lor dezakegu fruitu hori. Oso zaila da, baina hor gauden bitartean, aukerak dauzkagu.

– Espainiako Liga asko berdindu al da azken urteetan?

Bai. Duela urte batzuk valentziarrak oso goitik zeuden, baina orain ez. Oraindik ere tartea badago, baina besteak indartzen joan gara.

– Zer helburu lortu nahiko zenuke denboraldia bukatu bitartean?

Liga zaila dago. Nik uste dut aurreneko helburua aurrena datorkiguna dela; hau da, Errekopako kanporaketa daniarren aurka.

– Oraina eta etorkizuna utzi, eta goazen iraganean murgiltzera. Noiz hasi zinen eskubaloian jokatzen?

Hamar urte nituenean. Bidebietako Ikastetxe Publikoan eskubaloia besterik ez zegoen, eta lagunekin batera eman genuen izena.

– Ibilbide luzea egiten ari zara eskubaloian. Zerekin geldituko zara?

Gauza askorekin. Talde handiei irabazteaz gain eta tituluak lortzeaz gain, eguneroko diziplina, taldeko lana. Kirolean eta bizitzan, heldutasuna lortu dut eskubaloiari esker.

– Hasierako Tati Garmendia eta oraingoa bera al dira?

Ez. Asko aldatu naiz, bai pentsatzeko moduari dagokionez, bai heldutasunean ere. Azkenean, zure lanbidea da, eta taldean aritzen zara.

– Zer da eskubaloia zuretzat?

Lanbideaz gain, poztasun asko eta tristura gutxi eman dizkidan kirola, lesioek errespetatu egin nautelako. Poz asko: partida garrantzitsuak eta tituluak irabaztea, selekziora joateko helburua, Mundialak jokatzea...

– Olinpiar Jokoetan aritu ez izana arantzatxoa al da zuretzat?

Bai, agian bai. Orain daukagu preolinpikoa. Kuba, Alemania, Suedia eta gu lehiatuko gara Alemanian, eta bi sailkatuko dira Pekinera. Gero, sartzen bagara, entrenatzaileak ni  eraman nahi izatea ere kontuan hartu beharko da.

– Iaz, entrenatzaile eta jokalari izan zinen Akaba Bera-Beran. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Positiboa, titulu bat irabazi zelako eta Europan jokatzeko postua lortu genuelako. Kirolean, hortaz, esperientzia ona. Baina pertsonalki oso gogorra izan zen. Sekulako ardura neukan, inoiz ez nuen entrenatu, eta Europarako sailkatu beharra zegoen diru laguntzak jasotzen jarraitzeko. Partida bakoitza nola irabazi behar den asmatzea eta jokalari guztiei onena ateratzea oso-oso zaila da.

– Zure taldekide izan zirenak entrenatzeak zaildu egin al zuen egoera?

Bai. Errazagoa izango zen talde berri batean entrenatzea, baina elkar ezagutzen genuen, eta zaila izan zen.

– Izango al zinateke berriz entrenatzaile?

Hemen ez, eta kanpoan ere ez, epe motzean eta ertainean, behintzat.


– Hala ere, etorkizunean eskubaloian ikusten al duzu zeure burua?

Bai. Urte askoan nabil, eta gogorra izan behar du bizimoduz erabat aldatzea. Era batera edo bestera eskubaloian ikusten dut neure burua.

– Zenbat urtean jarraituko duzu jokatzen?

Ez dakit, baina asko ez dira izango. Gorputzez ondo nago, baina buruz ez horrenbeste. Denboraldi-aurreak dira gogorrenak. Beste urtebetez, behintzat, jarraituko dut.

– Zer egoeratan dago Donostiako eta Gipuzkoako emakumezkoen eskubaloia?

Askorik ez dakit, baina uste dut harrobiari ez zaiola kasu handirik egiten. Gurera ez dira herrietako gazteak etortzen entrenatzera. Ikustera ere ez dakit. Nik gogoan dut, gu umeak ginela, Ohorezko Mailako taldea ikustera joaten ginela, eta asko motibatzen gintuen horrek. Orain ez dago horrelakorik.  Ez dago loturarik gure klubaren eta harrobiaren artean, eta uste dut, probintziako entrenatzaileen errua dela.

– Hortaz, etorkizuna iluna al da?

Askoz lan gehiago egin behar da harrobian. Baztertuta dauzkagu. Klubean lanean ari gara, baina ez dago hainbeste jende. Donostian probintzian baino zailagoa, maila goreneko kirol asko daudelako.

– Akaba Bera-Bera ere larri ibili zen duela pare bat urte, diruz eskas zegoelako. Orain, egonkortu al da proiektua?

Bai. Oraindik ere emaitzen mende gaude diru laguntzak jasotzeko, baina eskailera maila bat igo dugu. Hobeto gaude.

– Zergatik da hain zaila zuentzat hedabideetan lekua egitea?

Emakumeak garelako. Argi eta garbi. Ez dugulako saltzen edo hedabideek ez gaituztelako promozionatzen, oso gutxi azaltzen gara. Eta jendeak jarraitzen gaitu. Kopako finalak, esaterako, audientzia handia izan zuen telebistan. Askotan, tituluren bat irabazi behar duzu kasu egiteko. Gero, hiri batean, zailagoa da, eliteko talde asko gaudelako.