Gipuzkoa-Moyua Txirrindularitza


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 43 2008/03 »  Gipuzkoa-Moyua Txirrindularitza

Ezagutu ezazu

Gipuzkoa-Moyua Txirrindularitzako Gipuzkoako Selekzioa

Gipuzkoa Moyua taldea Luxenburgoko General Patton proban.
Txirrindularien haztegia
Gipuzkoa-Moyua Gipuzkoako selekzioa da, eta txirrindulari jubenil eta afizionatuekin pistako eta errepideko lasterketetan aritzen da.

Kirolean, profesionalen lana nabarmentzen da, eta maila horretara iristeko egin behar den ahalegina ez da hainbeste erakusten. Horrek, ordea, ez du esan nahi beheko mailetan lanik ez denik egiten. Sekulakoa da jende askok egiten duen ahalegina. Lan horren baitan dago Gipuzkoa-Moyua, Gipuzkoako txirrindulari jubenilen eta afizionatuen selekzioa.


Duela hamaika urte erein zuten hazia. Jon Lasak, taldeko zuzendari teknikoetako batek azaldu digu nola izan zen: «1997an, Munduko Txapelketa jokatu zen Donostian, eta gipuzkoar bat Mundialetan sartzeko asmoz hasi ginen lanean». Baita lortu ere, Andoni Aranagak jubeniletako lasterketan parte hartu zuelako: «Mikel Astarloza edo Aranaga hautatu behar zuen selekzionatzaileak, eta Aranaga hartu zuen».


Lan hark jarraipena izan zuen, baina egitasmoa ez zen 2004ra arte sendotu, orduan sortu baitzen Gipuzkoa-Moyua taldea. Harrezkero, hamaika lasterketetan aritu izan dira gipuzkoar txirrindulariak, jubenilak eta afizionatuak. Hamaika teknifikazio saio eta entrenamendu egin dituzte, helburua heziketa formazioa baita.


Pistan eta errepidean. Lasak azaldu duenez, helburu nagusia «txirrindulariak heztea da, baina arlo guztietan». Izan ere, zuzendari teknikoaren ustez, «hemengo txirrindulariak ezaugarri jakin batekoak dira, igotzaileak eta itzulietan ondo moldatzen direnak, baina badira beste hainbat arlo ere. Erlojuaren aurka ondo ibiltzeko lan egin behar da behe-behetik, baita harbideetan aritzeko eta haizearen aurka korritzeko ere», eta denak lantzen dituzte; batez ere, jubenilekin, «oinarrizko lana haiekin egin behar delako».


Urte osoan aritzen dira jo eta su, pistan eta errepidean. Azkenean, urtean zehar, hamabost-hogei jubenil eta hogei-hogeita bost afizionatu aritzen dira selekzioarekin. Euskal Herriko eta atzerriko lasterketetan hartzen dute parte, eta proba batzuk oso garrantzitsuak dira: «Profesionalekin ere aritzen gara pare bat lasterketetan», adierazi du Lasak.


Gazteak badaude. Azkenaldian, txirrindularitza krisi sakonean dago hainbat arazo tarteko, baina harrobiko gazteen kopuruak ez du behera egin: «Duela pare bat urte pixka bat jaitsi zen, baina orain gorantz egiten ari da». Gipuzkoan 100 bat lizentzia daude jubeniletan, eta «atzerrian harritu egiten dira, hain leku txikia izanda kopuru handia delako».


Gazteak dauden bitartean, lana izango du Gipuzkoa-Moyuak, txirrindularien haztegiak.