|
Kirola gustuko duenak azkar batean lotzen ditu La Salle izena eta kirola. Ez baitaude alferrik ederki uztartuta. «Tradizio handia dago, luzea», azaldu du Jose Manuel Crespo zuzendariak. Tradizio horren baitan dago Javier Urrutikoetxea zena, Urruti, Realeko eta Bartzelonako atezaina. La Salle San Luis ikastetxean ikasi zuen, eta bertan ekin zion hain oparoa izan zuen kirol ibilbideari. Aspaldi samarreko kontuak dira, baina kirolak eta La Sallek elkarri lotuta jarraitzen dute gaur egun ere. Zein da baina sekretua? «Antolaketa sendoa behar da, eta jakina, emaitza onak», dio Crespok.

Eskola barruko eta eskolaz kanpoko kirola lantzen dituzte. Aurrenekoa, eskola kirolaren baitan, eta bigarrengoa, klub federatuekin dituzten hitzarmenen barruan. Crespok dioenez, «eskola kirola haur guztiek lantzen dute, eta federatuan ere gehienak aritzen dira». Eskola eta federatua lotzeko katea hitzarmenak dira: «Futbolean, Trintxerperekin daukagu akordioa; saskibaloian, Easorekin; igeriketan, Fortunarekin; eta pilotan, Herrerako taldearekin», azaldu du Crespok. Kirol horietaz gain, eta eskola kirolaren baitan, eskubaloia ere jorratzen dute.
Familientzat ere badago eskaintza: mendi taldea. Denentzat dago zabalduta, bai haurrentzat, bai gurasoentzat.
Kirol federatuan aritzen direnek eskolatik kanpo egiten dituzte entrenamenduak, baina txikienak eskola barruan aritzen dira; esaterako, gimnasia erritmikoa lantzen dutenak.
Bi helburu nagusi. Kirolari bi ikuspegitik begiratzen zaio La Salle San Luis ikastetxean: hezkuntza oinarri dela, eta kirola bere horretan hartuta. Hau da, kirolaren bidez irakats daitezkeen balioen aldetik, batetik, eta lehiakortasunaren alderditik, bestetik.

«Lehiakorrarena zehaztea komeni» dela dio Crespok: «Kirolean jarraitzeko aukera eman nahi zaie ikasleei hemendik atera eta gero ere, eta hor lehiakortasunaren munduan murgiltzen gara, hori ere landu nahi dugulako». Baloreei dagokienez, haiek lantzeko kirol ekitaldiak antolatzen dituzte urtero: «Gabonetan, jaialdia egiten dugu Altzako kiroldegian, eta maiatzean, eskolako jaiak direnez, 600-700 kirolari biltzen ditugu».
Baina ikasleek nola begiratzen diote kirolari? «Erakargarritasunez», erantzun du zuzendariak: «Asko gustatzen zaie haurrei kirola egitea».
Saskibaloiaren indarra. Bi kirol dira, batez ere, haurrek gehien lantzen dituztenak:
futbola eta saskibaloia. Azken urteetan aldaketa izan da bi kirolak aukeratzeko joeran, eta orain saskibaloia gehiago lantzen da. «Indartsu ari gara arl horretan», dio Crespok, eta azken urteetan emaitza onak lortu dituzte; esaterako, duela bi urte Euskadiko Txapelketa irabazi zuen La Salle San Luisek. «Garrantzia handia hartzen ari da azkenaldian saskibaloia, eta gure ikastetxea ez da salbuespena», esan du.

|