Ainhoa Montes Pilotaria


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 43 2008/03 »  Ainhoa Montes Pilotaria

Protagonista


Ainhoa Montes Pilotaria

Ainhoa Montes eta Maritxu Housset, gorriz, partida baten atarian
«Oso maila ona dago emakumezkoen pilotan»
DV Txapelketa jokatzen ari da, beste hamabost pilotarirekin batera. Horretaz eta emakumezkoen pilotaz aritu gara.

– Zer moduz doa DV Txapelketa?
– Oso ondo doa. Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko pilotari onenak ari gara, eta bikoteak oso orekatuak jarri dituzte. Jende asko joaten da ikustera, eta oso pozik gaude. DV jarraipena egiten ari da, eta bazen garaia.


– Oker ez banago, bikote indartsuenetakoa da zuena.
– Finalerdietara heldu gara, behintzat, Maritxu Housset eta biok. Lehen txapelketa du berak trinketetik kanpo, eta txapelketako ezustea izaten ari da. Oso ondo moldatu da aurrelari bezala. Ligaxkako hiru partidak irabazi ditugu, eta multzoko lehen postuan sailkatu gara finalerdietarako.


– Bikote ona izango du, baina, Hussetek.
– (Barreak). Bera oso ona denez, ni ere hobetzen ari naiz.


– Zer egoeratan dago emakumezkoen pilota?
– Oso maila ona dago, baina ia inon ere azaltzen ez garenez, jendeak ez daki horren berri. Orain, txapelketa hau dela-eta, hedabideetan azaltzen ari gara, eta ea pilotari gazteenak ere animatzen diren.


– Noiz hasi zinen pilotan jokatzen?
– Duela hamar bat urte hasi nintzen. Lehen atletismoa egiten nuen, hura utzi eta pilotan hasi nintzen. Hasieran, frontenisean aritzen nintzen, baina jakin nuen paletaz jokatzen zuen neska talde bat zegoela. Federaziora deitu, haiekin harremanetan jarri eta paletaz hasi nintzen.


– Aldaketa handia egongo da espezialitate batetik bestera, ezta?
– Bai. Arraroa egin zitzaidan hasieran; batez ere, pilotagatik. Izan ere, paletaz gomazko pilotarekin jokatzen dugu. Baina ondo moldatu naiz.


– Emakume asko al zaudete klubean?
– Lizentziarekin bost gaude. Ia denak beteranoak gara, gazte gutxi daudelako gurekin. Hernanin, esaterako, gazte asko ari dira.


– Eta gainerako herrietan?
– Gazteak badaude, bai, eta oso maila onekoak, gainera.


– DV Txapelketa bukatu eta gero, zer helburu dauzkazu?
– Gero, trinketeko denboraldia hasiko dugu, eta hor ere Gipuzkoako Txapelketa eta Emakume Pilotari Txapelketa jokatuko ditugu. Urtebete duen ekimena da azken hori, eta onenek jokatzen dute. Oso ondo dago, larunbat batez jokatzen delako txapelketa guztia, eta denok elkarrekin egoteko aukera daukagulako.

 

NOR DA?

Ainhoa Montes eta Maritxu Housset, gorriz, partida baten atarian

Sorlekua: Donostia

Adina: 32 urte

Palmaresa:az, Euskal Ligako azpi-txapeldun frontoian. Duela urte batzuk, Gipuzkoako hainbat txapelketa
irabazi zituen.